pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Hezkuntza zentroetan inbertsioak
10
Urr
2014

Hezkuntza zentroetan inbertsioak

Udalak ez du esperotako laguntza jaso

Legazpiko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio hezkuntza zentro publikoetako inbertsioak finantzatzeko duen erantzukizuna bete dezala
 
Domingo Agirre, haurreskola eta EPA zentro publikoetan eta Haztegi ikastolan hainbat egokitze lan egin ditu Udalak, udan, baina ez du esperotako laguntza jaso Jaurlaritzatik
 
Udala beti arduratu izan da herriko ikastetxe eta hezkuntza zentro publiko zein itundutakoetako eraikinak egoki eta puntuan zaintzeaz. Eta berebiziko arreta eskaintzen dio, gainera, horietan guztietan segurtasuna eta energia aurrezpena bermatzeari. Horretarako, hainbat eta hainbat egokitze lan egiten ditu, batik bat uda partean, ikasturte hasierarako guztia prest egon dadin.
 
Hezkuntza zentro publikoei dagokienez, uda honetan, Domingo Agirre Eskolan bi inbertsio egin ditu. Batetik, 2 solairuetako leihoak aldatu ditu, eta bestetik, pilotalekuko teilatua berritu du, itoginek sortutako arazoak errotik desagerrarazteko. Ikastetxe horretan, beraz, 150.000 € inguruko inbertsioa egin du Udalak.
 
Auzolanean jarduteko ohitura handia duen eskola horretako Guraso Elkarteak ere jarri du bere apurra, eta aurreztutako diru kopuru bat baliatuta, soinketa gelan komunak jarri ditu.
 
Udalak, berriz, ikastetxe horren haurreskolan, Laubideko hexagonoan dagoen eraikinean alegia, ateak aldatu ditu (7.500 € inguru); eta EPA zentroan, berriz, leihoak (12.000 € inguru). Guztira, beraz, 170.000 € inguruko inbertsioa egin du Udalak.
 
Eusko Jaurlaritzaren laguntza murrizketa
Hezkuntza zentro publikoetako egokitze eta berritze lan horiei dagokienez, orain artean, Eusko Jaurlaritzak, bere Udalaguntza programaren bitartez, gastuen % 60 ordaindu izan du, eta era horretan, Udalak ez du kostu osoa bere bizkar hartu behar izan.
 
Aurten, alabaina, aipatutako bost lanetarako eskatu du Udalak laguntza, eta Eusko Jaurlaritzatik erantzun kaskarra eman diote: Domingo Agirreko pilotalekuko teilatua berritzeko lanen kostuaren % 60 baino ez du ordainduko; alegia, 23.000 € pasatxo.
 
Gainerako gastu guztiak Udalaren kontura joango dira (Guraso Elkarteak egindako obra izan ezik), eta gobernu taldeko kideak kezkatuta eta haserre azaldu dira erabaki horrekin; izan ere, Udalak behar bezala zaindu nahi ditu herritarren erabilerarako diren hezkuntza zentro publikoak, eta horretarako ezinbestekoa du Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa.
 
"Funtsezkoa da eraikinak berritzen eta egokitzen joatea, eta ondorioz, premiazko inbertsio guztiei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak, orain artean bezala, gutxien‐gutxienean gastuen % 60 ordaintzea. Ez dugu ulertzen zergatik ez duen aurten hala egin. Bere erantzukizuna da, eta hala egin dezala eskatzen diogu; argi baitago beste hainbat inbertsiotarako diru kopuru izugarriak bideratu dituela: AHTaren kasua, lekuko. Hezkuntzaren arloa benetan garrantzitsua da udalerri baten garapenari begira, eta diru laguntzak murriztuz gero, udalok ezingo diegu aurre egin behar‐beharrezkoak izan daitezkeen
egokitze gastuei", adierazi dute.
 
Haztegi ikastolan, leiho berriak
Hezkuntza zentro publikoez gainera, Udalak badu, hezkuntzari begira, beste arreta puntu bat: Haztegi ikastola. Ikastetxe itundua da, eta beraz, bertan egiten diren inbertsioei ez dagokie Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza programako laguntzarik. Eraikina bera, ordea, Udalarena da, eta gainerako ikastetxe edo zentroekin egiten duen bezalaxe, horko egokitze lanetarako ere ematen du Udalak bere laguntza ekonomikoa.
 
Uda honetan, adibidez, erdiko eraikineko beheko solairuko leihoak aldatu dituzte, 44.000 €‐ko inbertsioa eginda. Udalak zein ikastolak erdibana ordaindu dute gastua: bakoitzak 22.000 € jarri
ditu.
 
Aurrera begira ere, udalerriko ikastetxe zein zentro guztietan sortutako premiei aurre egiten eta eraikinak egokitzen eta hobetzen ahaleginduko da Udala; betiere, elkarren arteko laguntza sustatuta, eta dagokionean, batetik zein bestetik datozen diru laguntzak baliatuta.

Albiste guztiak