Inkesta honen helburu nagusia, KALEAK GARBITZEKO udal-zerbitzuari dagokionez herritarrek duten gogobetetze-maila ezagutzea da. Gainera, herritarrek hautemandako arazoak identifikatu nahi dira, hurrengo kontratua arautuko duten baldintza teknikoen agirien diseinuan landu ahal izateko. Izan ere agiri berriak egin behar dira, egun garbiketa-zerbitzua eskaintzen duen SEULA enpresarekin dugun kontratua 2024ko urriaren 11n iraungitzen delako.
Zure iritzia garrantzitsua da guretzat. Eskerrik asko zure laguntzagatik!
Legazpiko Udalak hasi ditu dagoeneko “Uztalai” udaleku irekiak antolatzeko lanak. Jarduera hori HH-2 eta LH-4 maila bitarteko herriko haurrei eskainiko zaie uztailean.
Hori dela eta, jarduera horretan lan egingo duten zuzendaria eta begiraleak hartzeko oinarriak onartu ditu Udalak eta bertan lan egiteko eskaerak aurkezteko epea zabalduko du bihar, astelehenean.
Bi modutara aurkez daitezke eskaerak:
1) Egoitza elektronikoaren bidez: Honetarako, tramitazioa hasi aurretik eskaera orria deskargatu eta beteta izan behar da egoitza elektronikoan atxiki ahal izateko.
2024ko apirileko kultur agenda prest dago eta ikusgai dago dagoeneko zehaztu dugun loturan.
Bertan hilabeteko ikuspegiaz gain, egunez eguneko ekitaldien jarraipena ere egin dezakezu.
KZguneari dagokionez lotura horretan aurkituko duzue ikastaro plangintza. Apirilean Legazpiko KZguneko begiralea arratsaldez egongo da 16:00etatik 20:00etara, apirilaren 8tik aurrera. Apirilaren 2tik 5era, pazko astean, KZgunea itxita egongo da.
Ikasleentzako iritsi zen egun handia, hain gogoko duten Korrika txikia ospatu zen atzo. Aurreko egunetan prestatu zituzten lekukoak hartu, petoak jantzi eta festa eder honetaz gozatzeko aukera izan zuten. Giro bikaina sortu zen Euskal Herria plazan, eguraldi onak lagunduta eta Oihan Vega Dj-arekin batera dantza eta salto egiteko aukera izan zuten.
Eskerrik asko ekitaldi honetan parte hartu duzuen eragile ezberdinei eta jarrai dezagun euskararen alde korrika egiten.
Santikutz Xake Elkartearen sorreraren 40. urteurrena ospatuz, aurten Euskadiko Xake Txapelketa Absolutuaren XXXV. Edizioa ospatuko da Agirre Etxeberrin, apirilaren 3tik 7ra. Aurtengo edizioan Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako 24 xake jokalari onenetarikoek hartuko dute parte.
Santikutz Xake Taldea 1984ko urtarrilean sortu zen. Garai hartan Ricardo Burguera buru zuen gazte talde batek kluba sortu zuen eta jende askori Legazpin xakean aritzeko aukera eman zion. 1998ra arte 14 urteko lehen ibilbidea egin ondoren, klubak 10 urtez utzi zion bere jarduerari. Urte hauetan Legazpin xakerik egin gabe egon ondoren, Patxi Imazek gidatutako zale talde batek 2008an Santikutzeko kluba birsortu zuen eta gaur egun arte haur eta helduei xakea praktikatzeko aukera eman die. Horrela, 40. urteurrenaren barruan, Santikutz Xake Taldeak Euskadiko Xake Txapelketa Absolutuaren XXXV. edizioa antolatu du. Bertan, parte-hartzaileen artean, tituludun eta oso maila altuko hamaika jokalari egongo dira. Xakean, jokalarien maila duten tituluaren arabera neurtzen da. Aurtengo edizioan 3 Maisu Handik hartuko dute parte, xakean maila gorena: Paul Velten, Donostiako Gros Xake Taldekoa; Salvador del Rio Maisu Handia, Sestaokoa eta Espainiako txapelduna 2018an; eta Mikel Huerga nafar Maisu Handia, Euskadiko txapeldun birritan. Era berean, nabarmentzekoak dira Santiago Gonzalez Groseko klubeko Nazioarteko Maisuak (xakeko bigarren maisu-maila), sei aldiz Euskadiko txapeldun izandakoa, Iñigo Argandoña Nazioarteko Maisua, egungo txapelduna, eta Unai Garbisu Nazioarteko Maisua, 2024ko Euskal Ligako jokalari onena. Bizkaitik 4 FIDE maisu, xakeko hirugarren maila, Sergio Trigo, David Becerra, David Martinez eta Alain Prieto arituko dira. Era berean, Euskadiko gazterik garrantzitsuenetako batzuek ere parte hartuko dute, hala nola Alex Odriozolak, Aimar Alvarezek eta Oier Sarasketak. Emakumezkoen presentzia ere izango du txapelketak, Miriam Parkhurst mexikarra eta Katerina Grigorchuk ukrainarrarekin. Era berean, Legazpin 40 urte hauetan izan dugun herriko jokalaririk onena izango dugu, Markel Vesga hain zuzen ere.
Programa:
Txapelketak zazpi partida izango ditu, Agirre Etxeberrin, eta honela banatuko dira:
Apirilaren 3an, 17:00etan
Apirilaren 4an, 10:00etan eta 17:00etan
Apirilaren 5ean, 17:00etan
Apirilaren 6an, 10:00etan eta 17:00etan
Apirilaren 7an, 10:00etan
Partidak internet bidez emango dira eta edonork ikusi ahal izango ditu zuzenean ere Agirre-Etxeberrin. Partida bakoitzaren iraupenari dagokionez, jokalari bakoitzak ordu eta erdi izango ditu eta 30 segundo gehiago egindako mugimendu bakoitzeko. Beraz, litekeena da partida bakoitza 4 ordutik gora luzatu ahal izatea. Txapelketaren aurreko egunetan 32 pieza erraldoi egongo dira gure udalerriko hainbat tokitan, gure herriko kirolarentzat eta kulturarentzat oso garrantzitsua den ekitaldi hau legazpiar guztiei gogorarazteko. Halaber, apirilaren 4an, 10.00etan, haurrentzako txapelketa bat egingo dugu Agirre Etxeberrin.