Print this page
Azaroako asmakizunaren erantzuna: Hilerria edo kanposantua
04
Abe
2021

Azaroako asmakizunaren erantzuna: Hilerria edo kanposantua

Hilerriak gure historiaren eta hizkuntzaren arrastoen lekuko isil izan dira betidanik

Hilerriak gure historiaren eta hizkuntzaren arrastoen lekuko isil izan dira betidanik

 

Azaroa joan zaigu eta horrekin batera loreak desagertuko zaizkigu egutegitik. Lore sorta eder eta dotorea izan dugu asmakizunaren lagungarri. Eta honako arrastoa:Zer ote da? Barrukoak ezin irten eta kanpokoek sartu nahi ez. HILERRIA edota KANPOSANTUA zen asmakizunaren erantzuna. Izan ere, hilabetea Domu Santu Egunarekinhasi genuen.

Eta hilerrien gainean hitz egiten jarraituko dugu. Izan ere, gure historiaren eta hizkuntzaren arrastoen lekuko isil izan dira betidanik. Jakina da euskaraz idatzitako lehen hitz kopuru handiena Akitaniako hilarri eta aldareetan agertu zela: 400 pertsona-izen eta 70 jainko-jainkosa-izen, noizkoak eta Kristo ondorengo I. eta II. mendekoak. Atzokoak alajaina! Pirinioen hegoaldean ere jaso izan dira horrelakoak Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Errioxa, Soria, Aragoi eta Lleida aldean.

Horietan multzorik handiena Soriako iparraldeko Tierras Altas eskualdean aurkitu dituzte azken hamarkadetan. Erromatar garaikoak dira, eta duela gutxi arte uste genuena baino askoz zaharragoak dira. Euskaldunen eta euskararen historia ezagutzeko elementu garrantzitsuak dira inondik inora ere. Mendeetan zehar bertan ibilitako jendearen berri ematen digute idatzi horiek, eta berriki jakin dugu euskaldunak ere ez zebiltzala handik urruti.

Dena den, jakin behar dugu harri horietan ageri direnak ez direla testuak, ezta esaldiak ere, baizik eta antroponimoak, gizaki-izenak alegia. Edonola ere, gurea bezalako herri txiki batentzat garrantzitsua da jakitea nondik nora ibili ziren gure aurrekoak eta baita zertan ibili ziren ere.

Zenbat gauza ikas ditzakegun kanposantuetan ere!

Esate baterako, hiztegiari erreparatuz gero, hortxe ditugu hilerri (hil+herri), hilarri (hil+harri) eta hilobi (hil+hobi), hilkutxa (hil+kutxa) eta hilotz (hil+hotz) hitzak, zein baino zein argigarriagoak. Euskara hizkuntza gardena da hitzen etimologiari begiratuta.

Ur handiagotan sartzea da, ordea, Ilargi hitzaren etimologia aztertzea. Bi osagai ditu: il + argi, bistan da. Baina, askok uste dutenaren kontra, ez digu hildakoei buruz hitz egiten, hilabeteari buruz baizik. Hortik sortuak dira ilgora, ilbehera, ilberri eta ilbete hitzak, hain zuzen ere.

Hilabeteesaten diogu hogeita hamar eguneko zikloari, ilargiaren ziklo osoari alegia, eta hil zikloa osatu gabe dagoenean. Adibidez: “Hilabete eman nuen Oñatin barnetegian”. “Hilabete honek 30 egun ditu”. Baina, “Datorren hilean izango ditugu Gabonak” eta “Hilaren 1ean loreak eraman genituen kanposantura”.

Hainbeste konturen artean, guk ere hilabetea agortu dugu. Eta horrekin batera, azaroko tartea ere bete dugu. Ea zer dakarkigun urteko azkeneko hilabeteak