Legazpiko Udal Gobernuak 2025erako aurrekontu-proposamena aurkeztu du. Guztira, 14.336.905 euroko proposamena da, udalerriko historiako handiena.Aurrekontu-proiektu horrek politika errealistak, zehatzak, onargarriak eta jasangarriak jasotzen ditu.Horrela, Udalak herritar guztien ongizatearekin duen konpromisoa berresten du, bizi-kalitatea hobetzeko, bizikidetza sustatzeko eta udalerriko ingurune naturala eta kulturala babesteko proiektuak bultzatuz. Aurrekontuaren helburua da Legazpik dituen erronkei erantzutea.
Gainera, Udalak dirulaguntza bat eskatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari Ezkurrenea berritzeko proiekturako. Horri esker, are gehiago handituko da udalerriko inbertsio-ahalmena.
Aurrekontuak asmo handiko inbertsio-plan bat aurreikusten du, eta legazpiarren bizi-kalitatea hobetzeko proiektu estrategikoetara bideratuko da:
- Paper-fabrika zaharraren lursaila erosiko da: 830.000 euroko mailegua eskatuko da lursail hori erosteko, bertan etxebizitzak eraikitzeko xedearekin. Horrela, herritarren etxebizitza-premiei erantzungo zaio, eta, era berean, eremu degradatu bat lehengoratzea ahalbidetuko da.
- Hobekuntzak egingo dira Aizkorri kaleko hegoaldean: irisgarritasuna, segurtasuna eta funtzionaltasuna sustatuko dituen obra izango da.
- Urtatza-Urtegialden aparkaleku bat eraikiko da: proiektu horrek eremu horretan dagoen aparkaleku-eskariari erantzun nahi dio eta hiri-mugikortasuna hobetzea bilatzen du.
- Ezkurrenea berrituko da: ikuspegi berritzaile batekin, eraikin enblematiko hau belaunaldien arteko proiektu bat hartzeko egokituko da, belaunaldien arteko bizikidetza eta elkarrekiko laguntza sustatuz.
- Hobekuntzak egingo dira Gizarte-zentroan: teilatua berrituko da, eguzki-plakak jarri eta beharren azterketa egingo da.
- Proiektu berriak idatziko dira Gizarte Zerbitzuen arloan: zaintzaren ekosistema eta migratzaileen integrazioa.
- Latxartegi parkearen eremua osorik eraberritzeko proiektua idatziko da, espazio publiko hori berritzeko eta modernizatzeko.
- Latxartegi Aretoko soinu-ekipoa ordeztuko da, espazio horretan kalitatezko ikus-entzunezko esperientzia bermatuz.
- Kultura hedatzeko erabateko apustu irmoa egingo da, kultura-programazio zabal eta egonkorraren bidez, herriko erakundeak beren jardueretan eta garapenean lagunduz.
- Gazte legazpiarrak emantzipatzen lagunduko duten ekintzak aztertzeko azterlana egingo da.
- Herriko nerabeentzako eta musika-taldeentzako (Subeltza) lokalak eta espazioak hobetuko dira, bi lokal handituta.
- Nerabeentzako zerbitzu publikoa indartuko da.
- Klima eta Energia Plana hedatuko da: Energia berriztagarriak zabalduko dira Tokiko Energia Komunitatearen bidez; eraikin publikoen monitorizazio energetikoa egingo da, auzo-konpostajerako zerbitzua ezarriko da eta inbertsioak egingo dira mugikortasun elektrikoan eta Kultur Etxeko argiteriaren eta berogailuaren energia-eraginkortasunean.
- Amiantoaren inbentarioa egiten jarraituko da
- Hobekuntzak egingo dira Arrobi mendian eta baso-pistetan
- Olaberri burdinola zaharra: burdinola kontserbatzeko proiektua egingo da.
- San Martin auzoko txabolak eraitsiko dira eremu hura eraberritzeko.
- Hainbat asfaltatze-lan egingo dira udalerriko zorua hobetzeko.
- Hobekuntzak egingo dira hezkuntza arloan: azpimarratzekoa da hezkuntza-komunitatearekin eta hezkuntza ez-formaleko eragileekin egiten ari den talde-lana.
- Euskara sustatzeko aukerak aztertuko dira: parte hartzeko prozesu bat jarriko dugu martxan, herrian dauden ahuleziak eta indarguneak antzemateko eta euskara sustatzeko.Euskaraldia aukera ona izango da sentsibilizaziorako.
- Jarduera Fisikoa sustatzeko Orientazio Zerbitzua: Legazpi Aktibo bat lortzeko helburuaren barruan, Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzu bat ezarriko da ez-aktibo direnak aktibo bihurtzeko. Gainera, zerbitzu hori gimnasio berriaren inaugurazioarekin batera jarriko da martxan.
- Chillidaren mendeurrena: Chillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiekin amaitzeko, nazioarteko ospea duten artisten kontzertu bat, zinema-proiekzioak eta herriko kultur taldeen ikuskizun bat egongo dira.
- Merkataritza eta ostalaritza: egungo egoeraren diagnostiko bat egingo da eta, merkatariekin eta ostalariekin batera, merkataritza-plan bat definituko dugu.
Aurrekontu asmo handikoa eta iraunkorra
Aurrekontu horrek, ekonomikoki inoiz baino handiagoa izateaz gain, Legazpiren garapenerako ikuspegi estrategikoa erakusten du. Baliabide propioak, foru-transferentziak eta kanpoko laguntzak konbinatuta, Udalak bere inbertsio-ahalmena sendotu dezake, iraunkortasun ekonomikoa arriskuan jarri gabe.
Akordioak lortzeko asmoz, gobernu-taldeak oposizioari aurkeztu dizkio aurrekontu horiek, ekarpenak sartu ahal izateko, Legazpirentzat ona dela uste baitu.