Print this page
Egutegiko otsaileko esaldia osatzen duen hitza: Ikasi
04
Mar
2023

Egutegiko otsaileko esaldia osatzen duen hitza: Ikasi

Aurten esaera zaharrei eman diegu lekua urteko egutegian lehiaketarako, esaera zaharrak ezagutzera emateko eta erabilera sustatzeko

Letra mutua da H-a, baina pisu handikoa. Batzuetan arau kontua baino ez da izaten; beste batzuetan, berriz, esanahian izaten du eragina, eta beste esanahi bat hartzen du hitzak.

 

Oraingoan pare-parean tokatu zaigu horrelako bat. 2023ko egutegia inprimatu eta etxeetara zabaldu ondoren konturatu gara akatsaz. Otsaileko orrian, esaera zaharrari begiratu eta asmatu ezinik ibiliko zineten asko. Noski!  “Zer ikusi, ura …”    Ezin asmatu!

 

H letrari, beraz, duen lekua eman behar diogu, duen garrantziaz jabetu eta arretaz jokatu. 

 

Egin dugun akats larri hori baliagarria izan dadila aurrerantzean H letra aintzat hartzeko.

 

Otsaileko esaera zaharra gai hartuta, Legazpiko Bertso Olariak bertso eskolako Joxe Arizkorretak bertso hau osatu du:

 

Zer ikusi, HURA ikasi

 

Eta horren inguruan osatu du Joxe Arizkorreta Imazek, Bertso Eskolako bertsolariak, hilabeteko bertsoa:

 

Ai! Zer ikusi, hura ikasi,

sarri entzuten dugu ozen.

Bai, baina argi ikusten ez dena

aski zaila da ikasten;

eta maiz, ikusitako hura

kostatzen zaigu sinesten.

Beraz, batzuetan ikasi behar da

ikasia desikasten.

 

“Zer ikusi hura ikasi” dio esaera zaharrak. Eta hala izaten da, dudarik gabe. Eredua izaten da ikasgai, esana baino gehiago.

 

Horregatik, Joxe Arizkorretaren bertsoak dioen bezala, batzuetan ikasitakoa desikastea komeni izaten da. Eredu batzuk kaltegarriak edota desegokiak izanik, ikasitakoa bertan behera utzi eta jokabide berriak  hartu ahal izateko desikastea ezinbestekoa izaten da.

 

Lan hori hartu beharrik ez izateko, desikasten ibili beharrik ez izateko alegia, hobe hasiera-hasieratik eredu ona ematen saiatzea, ikasten dugun hori probetxuzkoa izan dadin.

 

Hilabete honetako bertsoarekin batera OINA zer den azaldu digu bertsolariak: Bertsoaren puntu bakoitzeko azken hitza, errima duen hitza. Bertso honetan OZEN / IKASTEN / SINESTEN eta DESIKASTEN dira bertsoaren oinak.

 

Bertsolariak oinak erabili ditu bertsoa errimaz osatzeko. Guk oinak bide zuzenetik joateko erabiliko ditugu!

 

Ondoren, Joxek osatu duen bertsoa duzue: