San Juan auzoko 36, 37, 38 zenbakietan obrak hasi berri dira, eta azpiegiturak hobetzeaz gain, hauen artean ur-hornidura eta argiteria publikoa, irisgarritasuna ere egokituko da. Obra hauek jarraipena ematen diete 31-35 zenbakien artean egindakoei, eta, aldi berean, auzo honetako bizilagunek egindako eskaerei ere erantzuten diete.
Obra Gipuzkoako Urak eta Legazpiko Udalak batera egingo dute, bi aldeen artean egindako hitzarmenean oinarrituta. Obra hau ART Eraikuntzak, S.L. enpresari esleitu zaio, 106.912,30 euroko zenbatekoarekin, eta hamabi aste barru amaituko dela espero da.
San Juan auzoa 50eko hamarkadan eraiki eta urbanizatu zen. 1989an, auzoa birmoldatu egin zuten, eta oinezkoentzako bideak eta lorategiak jarri zituzten bertan. Gainera, birmoldaketa horrekin aireko azpiegitura guztiak lurperatu zituzten. Ondoren, auzotarrak irisgarritasun-arazoak zeudela adierazten hasi ziren, eta arazo horiek konponketak San Juan kaleko 31-35eko obrekin hasi ziren. Orain hasi berri den obra haren jarraipena da, eta honekin San Juan 36,37 eta 38ko ur-hornidura eta argiteria publikoa berritzeaz gain, irisgarritasuna ere hobetuko da. Proiektu honekin euri-uren kanalizazioaren sekzioa handituko da, atari horietarako irisgarritasuna bermatuko da arrapalen bidez eta eskailerak mantenduz, eta argiteria publikoa aldatuko da, eremu horretan instalatutako farolek 35 urte baino gehiago dituztelako eta oinarriak herdoilduta dituztelako. Aldi berean, egungo sarbideak kenduko dira, eskailera-mailarik gabeko sarbide berriak egiteko.