Bi ostiraletan, otsailaren 7an eta 14an, Haztegi ikastolako eta Olazabal Institutuko DBHko 1. mailako ikasleek elikadura osasungarria izeneko tailerrean parte hartuko dute, ikasgeletan gosalduz.
Goizeko 8:00etan Legazpiko Osasun Zentroko eta Zumarragako Ospitaleko erizainekin elkartuko dira, baita Minbiziaren aurkako Gipuzkoako Elkarteko psikologoekin ere. Jolas ezberdinen bidez, produktu osasungarriak gosaltzea eta jatea zein garrantzitsua den ikusiko dute: fruta osoa, zukuen ordez; esnekiak; zerealak, hobe integralak, eta abar.
Ondoren, udalak eta ikastetxeek jarritako produktuekin egindako gosaria hartuko dute.
Legazpiko Udalak Bertatik Bertara ekimeneko honako produktuak eskainiko ditu: Legazpiko Makatza baserriko ogia eta Urretxuko Agerre baserriko jogurtak. Horiez gain, Sustrai fruta dendan erositako sagar, mandarina eta intxaurrak ere eskainiko ditu.
Haztegi ikastolak eta Olazabal institutuak esnea, kakaoa, olioa eta marmelada jarriko dute.
Aurten, berrikuntza gisa, beste bi jaki izango dituzte gosaltzeko: ahuakateak (udalak jarritakoak) eta tomate birrindua (ikastetxeek jarritakoa).
Legazpiko nerabeen eremu komunitarioan esku hartzeko programa
Azken urteotan elikadura osasungarria sustatzeko egin dugun ekintzetako bat da gosaria, Goierri-Urola Garaia ESIaren haurren obesitatea prebenitzeko BPSO programarekin lankidetzan eta Legazpiko nerabeen eremu komunitarioan esku hartzeko programaren barruan.
Programa horren helburua da, besteak beste, nerabeen artean ohitura eta portaera osasungarriak sustatzea. Programak askoren arteko koordinazioa eskatzen du, eta Osasun Zentroa, ikastetxeak eta Udala inplikatzen dira jardueraren antolaketan.
Elikadura-jarrera osasuntsua familian
Programa honekin bat eginez, Udalak familiei zuzendutako hitzaldi bat antolatu du: otsailaren 25ean, asteartea, 18:00etan, Kultur etxeko areto nagusian. Hitzaldiaren izenburua honakoa da: Elikadura-jarrera osasuntsua familian.Mireia Centeno psikologoa eta psikopedagogoa izango da hizlaria.
Saioaren helburuak honakoak izango dira:
- Elikadura jarrera ez osasuntsuak bereizteko tresnak lantzea
- Jarrera arriskutsuak identifikatzen ikastea
- Elikadura-nahasmenduen prebentzioa lantzea
- Janariarekiko erlazioa hobetzeko tresnak lantzea
Gai horri buruzko hainbat teoria ikusiko ditugu. Teorian oinarrituta, egunero gure bizitzan jasotzen ditugun mezuen inguruan hausnartuko dugu. Eguneroko alderdi praktikotik abiatuta, egoera ezberdinak ikusi eta horien inguruko hausnarketa egingo dugu, etxean ditugun ideiak eta jarreraz jabetzeko.