Print this page
Dagoeneko itxi dute Kale Nagusia, bost hilabete inguruan obrak egiteko
03
Eka
2015

Dagoeneko itxi dute Kale Nagusia, bost hilabete inguruan obrak egiteko

Plazaola kalean, txandakako doako 14 aparkaleku prestatu ditu udalak

Hasi dituzte Kale Nagusia oinezkoentzat bihurtzeko lanak. Horregatik, dagoeneko itxi dute kalea, eta ondorioz, galarazita egongo da aparkatzea zein zirkulatzea. Aurreikuspenen arabera, obrek 5 hilabete iraungo dute, eta bitartean, hainbat irtenbide proposatu ditu udalak.
 
Batetik, Plazaola kalean txandaka aparkatzeko 14 plaza egokitu dituzte. Gehienez ere 30 minutuan utzi ahal izango dira ibilgailuak, doan, eta gaur jarri berri duten makinatik txartela atera beharko da. Erdigunean erosketak eta kudeaketa lanak egin behar dituzten pertsonentzat pentsatutako aparkalekuak dira, eta ondorioz, honako ordutegi hau izango dute: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara. Gainerako orduetan, era librean aparkatu ahal izango da. Bestalde, taxi geralekua Plazaola kaleko 10. zenbakian egokitu da; alegia, Xarpot taberna parean.
 
Zirkulazioari dagokionez, Kale Nagusia eta Nafarroa kalea itxita egongo dira. Zamalanak egiteko bakarrik irekiko dira, eta lan horiek horretarako egokituko diren guneetan soilik egin ahal izango dira, 07:00etatik 13:30era. Zehazki, hauek izango dira guneak: Kale Nagusia 1, Aizkorri kaletik sartuta; Kale Nagusia 25, Urola kaletik sartuta. Nafarroa kalean, berriz, gaur egun dauden zamalanetarako guneak mantenduko dira.