Print this page
KZgunean, 17 ordenagailu berri
15
Ira
2014

KZgunean, 17 ordenagailu berri

Teknologia berriei buruzko doako zerbitzuak eskeintzen dira

Irailaren 3an, Kultur Etxeko KZguneko ordenagailu guztiak, 17 alegia, aldatu zituzten, eta berriak jarri. Miriam Orozco KZguneko dinamizatzaileak adierazi digunez, "lehen adina" daude, "bi gunetan bereizita: "8 ordenagailu prestakuntza zonaldean, eta 9, nabigazio gunean".

 

Ordenagailu berriekin, aldaketak izango dira sisteman: "Lehen, Windows XP erabiltzen genuen ordenagailu guztietan. Orain, berriz, Software askea erabiltzeari ekingo diogu. Sistema eragile propioa dugu, KZnux izena duena, baina azken batean Linuxen oinarritzen dena", azaldu digu Orozcok. "Beraz, nabigazio zonaldean, Firefox eta Libre Office paketea daude instalatuta. Hartara, erabiltzaileek eskura izango dituzte testu lanketarako, kalkulu orriak egiteko eta lanetarako programak".

 

Aurrerantzean, bestalde, erabiltzaileek euren kontura eta nahi dutenean erabili ahal izango dituzte USB memoriak, "birusen arriskua desagertu delako", zehaztu du, "lehen ni nengoenean soilik egin zezaketen".

 

Bestalde, "nahi duenak sinadura elektronikoa erabili edo dena delako izapideak egin ahal izango ditu". Eskanerra ez dute aldatu; bai, haatik, inprimagailua, "aurrekoarekin alderatuta, kalitate handiagoarekin inprimatzen du oraingoak".

 

Doako zerbitzuak, 16 urtetik gorakoentzat

KZgunean teknologia berriei buruzko doako zerbitzuak eskaintzen zaizkie 16 urtetik gorako herritarrei. Eskura dituzte nabigatzeko ekipoak, eta dinamizatzaileak behar duten guztietan lagunduko die. "Inprimagailua erabiltzeko aukera izango dute. Egunean 5 orri, doan; eta eskanerra ere eskura dute", begiralearen hitzetan.

 

Bestalde, gai ugariri buruzko ikastaroak antolatzen dituzte hilero: Interneten hasteko oinarriak, sare sozialak, irudi digitalekin nola aritu… "Ordenagailu aurrean sekula jarri gabeko pertsonari zein ezagutzaren bat daukanari, denei eskaintzen dizkiegu ikastaroak".

 

Trebakuntza, sarean

Azkenaldian, dena den, on-line bidezko trebakuntza sustatzen hasi dira. "Erabiltzaileek etxetik ikasi ahal dute, konexio baten laguntzaz. Ikastaro aukera zabala dago, eta oso arrakastatsuak izaten ari dira", Orozcoren hitzetan. "Bide beretik, IT Txartela ziurtagiriak lortzeko behar diren azterketak bertan egiten ditugu, hilean behin. Eta herriko edozein elkarte edo talderi doako web orria sortzeko aukera ematen diogu: orria sortzeko behar den plataforma eman eta edukiak nola sartzen diren erakutsi. Azkenik, sinadura elektroniko aurreratua behar izanez gero, tramitea bertan egiten dugu", azaldu digu.

KZgunea, astelehenetik ostiralera, egun osoan zehar zabalik izaten da, baina arreta zerbitzua aldatuz doa hilero; hau da, hilabete bat goizez (09:00-13:00) eta bestea arratsaldez (16:00-20:00). Zerbitzuari buruzko informazio guztia eskuragarri dago webgunean (www.kzgunea.net), blogean (http://kzgunea.blog.euskadi.net/) eta sare sozialetan (Twitter eta Facebook).

Orozco dinamizatzaileak herritar guztiak gonbidatu ditu doako zerbitzu honi etekina ateratzera.