Print this page
Datorren igandean Zuhaitz Eguna Ormakio kalean
23
Mar
2015

Datorren igandean Zuhaitz Eguna Ormakio kalean

10:00etan elkartuko gara

10:00etan elkartuko dira parte-hartzaileak; lana amaitutakoan, hamaiketakoa izango dute Gizarte Zentroan
 
Datorren igandean, martxoak 29, Zuhaitz Eguna egingo da. Aurten, Ormakio kalean izango da; alegia, Azpikoetxe eta Mantxola auzoen artean dagoen kalean, egin berri diren etxebizitzen alboan geratu den berdegunean. Hala, Mantxolatik Urola ibaira datorren errekatxoaren alboan hainbat zuhaitz landatuko dituzte: lizarrak, gereziondoak, basalizarrak, pagoak, haritzak eta intxaurrak.
 
Hitzordua 10:00etan izango da, eta ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Ordurako azaltzearekin nahikoa da. Bestalde, parte-hartzaileek ez dute inolako lanabesik eraman beharko, udalak berak jarriko baititu beharrezkoak diren guztiak.
 
Lana amaitutakoan, Gizarte Zentrora joango dira guztiak, bertako tabernan merezitako hamaiketakoa egitera.