Giro paregabean eta parte-hartze handiarekin, ospatu zen igandean Legazpin "Zuhaitz bat babestu" kanpainaren baitako zuhaitz-landaketa jendetsua. Ekimen hau BSTK Basotik Fundazioa - Gipuzkoako Foru Aldundiaren erakundea - Legazpiko Udalarekin eta Baserria KM0rekin elkarlanean antolatu da, eta ingurumenarekin konprometitutako 200 pertsona baino gehiago bildu ziren. Jardunaldia dinamizatzeko, antzerki talde batek jarduera bereziak eskaini zituen, eta parte-hartzaileek parrillada batez gozatzeko aukera ere izan zuten, giro atseginean. "Familientzako esperientzia gogoangarria izan zedila nahi genuen, zuhaitzak landatzeaz gain, gure ingurune naturalarekiko konpromisoa elkarrekin ospatzeko", adierazi zuen Eric Galvez, Legazpiko alkateak.
Jon Ander Ostolaza, BSTK Basotik Fundazioko gerenteak, Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarrian fundazioaren funtsezko papera nabarmendu zuen. "Gaur hemen landatu diren haritzak, Quercus petraea, tokiko basoetako ezkurretatik datoz, bertako espezieen jarraipena bermatuz eta gure basoen oreka naturala sendotuz", azaldu du. Bestalde, Koldobike Olabidek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak, azaldu zuen Gipuzkoako basoak 50 zuhaitz espezie baino gehiagok osatzen dituztela, eta BSTK Basotik Fundazioaren bitartez, Aldundiak oreka hori mantentzeko lanean diharduela. "Gure helburua biodibertsitatea eta gure ekosistemen osasuna bermatzea da", baieztatu zuen.
Bestalde, Jose Pablo Larrea, Baserria KM0ko komunikazio-zuzendariak, ekimenaren dimentsio globala azpimarratu zuen: "Ez da soilik CO₂xurgatzea, baizik eta ekosistemak sendotzea eta komunitatearen parte-hartzea sustatzea klima-aldaketaren aurkako borrokan".
Igandeko landaketak argi utzi zuen herritarren borondatea eta naturarekiko konpromisoa elkartuz, etorkizun jasangarri baterantz urrats sendoak eman daitezkeela. Eskerrik asko parte hartu zenuten guztioi!