Otsailaren 20an, osteguna, 19:00etan Kultur Etxeko Areto Nagusian egingo den mahai ingurua taldearen 50. urteurreneko ekitaldietako lehenengoa izango da.
Taldearen historia apur bat azaltzea izango da mahai inguru horren helburua. Horretarako, Sustraiaken ibili diren edo oraindik jarraitzen duten belaunaldi desberdinetako dantzariak eta urte hauetan taldearen inguruan ibili diren pertsonen testigantza eta bizipenak azalduko dira.
Bost kidek hartuko dute parte: Iñaki Leizeaga, Maria Luisa Mendizabal, Oihane Auzmendi, Agurtzane Gabiria eta Ane Beloki. Moderatzaile gisa Amaia Jimenez arituko da.
‘Oso ondo… Berriro!” leloa jarri diote urteurrenari. Askok, agian, ez dute ulertuko, baina taldean dantzari direnek ongi dakite zer den. Entseguetan erabiltzen den esamolde bat da, dantza bat goitik behera egin ostean esaten dena.