pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Datorren ostiralean Legazpi Musika Bandak Urtatzazarreko parkean joko du

 'Musika Parkean' egitasmoaren baitan

Iazko lehen edizioak izandako harrera ona ikusirik, aurtengorako hiru saio antolatu dira
 
Legazpik baditu aintzat hartzekoak diren bi ardatz. Batetik, udalerrian dauzkagun natur baliabideak: Urtatzazarreko parkea, Mirandaolakoa eta Agirre-Etxeberri parkea, esaterako. Eta bestetik, herrian dugun musika kultura. Horrenbestez, bi ardatz horiek uztartuta, natura eta musika alegia, hainbat kontzertu antolatu ditu udalak uda sasoirako, Musika Parkean izenburupean. Iazko emanaldien harrera ona ikusirik, aurtengorako hiru emanaldi antolatu dira, bi uztailean, ostiral arratsaldez, eta hirugarrena eta azkena irailean, Artzain Egunaren bezperan. 
 
Emanaldi horiekin, musika naturara eraman nahi da, ohiko areto itxietako saioetatik ihesi. Ondorioz, ez da eserlekurik egongo. Entzuleek belarretan eserita, etzanda… egon beharko dute, eta meriendatzeko edo zerbait hartzeko aukera izango dute, lagunartean, familian zein koadrilan.
 
Uztailaren 3an eta 17an, eta irailaren 5ean
Lehenengo kontzertua datorren ostiralean izango da, uztailak 3, Urtatzazarreko parkean. Bertan, aurkezpen handirik behar ez duen Legazpi Musika Banda arituko da, 18:30an hasita. Bandak berezkoa duen errepertorio zabaletik gunearekin eta ekimenarekin bat etor daitezkeenak aukeratuko ditu.
Bigarren kontzertua uztailaren 17an egingo da, Mirandaola Parkean; hori ere 18:30ean. Emanaldi horretan, Aguxtin Alkhat heletarra izango da protagonista, puntako musikariak lagun dituela: Julien Labat gitarran, Felix Buff baterian eta Xan Bidegain baxuan. Taldea labetik atera berria den diskoa aurkezten ari da: Haizeen meneko. Folk eta pop doinuak samurki nahasten ditu; batzuetan, haren ahotsa gitarra akustiko soilarekin, beste batzuetan, soinu elektrikoago eta rockeroagoak erakutsiz. Abesti gehienak Alkhatek sortuak dira eta kantu guztietan Nafarroa Behereko haizeen meneko lasaitasuna arnas daiteke.
Hirugarren eta azken saioa, berriz, irailaren 5ean egingo da, larunbatez oraingoan, Agirre-Etxeberri parkean. Bertan, Elustondo Anai-arrebak izango dira protagonista, kaleratu berri duten diskoa herrian aurkezten. Eta beraiekin batera izango dira diskoan lagun izan dituzten hainbat musikari ere. 
 
Kontzertuak aire zabalean izango direnez, ezinbestekoa da eguraldiak laguntzea, eta hala ez balitz, aurtengoan ezingo dituzte emanaldiak atzeratu; hala, gertuen geratzen den aterperen batera eramango dituzte.
 

Albiste guztiak