Print this page
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek oparitutako intxaurrondoa landatu du Udalak
10
Mar
2021

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek oparitutako intxaurrondoa landatu du Udalak

“Amaren intxaurrak”ikuskizuneko emanaldian oparitutako zuhaitza Santikutz egoitzan landatu da

Pasa den azaroaren 25ean, Latxartegi aretoan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek “Amaren intxaurrak”ikuskizuna eskaini zuten.

 

Bertaratu ziren haurren iritzia aintzat hartuta, gaur, martxoak 10, asteazkena, 11:30ean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Legazpiko herriari, hildakoak irribarre batekin gogoratzeko, oparitutako intxaurrondoa landatu da Santikutz egoitzako lorategian.

 

Gaurko ekitaldian, intxaurrondoa non landatu erabakitzeko beren iritzia eman duten neska-mutilen artean zozketa egin ondoren, irabazle suertatu diren 4 haurrek hartu dute parte, hau da, Edem Abdesalam, Olaia Moro, Nadia Carro eta Elisa Curac. Horiez gain, bertan izan dira: Itziar Etxezarreta Domingo Agirre eskolako zuzendaria, Sagrario Etxabe Haztegi ikastolako zuzendaria, Kristina Uribeetxeberria Santikutz egoitzako koordinatzailea, Maite Lombide Hezkuntza zinegotzia eta Koldobike Olabide alkatea.

 

Dakizuenez, aurtengo Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen “Amaren intxaurrak” ikuskizunean heriotzaren gaia lantzen dute. “Pirritx eta Porrotx, Marimototsekin elkartzen dira parke magikoan. Hiru urte dira Amatxo Loreto hil zenetik eta, egun hartan, intxaurrondo bat landatu zuten azken agurra emateko. Doluaren ondoren, pailazoak pozik daude. Izan ere, Amatxo Loretoz oroitzen diren bakoitzean, intxaur zaporeko irribarrea marrazten zaie ezpainetan”.

 

Intxaurrondoa non landatu aukeratzeko, Udalak iritzia eskatu die ikuskizunean parte hartu zuten Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailetako eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleei.

 

Aurrera eramandako prozesu horretan 231 haurrek hartu dute parte eta honako hau izan da proposatutako 4 guneen arteko bozketaren emaitza:

  1. Santikutz egoitzako lorategia, 66 boto
  2. Urtatzazahar parkea, 64 boto
  3. Mirandaola parkea, 57 boto eta
  4. Kultur etxearen atzealdeko lorategia 44 boto

 

Intxaurrondoa landatu ondoren, eta egindako zozketan irabazle suertatu diren herriko ikastetxeetako 4 haurrei beren parte-hartzea eskertzeko asmoz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen “Amaren intxaurrak” ipuina eta diskoa jaso dute alkatearen eta Hezkuntza zinegotziaren eskutik.

 

Gaurtik aurrera, legazpiarrok Santikutz egoitzako lorategian leku bat dugu gure hildakoak, joan zaizkigun lagun txiki eta handiak oroitzeko eta haiekin izandako bizipenak irribarre batekin gogoratzeko.

 

Intxaurrondoaren landaketaren argazkiak