pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Atzerritar jatorriko legazpiarren egoera ezagutzeko diagnostikoa egin du Legazpiko Udalak
07
Ots
2025

Atzerritar jatorriko legazpiarren egoera ezagutzeko diagnostikoa egin du Legazpiko Udalak

Diagnostikoaren itzulera egiteko saio ireki bat egingo da otsailaren 13an, 18:00etan, Kultur Etxean

 

Atzerritik etorritako pertsona ororentzat migrazio-prozesua konplexua eta estresagarria izan daiteke, jatorrizko herrialdea utzi eta testuinguru, kultura eta bizi-egoera berri batera egokitzea eskatzen baitu.

 

Hainbat zailtasun eta egoera kudeatu behar dituzte sarri, hala nola: migrazio-prozesuarekiko espektatibak, immigrazioaren dolua, askotariko egoera  sozioekonomikoak, diskriminazio-egoerak eta egiturazko zapalkuntzak, harrera gizartearen ezagutza apala, hizkuntza berri bat ikasi beharra…

 

Legazpiko Udalak udalerrira atzerritik etorritako bizilagunen egoera zein den aztertu nahi izan du, aurrerantzean, eta ekitatea helburu, hautemandako beharretara egokitutako esku-hartzerako prozedura eta baliabideak eskaini asmoz.

 

Diagnostikoa 2024ko udazkenean zehar eraman da aurrera Elhuyarren bitartez.  Egungo egoera ahalik eta modu zehatzenean ezagutzeko datu kuantitatibo nahiz kualitatiboak bildu dira. 

 

Migrazio-prozesua bizi izan duten 23 legazpiar elkarrizketatu dira (jatorri desberdinetakoak), eta baita Hotz Legazpiko boluntarioak, herriko ikastetxeetako ordezkariak, hezkuntza-ez formaleko eragileak, edota udal-teknikariak ere.

 

Egungo argazkia, ondorioak eta aurrera begirakoak

 

Diagnostikoko argazki kuantitatiboarierreparatuta, hona zenbait datu:

  • Legazpiko bizilagunen % 11, 6 atzerriko herrialde batean jaiotakoa da.
  • Herrialdeen araberako banaketari erreparatuta, 52 herrialde desberdinetan jaiotako bizilagunak daudeerroldan; Legazpiko jatorri-aniztasunaren erakusle. Eta honakoak dira nagusitzen diren herrialdeak: Maroko, Pakistan eta Honduras.

Dimentsio kualitatiboaren baitan, ondorioztatu dena da, oro har, jatorri atzerritarreko legazpiarrek, batetik, herriko zerbitzuak, garraioa, herriko lasaitasuna, bizilagunen gertutasuna… azpimarratzen dituztela alderdi positibo bezala. Bestetik, berriz, esan daiteke egun, jendartean, elkarbizitza ez dela gatazkatsua, baina bizilagunen arteko elkar ezagutza eta elkarrekintza oso urria dela. Gainera, egiturazko zapalkuntza eta gizarteko aurreiritziek ere eragin zuzena dute elkarrizketatutako bizilagunen esperientzia, bizipen eta aukeretan.

 

Txostenean, egungo egoeraren nondik norakoak zein aurrera begirako esku-hartzeak proposatu dira.   

 

  • Harrerari dagokionez, diagnostikoan ondorioztatu da, besteak beste,  gaur egun harrera oso modu intuitiboan egiten dela, planifikatu gabe eta eragileen arteko koordinaziorik gabe.  Funtsean, egungo indarguneek oinarri sendoa eskaintzen dute harreraren gaian urratsak emateko; baina beharrezkoa da baliabideak aztertu, hobetu, eta estrategia koordinatu bat martxan jartzea, tokiko harrera integralagoa eta eraginkorragoa egituratzeko bidean.
  • Etxebizitzaren problematikabehar hori asetzea zailtzen ari da Legazpin ere; bereziki, migrazio prozesuaren lehen uneetan.  Etxebizitza bat izateak oinarrizko beste eskubide batzuk eskuratzeko aukera ere irekitzen du.
  • Eskola testuinguruko integrazioari dagokionez, badirela zenbait gai, arreta berezia eta esku-hartzea eskatzen dutenak; hala nola atzerritar jatorriko familiek ikastetxeetan parte hartzeko eta komunikaziorako dituzten aukerak, oztopoak zein bideak; ikasleen eta familien pertenentzia sentimendua; euskararen irakaskuntza eta hizkuntza-aniztasunaren trataera; erlijio, gizarte eta gai kulturalekin lotuta sortzen diren korapilo eta gatazkak, hezkuntza komunitatea sentsibilizatzea…
  • Aisialdia eta komunitatean parte-hartzea harremanak eraikitzeko eta gizarte kohesioa sustatzeko tresna nagusietako bat da.  Ildo honetan, alderdi erlazionalean zein herri-bizitzan eragin, eta integrazio komunitarioaren erronkari erantzuteko, ekintza eta erronka hauek jaso dira txostenean: topagune iraunkorrak sortzea, dirulaguntzetan klausula espezifikoak txertatzea, herriko aniztasuna kultur programazioan eta jaietako egitarauan islatzea…
  • Integrazioa soziolinguistikoaren baitan, Legazpiko bizilagun etorri berrien bizipen eta zailtasunei erreparatuta, euskara eta gazteleraren ezagutza  falta oztopo nagusietako bat dela ondorioztatu daiteke. Garrantzitsua izango da tokiko hizkuntzen ikaskuntzarako baliabide eta programak areagotu eta egokitzea, eta bai ikastaroak bai metodologiak jatorri atzerritarreko bizilagunen beharrizanetara moldatzea.  Baita, herriko hizkuntza-aniztasunari aitortza egitea eta balioan jartzeko estrategiak garatzea ere, euskararen eta beste hizkuntzen arteko zubiak eraikiz.
  • Azkenik, identitatearekin lotuta, identitate pluralen eraikuntza, asmo estrategiko eta etikoa izan behar dela ondorioztatu da. Identitatearen gaiak lotura zuzena du inklusioarekin, hizkuntzaren erabilerarekin, atxikimenduarekin, eta harreran zein egokitzapen-prozesuan bizitako esperientziekin.

Gero eta anitzagoa den testuinguruan gizarte inklusiboa eraiki behar badugu, erantzukizuna guztiona baita. Legazpiko Udalak konpromiso irmoa du legazpiar ororen aukera-berdintasuna bermatzeko eta herritar guztiei zuzendutako politikak egiteko; intersekzionalitatea, antiarrazismoa eta kulturartekotasuna sustatuz. Epe laburrera begira, beraz, diagnostikoko ondorioei jarraiki, urrats kuantitatibo eta kualitatiboak emango dira.

 

Diagnostikoaren itzulera egiteko saio ireki bat egingo da otsailaren 13an, 18:00etan, Kultur Etxean.

 

Saioan diagnostikoaren ondorioak partekatuko dira, udalak aurrera begira hartutako konpromisoak partekatuko dira, eta elkar ezagutzeko tartea egongo da. 

 

Albiste guztiak