Herritarren kezkak eta beharrak jasotzeko aurreko urteetan azaldutako asmoarekin jarraituz, auzoen inguruan lanketa iraunkor bat egiteko beharra ikusi du udalak. Horrez gain, 2023-2027 legealdiko kudeaketa-planean espazio publikoa mantentzeko Plana idaztea eta martxan jartzea aurreikusita ere badago. Bi helburu horiek lortzeko LEGAZPI AUZOETATIK, auzo bira martxan jarriko da datorren hilean.
“Herritarren parte-hartzea sustatzeko eta bizi-kalitatea bermatzeko, auzo-eskala gertutasunetik lantzea ezinbestekoa dela uste dugu”, dio Eric Galvez alkateak, eta zentzu horretan, prozesu hau aurrera eramateko 9 saioetan, bizilagunen egunerokoan zuzenean eragiten duten beharrak jasotzeko saio ezberdinak burutuko dira. Horretarako herria 9 eremutan banatu da:
- Urtatza.
- Laubide, San Juan.
- Arantzazu, San Jose, Lanaren Hiribidea, Zaldu, Elbarrena.
- San Ignazio, San Martin.
- Erdialdea.
- Itxaropen.
- Aizkorri, Bikuña.
- Telleriarte, Mirandaola, Mantxola (landa auzoak).
- Brinkola eta Guriditegi
Lanketa honen helburua, “Legazpiko auzoetako beharrak herritarren ahotik zuzenean jasotzea, horiei erantzuteko ekintza plan bat burutzea eta horiei erantzuteko interbentzio ezberdinak aurrera eramatea da” dio alkateak. “Bizilagun bakoitzak bere ahotsak balio duela senti dezan nahi dugu”.
Auzo bira OTSAILAN abiatuko du Udalak eta hilean behin auzo ezberdin bat bisitatuko da, urtea amaitu bitartean. Hurrengo asteetan deialdi hauen informazio gehiago zabalduko da.
Udalak, Legazpiko herritarrak auzoz auzo garatuko den dinamika honetan parte hartzera gonbidatzen ditu, guztion artean nahi dugun herria izan dezagun!