Bihar, apirilak 17, martxan jarriko da berriro asteroko azoka, Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun neurriak betez.
10:00etatik 13:00etara izango da ordutegia eta postuak azokan eta Urbeltz pilotalekuaren aurreko arkupean egongo dira. Udal zerbitzuetako langileek bi gune horiek desinfektatuko dituzte azoka egin aurretik eta ondoren.
Udaltzainek zainduko dute azokako postuetarako sarbidea.
Segidan, Eusko Jaurlaritzak joan den apirilaren 16an merkatuak egiteko zehaztu zituen osasun baldintzak zehazten dira eta baldintza horiek uneoro bete beharko dira.
Salmenta-postuak:
postuak igarobide baten bidez bereizita egongo dira eta postuen arteko distantzia, gutxienez, sei metrokoa izango da. Alboetan, gutxienez, lau metroko tartea utzi daiteke. Postu berean, saltzaileek gutxienez bi metroko tartea gorde beharko dute euren artean, eta postuaren neurriengatik bereizketa fisiko hori gordetzea ezinezkoa bada, saltzaile bakarra arituko da. Postuen arduradunek erabili eta botatzeko eskularruak jarri beharko dituzte bezeroen eskura. Edozelan ere, ezinbestekoa izango da eskularruak erabiltzea salgai dauden produktuak ukitzeko. Modu berean, gel desinfektatzailea banatzeko gailuak izan beharko dituzte, saltzaileek eta bezeroek erabiltzeko.
Erosleak:
erosleen artean, gutxienez, bi metroko tartea gordeko da eta udaltzainek zainduko dute, azoka ireki eta itxiko den arte, baldintzak errespetatzen direla. Horretarako, sarbideak arautu eta kontrolatuko dituzte, sarbide desegokiak eta pilaketak saihestuz eta, ahal den neurrian, produktuak saldu edo erostea helburu ez duen kontaktu sozialak galaraziko dituzte.
Higiene-neurriak:
espazioetara sartzeko guneetan mahaiak jarriko dira gel desinfektatzailea banatzeko gailuekin, erosleen eskura dauden eskuak eta eskularruak garbitzeko.
Garbiketa eta bilketa:
azokan sortutako hondakinak poltsetan utzi beharko dira eta poltsa horiek garbiketako eta zaborra biltzeko udal-zerbitzuek horretarako jarritako edukiontzietan sartuko dira. Nolanahi ere, udal-ordenantzetan edo bandoetan horri buruz ezartzen diren zehaztapenak bete beharko dira.