Print this page
Euskararen erabilera Legazpin
20
Uzt
2022

Euskararen erabilera Legazpin

2021eko kale-neurketaren arabera, % 33,9koa da euskararen erabilera

2021eko kale-neurketaren arabera, % 33,9koa da euskararen erabilera

 

Hasteko, gogora ekarriko dugu Legazpin euskararen ezagutza %65eko bueltan dagoela eta, beraz, erabilera ezagutzaren erdira baino ez da iristen.

Legazpin, joan den 2001etik aurrera neurtzen da euskararen kale-erabilera bost urtean behin. Ordutik hona egindako kale-neurketetan jasotako datu orokorrei errepatuz gero, euskararen erabilerak dezente egin duela gora esan dezakegu; horrela, 2001eko erabilera orokorra % 21,5ekoa zen eta 2021ean (20 urte geroago) % 33,9koa da euskararen erabilera; 20 urtetan 12,4 puntutan igo da euskararen erabilera.  2016an egin zen azkeneko neurketa eta, orduan, % 32,9koa zen erabilera orokorra; azkeneko bost urteotan, beraz, puntu bat bakarrik egin du gora erabilerak.

Baina, hala ere, badira datu kezkagarriak ere. Izan ere, euskararen erabilerak nabarmen egin du behera haurren artean (2-14 urte). Horrela, orain dela 5 urte, 2016an, haurren arteko erabilera % 45,9koa zen eta bost urte beranduago, 2021ean, %38,4ra jeitsi da erabilera hori.

Gainera, euskararen erabilera ez da bera herriko gune guztietan. Hala, goialdeko auzoetan, Hegialden, % 22,9koa da erabilera eta, behealdean, Latxartegi parkearen eta kultur etxearen inguruan, % 43,8koa.

Eta badira ere datu on eta itxaropentsuak. Horrela, gazteak izan dira euskararen erabileran gora egin dutenak: 2016an, gazteen (15-24 urte) arteko erabilera % 34koa zen eta 2021ean %48,3koa izatera iritsi da.

Horiek dira daturik esanguratsuenetako batzuk baina badira datu gehiago ere Soziolinguistika Klusterrak joan den urteko udazkenean egindako kale-neurketan jasotako datuekin osatu duen txostenean.

Txosten osoa ikusi nahi duenak, esteka honetan du horretarako aukera