pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Igogailu berriko lanak urtarrilean hasiko dira
17
Abe
2014

Igogailu berriko lanak urtarrilean hasiko dira

Aurreikusitakoa baino lehenago

Hitzartutakoa baino 9 hilabete lehenago egongo da martxan, Udalak funtsezko azpiegituratzat jo baitu
 
Urtarrilean hasiko dituzte San Ignazioko igogailua, udalerriko bigarrena, ezartzeko lanak. Igogailu honek, beraz, 2009. urtean egin zen Latxartegikoari jarraipena emango dio. Batik bat, San Martin, San Ignazio eta Itxaropen auzoei emango die zerbitzua, eta baita Olazabal institutuari ere. Legazpi Berri enpresa arduratuko da lanez. 
 
Izan ere, Legazpiko Udalak 2012. urtean Plan Orokorra berrikusi zuen eta aldaketa batzuk proposatu zituen. 2014an onartu dira aldaketak, eta horien arabera, eraiki behar ziren etxebizitza berrietan, euren neurria txikitu eta etxebizitza gehiago egitea onartu zen; betiere, eremu bakoitzeko eraikigarritasun orokorra aldatu gabe (alegia, ez dira aurreikusitakoak baino metro koadro gehiago eraikiko).
 
Ondorioz, Legazpiko Udalak hitzarmen bat sinatu zuen enpresa etxegileekin, eta horren arabera, Legazpi Berri enpresak, toki berean etxebizitza txiki gehiago eraikitzearen truke, bi obra egingo zizkion Udalari, doan: Muruko bidegurutzea eta hizketagai dugun igogailu hau. 
 
Apirilerako martxan  
Aipatutako hitzarmenean, igogailua 2015eko abenduaren 31 aurretik egiteko konpromisoa hartu zuen Legazpi Berri enpresak; betiere, etxebizitzen salmentaren martxaren arabera. Alabaina, azpiegitura honek duen garrantzia ikusita, egokiena epea aurreratzea izango litzatekeela erabaki du Udalak. Negoziazioetan ibili ostean, lanak urtarrilera aurreratzea lortu du, eta era horretan, 3 hilabeteko lanen ostean, apirilerako igogailua martxan egotea; alegia, aurreikusitakoa baino 9 hilabete lehenago.
 
Igogailua paretan txertatuta joango da; ondorioz, ez da aldaketarik izango orain arteko espaloiaren zabaleran. Igogailuak 10,50 metroko altuera izango du, eta gehienez ere 8 pertsona sartu ahal izango dira. 
 
Igarobidea ere izango du igogailuak: 11 metrokoa, hain justu. Eta igarobide horrek 1,20 metroko itxitura edukiko du, baita ezinduentzako eskudela ere. 
 
Aurrekoak bezalaxe, ate sarreran aterpe txiki bat edukiko du, erabiltzaileak euritik babesteko. Eta igogailuaren 4 alboetatik bitan beiratea jarriko dute, genero ikuspegiari begira, barruan dagoenaren segurtasuna bermatzearren.  
 
Mugikortasun Plana betetzea helburu
Obra hau, azken batean, 2008-2014rako Udalak onartutako Mugikortasun Planaren baitako beste lan bat da. Aurretik, hamaika proiektu gauzatu ditu herritarrei mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko xedez: besteak beste, Latxartegiko igogailua (2009), Junetorri autobusa (2012), Aizkorri-Bikuña bidegorria (2013), industrialdeko biribilgunea (2014), Nafarroa, Aizkorri eta Santikutz kaleak (2014), etab.
 
2015. urteari begira, eta Mugikortasun Plana albo batera utzi gabe, igogailu hau ezartzeaz gainera, Kale Nagusia oinezkoentzat egokitzea ere izango da Udalaren helburuetako bat. 

Albiste guztiak