pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Sustraiak dantza taldeak 50 urte betetzen ditu
17
Urt
2025

Sustraiak dantza taldeak 50 urte betetzen ditu

Urteurrena ospatzeko ekintza ugari antolatu ditu 2025erako

 

Sustraiak dantza taldeak 50 urte betetzen ditu aurten eta ostegunean arratsaldean 2025ean zehar aurrera eramango dituzten ekintza berezien aurkezpen ekitaldia aurrera eraman zuten herriko Kultur Etxean, bertan, hilabetez hilabete ekintza guztien berri eman zutelarik.

Sustraiak 1975. urtean sortu zen, euskal kultura suspertzeko gogoa zuen herriko gazte talde baten ekimenez. Aurretik baziren dantza taldeak Legazpin, baina generoz bereizirik zeuden: Itxaropena mutilen dantza taldea zen, eta Umetxoak, aldiz, neskena. Gazte horiek duela 50 urte egindako lanarengatik, eta urtez urte beste hainbatek egindakoarengatik ere, urteurren borobileko ekintzak aurkeztu zituzten atzo.

 

Logoa

Izaro Urbieta legazpiarrak izan du urteurreneko logoa diseinatzeko ardura; maiatzaren 3ko ekitaldi baten ateratako argazki batetik abiatu zen horretarako.

 

Soka dantzako argazki bat da erabili duena, eta hura delineatuz sortu du logoa. Izarok berak azaldu du nahiz eta forma tamaina eta dimentsio batzuk aldatuta dauden, funtsean, argazkia bera dela oinarria. Ez du kolorerik erabili, delineatuak nahikoa informazio ematen duela uste duelako.

“Logoak taldearen batasuna adierazten du, 1975. urtetik gaur egun arte mantendu dena; baita emakumeen eta gizonezkoen presentzia dantza taldean”, dio diseinatzaileak. Tipografiari dagokionez, logoak forma organikoak dituenez, letretan ere hori bera mantendu nahi izan du.

Bestalde, ‘Oso ondo… Berriro!” leloa jarri diote urteurrenari. Entseguetan erabiltzen den esamolde bat dela azaldu zuten Sustraiak-eko kideek, dantza bat goitik behera egin ostean esaten dena.

 

50. urteurrena. Urteko ekitaldiak

2025. urte honetan zehar ekitaldi ugari aurrera eramango ditu Sustraiak dantza taldeak. Urtean zehar ohikoak diren ekintzez gain hilabete bakoitzeko ekitaldi berezi bana ere ospatuko dute aurtengoan. Hona hemen egitaraua:

 

  • URTARRILA.

Urtarrilaren 16ean, aurkezpen ekitaldia.

  • OTSAILA.

Otsailaren 20an, 19:30ean, mahai ingurua kultur etxeko areto nagusian: ‘Norberaren Sustraiak. Taldearen historia taldekideen bidez’. Taldean egon diren eta dauden belaunaldi desberdinetako kideek parte hartuko dute bertan: Maria Luisa Mendizabalek, Iñaki Leizeagak, Oihane Auzmendik, Agurtzane Gabiriak eta Ane Belokik. Bakoitzak taldeari lotutako bizipenak azalduko ditu.

  • MARTXOA

Martxoaren 2an aterako da inauteri konpartsa: ‘Herri konpartsak 35 urte’ izenarekin. Goierriko inauterien konpartsa atera zuten 1991an. Aurten 35. inauteria dela eta, zerbait berezia egin nahi zuten eta dantzei dagokionez, urte horietan guztietan ateratako inauteri horietako batzuen nahasketa bat ikusi ahalko dugu herriko kaleen. Inauteri desberdinetako zortzi dantza egingo dituzte eta 1991an dantzariak jantzita joan ziren bezala joango dira.

  • APIRILA

Apirilean izango da urteurreneko ekitaldirik berezienetako bat. Apirilaren 4an ‘Oso ondo…Berriro!’ dokumentala aurkeztuko dute Latxartegi aretoan. Bi pase egongo dira: 19:00etan eta 22:00etan. Aurkezpenera joateko gonbidapenak kultur etxean egongo dira eskuragarri, martxoaren 17tik aurrera.

2020an hasi ziren dokumentalean lanean, eta 2024ko otsailetik azarora bitartean egin ziren grabaketak. Grabaketa horien ardura Egoitz Legorburu legazpiarrak eta Tolosako Igora Filmseko kideek izan dute; edizio lanak ere egin ditu Legorburuk. Gidoia Asier Iriondok eta Amaia Jimenezek egin dute. Dokumentalaren helburua sorreratik hasi, eta gaur egun arte, taldeak izan duen bilakaera azaltzea da, taldeko dantzarien bitartez.

  • MAIATZA

Maiatzean, urtero Santikutz festetan egiten duten maiatzaren 3ko ekitaldia egingo dute, baina ukitu berezi batekin: gaur egun dantzari diren kideak, eta dantzari izan direnak elkartuko dituzte. Are gehiago, Sustraiaken egon diren denboran Ezpata dantza egiteko aukerarik izan ez duten horiek egingo dute dantza. Horretaz gain, Soka dantza eta Zinta dantza ere egingo dituzte, urtero bezala.

  • EKAINA

Haurren jaialdia ospatuko da ekainaren 13an: "Haurren Taldeak 49 urte". Azkeneko urteetan bezala Legazpiko auzo batean egingo dute. Erromeri ibiltari baten itxura emango diote, eta Trapalata txarangaren laguntzarekin egingo dute hori.

 

  • UZTAILA

Uztailaren 4an, 20:30ean, Tio Teronen Semeak ‘Haurreskolari’ ikuskizuna egongo da Euskal Herria plazan; Oilarraren irudiaren parean hain zuzen. Uztakale ekimenaren ekitaldietako bat izango da.

  • ABUZTUA

Oporrak.

  • IRAILA

Irailaren 7tik 24ra, Ilintirekin elkarlanean, argazki erakusketa bat egongo da: ‘50 urtez dantzan’. Ilintiko kideak diren dendetan jarriko diztuzte azken 50 urteetako argazkien aukeraketa bat izango dugu.

  • URRIA

Urriaren 11n izango da urteurreneko ekitaldi nagusia: ‘Mende erdi herria dantzan jarriz’ jaialdia. 50 urtetan taldetik pasa diren dantzari guztiak elkartuko dituen jaialdi bat izango da. 12:00etan Urbeltz pilotalekuan.

  • AZAROA

Angel Muruak Sustraiakeko sortzaileetako bat izan zenak, hitzaldi bat emango du azaroaren 13an. ‘Sustraiak: 400 años de Ezpata dantza en Legazpi’ izena izango du hitzaldiak. 19:00etan izango da, kultur etxean. Lau mende horietan dantzak eta, oro har, folkloreak Legazpin izan duen ibilbidea aztertuko du Angelek bertan.

  • ABENDUA

Abenduaren 5etik 8ra Tenerifera joango dira bertan dantza egitera.

 

Urteko ekintzen bideoa:

 

Albiste guztiak