Print this page
Foru Aldundiak 2 milioi eskualdea hobetzeko
15
Api
2015

Foru Aldundiak 2 milioi eskualdea hobetzeko

Tailerra legazpiarrek dirua zertarako baliatu nahi duten zehazteko

Legazpiarrek apirilaren 21ean, 18:30ean, Kultur Etxean egingo den tailerrean adierazi ahal izango dute zertarako baliatu nahi duten dirua
 
Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrei aukera eman nahi die diru publikoaren kudeaketan parte hartzeko. Hala, 2015ean, bere aurrekontutik 20 milioi euro bideratuko ditu lau urtean hamar eskualdetan herritarrek erabakitzen dituzten egitasmoak gauzatzeko.
 
Urola Garaia eskualdeari, beraz, 2 milioi euro dagozkio, eta eskualdeko herritarrek erabaki beharko dute, prozesu parte-hartzaile baten bidez, zer proiektutan inbertitu diru hori.
 
Horretarako, partaidetza tailerrak egingo dira herriz herri, herritarrek haien eskualdea hobetzeko ekarpenak egin ditzaten eta haien ustez eskualderako onuragarriak izan daitezkeen proposamenak egin ditzaten.
 
Legazpin, datorren asteartean, apirilak 21, 18:30ean, izango da tailerra, Kultur Etxean. Eta udaletik herritar guztiei deia egin diete azal daitezen, eta euren ideiak adieraz ditzaten.
 
Tailerretan parte hartu ezin dutenek badute euren iritzia emateko beste biderik. Alde batetik, martxoan, Gipuzkoa Berria aldizkariarekin batera etxeetara bidalitako esku-orria bete (udal egoitzetan ere eskura daiteke), eta udaletxean dagoen Herritarrekin postontzian utzita; edo bestetik, www.aurrekontuahobetzen.eus webgunearen bidez. Ekarpenak egiteko epea apirilaren 30ean amaituko da.