Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
Haztegi Ikastolako ikasturte amaierako jaialdia

Haztegi Ikastolako ikasturte amaierako jaialdia

Urtero legez, Haztegi ikastolak ikasleen jaialdia ate joka dauka. Oraingoan "Bizirik gauden artean, bizirik gaudelako" lelopean.

  • Maiatzaren 14ean Haur Hezkuntzako ikasleen txanda izango da.
  • Maiatzaren 15 eta 16ean, aldiz, Lehen Hezkuntzako ikasleen jaialdia izango da.

bi jaialdietarako ordua eta tokia:

 

Ordua: 18:00etan

Tokia:    Latxartegi Aretoa

  • Visto: 65
Aizkorri kalearen bigarren fasea berriz urbanizatzeko pausuak ematen hasi da Udala

Aizkorri kalearen bigarren fasea berriz urbanizatzeko pausuak ematen hasi da Udala

Udalak herriko espazio publikoak irisgarri eta atsegin egiteko asmoarekin jarraitzen du, legazpiar guztiek modu seguru eta erosoan erabil ditzaten. Asmo horren baitan Aizkorri kalearen bigarren fasea berriz urbanizatzeko pausuak ematen hasi da, zehazki Aizkorri kaleko 14. zenbakiaren ataritik GI-2630 foru-errepidearen errotondaraino. Kale hori legazpiar ugarik igarotzen dute egunero eta berrantolatu egin behar da egungo eskakizun funtzionaletara egokitzeko.

Horregatik, kale zati hori berriz urbanizatzeko proiektua idazteko lizitazioa argitaratu berri du Udalak, 50.578 euroko aurrekontuarekin, eta eskaintzak aurkezteko azken eguna ekainaren 5a izango da.

Proiektuak, ibilgailuen (motorduna edo ez) eta oinezkoen mugikortasuna errazteaz gain, Bikuñako kirol-eremuaren eta hirigunearen arteko hiri-ehuna kohesionatzeko, oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta jada urbanizatuta dagoen ingurune batean iraunkortasun ekonomikoa eta ingurumenekoa sustatzeko balio beharko du. Horrez gain, plegu teknikoetan adierazten den bezala, proiektuak honako helburu eta premia hauek bete beharko ditu:

  • Aizkorri kaleko espazio urbanizatu eta eraikiari balioa eman behar dio, hiri- eta paisaia-agertoki erakargarria sortuz, herrira bisitan datozen pertsona batzuek jasotzen duten Legazpiko lehen irudia baita.
  • Aizkorri kalearen iparraldeko tartearekin koherentzia mantendu behar du hiri-diseinuari, bide-trazadurei eta materialei dagokienez.
  • Txorroeneako bidegurutzean, mugikortasunerako irtenbide seguru bat proposatuko du, ahalik eta azalera txikiena okupatuz.
  • Eremuaren uholde-arriskua murriztu beharko du.
  • Hiri-mugikortasuna erraztuko du, bai motordun eta motorrik gabeko ibilgailuei, bai oinezkoei dagokienez.
  • Irisgarritasun unibertsala bermatuko beharko du.
  • Espaloiaren eta Aizkorri kaleko 20-26 zenbakiko atariak dauden eraikinaren ataripearen artean dagoen sestra-aldea kendu edo tratatuko du.
  • Mugikortasun kolektiborako beharrezko instalazioak aurreikusiko ditu.
  • Genero-ikuspegia txertatuko du multzo osoaren diseinuan.
  • Hirigintzan iraunkorrak diren elementuak sartuko ditu, bai eta klima-aldaketa arintzen eta horretara egokitzen lagunduko duten alderdiak ere.
  • Hiri-espazioa diseinatuko du, neurri handi batean azpiegitura berde gisa funtziona dezan.
  • Zaharkitutako hiri-instalazioak ordezkatuko dira, Gipuzkoako Urakekin elkarlanean.

Idazketa prozesuan herritarren parte-hartzea izango da eta ekarpen horiek diseinatuko den jarduketa aberastuko dutela ziur da Udala.

Lanak faseka gauzatzea aurreikusten da, kostuagatik eta inguruan izango duten eragina gutxitzeagatik.

  • Visto: 86
Organo Musika Zikloa Legazpiko parrokian. 2. Kontzertua

Organo Musika Zikloa Legazpiko parrokian. 2. Kontzertua

Eslovakian jaioa, bost urterekin hasi zen musika ikasten. Košice Kontserbatorioan pianoa eta organoa ikasi ondoren, Vienako Musika eta Arte Dramatikoko Unibertsitatean sartu zen. Bertan, organoa ikasi zuen Hans Haselböck eta Michael Radulescu maisuekin, eta Magistra Artium gradua lortu zuen, Ohorezko Aipamenarekin eta Bikaintasun Sariarekin. Perfekzionamendu Zikloan sartu zen Parisko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, eta Olivier Latry eta Michel Bouvard izan zituen irakasle. Meyer Funda-zioaren eta Société Genérale erakundearen Musika Mezenasgoaren bekak jaso zituen. Era berean, Nadia

et Lili Boulanger Nazioarteko Fundazioak beka bat eman zion Lyongo Goi Mailako Kontserbatorioan inprobisazio-ikasketak egiteko, Loic Mallié irakaslearen zuzendaritzapean.

Arrakastaz parte hartu du hainbat lehiaketatan: Ohorezko Diploma Brujaseko Jaialdian (1997), Žilina Jaialdiko Ikusleen Saria (1998), Sari Berezia UNESCO Lehiaketan (Lisboa, 2000). Frantziako Orkestra Nazionalaren organista izan da 2001-2002an eta Concert-Hall Sapporoko egoitzako organista 2002-2003an. Kontzertista gisa jarduera garrantzitsua garatzen du nazioartean, besteak beste, Parisko Notre-Dame, Saint-Sulpice eta La Madeleine oholtzetan, Dresdeko Hofkirche eta Frauenkirche taulatuetan,

Haarlemeko Sankt Bavon, Tokioko Opera City Hall eta Suntory Hall antzokoetan, Vienako Musikverein-en.

Hainbat bakarlarirekin lan egin du, hala nola Walter Auer, Raphael Oleg, Nora Cismondi, Guy Touvron, Carlos Mena, Pere Ros, Juan Manuel Gómez, eta Aeterna Bratislava eta Auers Flutery musika-taldeekin.

Grabazioak egin ditu Parisko eta Sapporo Concert-Halleko Goi Mailako Kontserbatorioko

organoetan, bai eta irrati eta telebistarako ere: France Musique, ORF Viena, Suisse Romande irratia, NHK Tokio, Devin Bratislava irratia, RTBF Brusela, ARTE kanala. Nazioarteko hainbat lehiaketatako epaimahai-kide da, hala nola Chartres, Petr Eben Competition (Txekiar Errepublika), Dudelange (Luxenburgo), St. Maurice (Suitza), Grand Prix Jean-Louis Florentz, Groningen eta Haarlem (Herbehereak, 2024), eta zuzendari artistikoa da Orava Organ Prix (Eslovakia) nazioarteko lehiaketan.

2006tik Inprobisazioa irakasten du Donostiako "Musikene" Euskal Herriko Goi Mailako Musika Eskolan. Irakasle izan da Madrilgo Katarina Gurska Goi Mailako Ikastetxean eta gonbidatutako organo irakasle Kopenhageko Royal Danish Akademian.

Eskainiko duen egitaraua:

  • Louis Marchand 

( Lyon 1669 - París 1732 )

 Grand Dialogue en Ut /París, 1696/

  • Johann Sebastian BACH

( Eisenach 1685 - Leipzig 1750 )

 Aria F dur BWV 587*

 *François COUPERIN, L’Impériale

 Fantaisie et Fugue en la mineur BWV 904

  • Maurice RAVEL 

( Ciboure 1875 - Paris 1937 )

 Prélude /Le Tombeau de Couperin/

             Menuet sur le nom d’Haydn

  • Monica MELCOVA 

( Eslovaquia 1974 )

 Improvisación sobre temas populares del País Vasco

  • Visto: 109
Udalak oso ondo baloratu du herritarrek jaietan izan duten parte-hartze handia

Udalak oso ondo baloratu du herritarrek jaietan izan duten parte-hartze handia

Gure udalerriko kaleak musikaz, jokoz, festaz eta alaitasunez bete dira Santikutz jaietan. Handiek eta txikiek jaiez gozatu ahal izan dute txupinazoaren egunean hasi (apirilaren 30a) eta Mirandaolako erromeria amaitu arte (maiatzaren 5a).

Festa-giroa agerian izan da txoko guztietan, eta programatutako jarduera guztietan handia izan da parte-hartzea, eguraldiak horietako zenbaitetan lagundu ez badu ere. Ekitaldi tradizionaletatik hasi eta aire zabaleko kontzertuetara arte, herritarrak gogotsu hartu dute parte.

Udalak, jaiak baloratzean, bereziki nabarmendu nahi du herriko elkarteek antolatutako ekitaldietan jende asko bildu dela eta hori eskertzekoa da, haien lan eta dedikazio neketsua funtsezkoa baita jaiek arrakasta izan dezaten.

Udalak, halaber, herritarren jokabide eredugarria azpimarratu nahi du. Izan ere, jaiez arduraz eta errespetuz gozatu ahal izan dugu, ospakizun-giro seguru eta harmoniatsuan.

Horrela, gobernu-taldeak bere esker ona adierazi nahi dio komunitate osoari, guztion parte hartzeagatik, konpromisoagatik eta arduragatik. Era berean, Santikutz jaiak antolatu eta gauzatu ahal izateko ezinbestekoa izan den herriko elkarteek, boluntarioek eta laguntzaileek egindako lan nekaezina aitortu eta eskertu nahi du.

Testuinguru horretan, azpimarragarria da ere, udal-langileek egin duten lana. Haien profesionaltasuna eta prestutasuna funtsezkoak izan dira jaietako ekitalde bakoitzaren funtzionamendu egokia bermatzeko, antolaketaren, logistikaren, segurtasunaren eta garbitasunaren ikuspegitik.

  • Visto: 94