pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Eguberrien atarian hainbat ekintza
16
Abe
2014

Eguberrien atarian hainbat ekintza

Hasi bihar eta urtarrilaren 9ra arte

Eguberriak datozen honetan, hamaika ekintza daude iragarrita, herritar ororen gustagarri. Bihar, asteazkena, hilak 17, Doinua Musika Eskolako ikasleek Gabonetako kontzertua eskainiko dute, 18:00etan, Latxartegi Aretoan.
 
Etzi, abenduaren 18an, Gabon Irudien Marrazki Lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia egingo dute, 18:30ean. Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartu dute lehiaketa honetan. Ondoren, egun horretatik urtarrilaren 9ra bitarte, lanak ikusgai izango dira Kultur Etxean, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara.
 
Abenduaren 20an, Alaitasuna Errondailak, urtero bezala, Gabonetako emanaldia eskainiko du Gizarte Zentroan, 20:00etatik aurrera. Eta hurrengo egunean, hilak 21, Gabonetako Kontzertua eskainiko dute Legazpi Musika Bandak, Buztintegi Abesbatzak eta Santikutz Abesbatzak, 19:00etan, parrokian.
 
Eskoletan ere martxan
Eskoletako ikasleek San Nikolasen errondarekin eman zioten hasiera Gabon garaiari, eta joan den igandean, hilak 14, Domingo Agirre eta Olazabal ikastetxeen eskutik San Tomas Azoka izan zen, legazpiarrei eguberri aurreko Azokarik ezagun eta ohikoena zertan datzan erakusteko. Haztegi Ikastolakoek, berriz, garai honetan ohikoak diren bestelako ekintzez betetako eguna ekarriko digute abenduaren 20an. Egun horretan, goizez, Merkatu Txikia izango da, eta egun berean irekiko dute ohiko Jaiotza; Martin Pipas ere etorriko da legazpiar guztien gutunak jasotzera Olentzerorentzat.
 
Pailazoen ikuskizuna ere ohiko bihurtzen ari da azken urteotako Eguberri sasoian. Gazteria Sailak antolatuta, Tomasen Abenturak pailazo taldeak “Txipli-Txapla” ikuskizuna eskainiko du abenduaren 23an, 18:00etan, Latxartegi Aretoan.  
 
Olentzerorekin ateratzeko deia
Eguberri Egunean, hilaren 24an, Olentzeroren errondak izango dira herriko kaleetan barna. Goizean, 11:30etik aurrera, herriko ikastetxeetako haurren txanda izango da, irakasle eta gurasoz lagundurik. Arratsaldean, berriz, 17:30etik aurrera, hezur-haragizko Olentzerorekin egingo da erronda herrikoia, Laubide kalean hasi eta Euskal Herria plazan amaituta. Udaletik herritar guztiei deia egin diete erronda herrikoi honetan parte hartzeko, nola lagunartean, hala familian.
 
Gabonetako ekintza gisa, abenduaren 26an, ostirala, Nerabe Zerbitzutik Donostiako izotz jauregira joango dira 25 gazte, eta abenduaren 30ean, beste 20 gazte Donostiara joango dira, zinema emanaldi batera. Bi irteeretarako izena emateko epea abenduaren 19an amaituko da.
 
Aipatzekoa da, halaber, Kale Nagusiko tabernariek, dendariek eta Udalak, Kale Nagusia ibilgailuentzat itxi, eta hainbat ekintza antolatuko dituztela abenduaren 26tik 28ra bitartean. Hilaren 26an egingo dute Ilintiren Gabonetako zozketa ere; aurten, Laubide kalean.
 
Abenduaren 28an, berriz, Korosti Dantza Taldearen Gabon Jaialdia izango da, 18:30ean, Urbeltz pilotalekuan. Urtea amaitzeko, pilotalekuan bertan eta inguruetan, Haurren Jolas Parkea izango da abenduaren 29 arratsaldean (16:00-19:30), 30 egun osoan (10:30-14:00 eta 16:00-19:30) eta 31 goizean (10:30-13:30).
 
Horrez gain, Abenduaren 31n, Goiz Deia Txistuari taldeak Urte Zahar kalejira egingo du arratsaldean, erdiguneko kaleetan.
 
2015ari kaixo, ekintzekin
Urte berria hasita, urtarrilaren 2an, ostirala, Erregeentzako gutun bilketa egingo da, 18:00etatik 20:00etara, Euskal Herria plazan. Eta egun berean, Nerabe Zerbitzukoek XI. Urteurren Festa egingo dute: bazkaria eta pizza lehiaketa, Wii txapelketa eta disko festa. Hurrengo egunean, berriz, 17:30ean, Play Station 4an jolasteko aukera emango die Zerbitzu berak 15 gazteri. Nola pizza lehiaketan hala Play jolasean parte hartzeko izena emateko epea abenduaren 28an amaituko da.
 
Urtarrilaren 4an, berriz, goiz eta eguerdian, Azokako gunean artisau azoka egingo da lehen aldiz, “Made in Urola” eskualdeko artisau taldeak antolaturik. 
 
Azkenik, urtarrilaren 5ean, astelehena, Erregeen Desfilea izango da Legazpiko kaleetan, 18:30etik aurrera.
 
Horrenbestez, nahi adina ekintza daude antolatuta, herritar guztiek egun berezi hauez goza dezaten.

Albiste guztiak