Legazpiko Udaleko Gobernu Batzordeak, Udalean euskararen erabilera normalizatzeko 2024-2027 epealdirako Plan Estrategikoa onartu zuen iazko ekainean, euskal sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko 19/2024 Dekretuari jarraiki.
Orain, dekretu berean jasotakoari jarraituz, Legazpiko Udalean euskararen erabilera handitzeko hizkuntza-irizpideak onartu ditu Gobernu Batzordeak joan den urtarrilaren 27an egindako bilkuran.
Hauek dira onartutako hizkuntza-irizpideen helburu nagusiak:
- Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea.
- Euskararen erabilera normalizatzea eta sustatzea, euskara izan dadin zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza.
Eta helburu horiek lortzeko, hizkuntzak erabiltzeko irizpideak onartu ditu Udalak.
Bestetik, Udalak herrian euskararen erabilera sustatu nahi du eta, ildo horretan bat egiten du Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak horri buruz dioenarekin:
“Euskararen erabilera sustatzeko, planifikatzeko eta dinamizatzeko eskumenak aitortzen zaizkie udalei, bai udal-zerbitzuen alorrean, bai udalerriko bizitzaren eremu askotarikoetan ere” (…)
Azkenik, herritarrak Udalarekin harremanak euskaraz izatera animatu nahi ditu, gure hizkuntza izan dadin erabilera orokorrekoa gure herrian.