Print this page
E28, LGTBIQ+ pertsonen askapenaren nazioarteko eguna
25
Eka
2022

E28, LGTBIQ+ pertsonen askapenaren nazioarteko eguna

Ekainaren 28an aniztasun afektibo-sexuala aldarrikatuko dugu, DJ batekin musika-saio bat eginez Latxartegi parkean

53 urte igaro dira New Yorken, 1969ko ekainaren 28ko goizaldean, istilu bortitzak bizi izan zirenetik, Greenwich Village-ko Stonewall Inn tabernan poliziek egin zuten sarekada baten aurka protestatzeko manifestazioa egin ondoren. Istilu horiek lehen aldiz gertatu ziren Ameriketako Estatu Batuetako historian, egun horretan LGBTIQ+ komunitatea lehen aldiz altxatu baitzen taldeko pertsonak jazartzen zituen sistema baten aurka borrokatzeko.

 

Gizarte Ekintza, Gazteria eta Hezkuntzako udal-zerbitzuak Garagunerekin harremanetan jarri ziren eta E28 errebindikatzeko jardueraren bat antolatzeko laguntza eskatu zioten. Garagune Haztegi ikastolarekin inklusioari buruzko proiektu bat lantzen ari zenez, laguntza eskatu zion hari ere, eta nerabeentzako zerbitzuko gazteak ere batu zaizkie.

 

Horrela:

·    Bandera batzuk egin dituzte, ostadarraren koloreekin eta honako leloarekin: “Legazpin, SEXU ASKAPENAREN ALDE!”. Ondoren, bandera horiek bost udal eraikinetan jarriko dira: udaleko balkoi nagusian, kiroldegian, Kultur Etxen, Gizarte-zentroan eta Euskaltegian.

·    Eraikin horietan ostadarraren koloreekin egindako eskumuturrekoak eskainiko dira, eta DJaren saioan ere banatuko dira.

 

Udalak, bestalde, eta legazpiar guztiak sentsibilizatzeko eta sexu-aniztasuna aldarrikatzeko xedearekin, ekainaren 28an, LGTBIQ+ pertsonen askapenerako nazioarteko egunean, disko-festa bat antolatu du Josu Rodriguez DJarekin, 21:30etik 23:00etara, Latxartegi parkean. Lerro hauetatik parte hartzera animatzen zaituztegu, LGTBIQ+ kolektiboari babesa eskainiz, eta, bizikidetza, errespetua, aniztasuna eta giza eskubideak sustatuz.

 

HURBIL ZAITEZTE!!