Bi zatitan banatutako kontzertua eskainiko dute Bikuñako lokaletan entseatzen duten 8 taldek; sarrerak 5 euro balioko du
Legazpiko Gazteria Sailak, Subeltza Elkartearen laguntzarekin, antolatutako eguna izango dugu larunbatean, urriak 25: Subeltza Eguna, hain zuzen. Horren karietara, Bikuñako lokaletan entseatzen duten 8 taldek kontzertua eskainiko dute Urbeltz pilotalekuan.
Kontzertuak bi zati izango ditu. Lehenengoa 18:00etatik 21:00etara izango da, eta honako hiru talde hauek hartuko dute parte: Estado Kritiko, Elbereth eta Arraio. Gaueko saioa, berriz, 22:00etatik 02:00etara izango da (ordu aldaketa izango baita), eta bost talde hauek joko dute: Pepe Botika, Cuarto de Hora, The Nekrobabies, Vancouver eta One Way.
Sarrerak 5 €‐ko prezioa izango du, eta egunean bertan edo aldez aurretik erosi ahal izango dira, baita laguntza moduan ere; zehazki, salmenta toki hauetan: Kukue, Giroa, Karibe Zaharra, Urbeltz, Katilu, Oilarra eta Gaztetxea. Bestalde, pilotaleku barnean taberna jarriko da.
Helburu bikoitza
Subeltza Eguna bi helburu nagusirekin egingo da. Batetik, joan den irailaren 3an lokaletan izandako lapurretaren ondorioz kaltetutako taldeei laguntzea. Eta, bestetik, Udalarekin sinaturiko hitzarmena betetzea. Hitzarmenaren arabera, gutxienez urtean behin, Subeltza Gazte Elkarteak kontzertu bat antolatuko du, eta musika lokaletan entseatzen duten taldeek parte hartuko dute.
Helburu horiek betetze aldera, beraz, larunbatean, 8:00etan hasiko dira muntatze lanetan, udaletxeko brigadako langileren baten gidaritzapean; izan ere, ezinbestekoa da zorua babestea eta oholtza eta taberna muntatzea. Musika ekipoaren kontratazioa, berriz, Udalaren kontura joango da.
Ez da lehenengo Subeltza Eguna
Aurtengoa, ez da lehenengo Subeltza Eguna izango, Bikuñako musika lokaletan aritzen diren taldeak 2008ko irailaren 13an elkartu baitziren lehenengo aldiz. Hala, musika lokaletan entseatzen hasi, eta 9 hilabete bete ondoren, lehenengo kontzertua antolatu zuten.
Udalarekin sinatu zen lehenengo lagapen kontratua lau urterako zen, eta pasa den maiatzean beste lau urterako doako lagapena onartu zen udalbatzarrean.
Sarbide sistema berria
Lapurretaren ondoren, musika taldeek nahitaez elkarlanean aritzeko beharra ikusi dute, eta sarbide sistema berri baten diseinuan aritu dira lanean, Udalarekin batera. Aurrerantzean, aurretik zegoen alarma eta suteen aurkako alarma sistemaz gainera, sarbidea kontrolatzeko beste sistema bat egongo da. Hala, ikuskaritzarako kamerak jarriko dituzte, eta erabiltzaile bakoitzak sartzeko kodeak ere izango ditu.
Musika lokalen erabilera
Musika lokaletan 14 gela daude, eta horietako bi bereziak dira: grabaketa gela eta musika tresnak konpontzeko gela. Gainerakoak entseatzeko erabiltzen dira. Gutxi gorabehera 50 lagun aritzen dira horietan, sormena eta adierazpena lantzen.
Entsegu lokalak erabiltzeko hainbat baldintza adostu ziren Subeltzaren eta Udalaren artean. Interesa dutenek eskaera aurkeztu behar dute Subeltza Gazte Elkartean, eta besteak beste, araudia onartzen dutela sinatu beharko dute.
Lokalak astelehenetik igandera erabili ahal izango dira, 09:00etatik 24:00etara. Grabazio gela erabiltzeko eskaerak, berriz, Subeltza Elkartean eta udaletxean bertan egin ahalko dira.
Gogoratzekoa da, halaber, grabaketarako diru‐laguntzen eskaerak datorren urriaren 31ra arte aurkeztu daitezkeela Herritarrentzako Arreta Bulegoan.