Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
Ipuin kontaketa saioa Legazpiko Udal Liburutegian

Ipuin kontaketa saioa Legazpiko Udal Liburutegian

Martxoaren 6an, asteazkena arratsaldeko 18:00etan, urteko bigarren ipuin kontaketa saioa egingo da Legazpiko Udal Liburutegian, oraingoan 3-5 urte bitarteko haurrei zuzendua.

Izaskun Mujika izango dugu kontalari saio honetan.

 

  • Visto: 71
Etxebizitzaren gaiari lotutako inkesta

Etxebizitzaren gaiari lotutako inkesta

Orain hilabete batzuk Legazpiko Etxebizitza beharren inguruko azterketa egin, eta Ezkurrenea eraikina baliatuz etxebizitzaren arazoari erantzun bat emateko prozesua abiatu zuen Legazpiko udalak. Hilabete hauetan herriko eragile ezberdinekin  elkarrizketak burutu ondoren, herri osoari prozesua zabaltzeko unea iritsi da. Horretarako, etxebizitzari lotuta herritarrek bizi duten errealitatea ezagutzeko, inkesta bat zabalduko du Legazpiko udalak.

Inkestaren bidez bi motatako informazioa jaso nahi da, alde batetik etxebizitzaren gaiari lotutako informazio orokorra, eta beste alde batetik konkretuki Ezkurrenean garatu nahi den alokairu publikoko etxebizitzen proiektuaren inguruan jendeak izan dezakeen iritzia.

Galdetegia bai modu telematikoan eta bai modu fisikoan betetzeko aukera egongo da. Era telematikoan erantzuteko, https://labur.eus/legazpietxebizitza helbidea jarraituz egin daiteke.Arrakala digitalaz jakitun, eta herritar oroko galdetegia erantzuteko aukera izan dezan udal eraikin publikoen sarreretan inkesta fisikoak eskuragarri jarriko dira: 

Udaletxean, Kultur Etxean, Gizarte Zentroan, Kiroldegian eta Euskaltegian...

Inkesta bihartik aurrera erantzun ahal izango da, eta udaleko ohiko komunikazio kanaletatik zabalduko da honen berri. Inkesta betetzeko linka herrian zehar jarriko diren karteletako Qr kodea jarraituz ere eskuratu ahal izango da. Inkesta betetzeko hamabost eguneko epea jarri du udalak, martxoak 15a izango da inkesta betetzeko azken eguna.

Udalak bere iritzia ematera animatzen ditu herritarrak.

Eman zure iritzia

  • Visto: 93
Ostiralean landatuko da Porrotx eta Marimotots pailazoek oparitutako pagoa

Ostiralean landatuko da Porrotx eta Marimotots pailazoek oparitutako pagoa

Datorren ostiralean, martxoaren 1ean, 10:15ean, udaleko eta herriko ikastetxeetako ordezkariek, Porrotx eta Marimotots pailazoek oparitutako pagoa landatuko dute Santa Cruz egoitzako lorategian.

Azaroaren 28an pailazoek Latxartegi aretoan eskaini zuten “Ez gara jaitsiko!” ikuskizunarekin bat eginez, Udalak dei bat egin nahi izan die haurrei, natura eta pertsonen zaintzatik “ez jaisteko”.

Horrela, 2021ean egin genuen bezala, oraingoan ere, ikuskizunean parte hartu zuten HH-3. mailatik LH-4.mailara bitarteko 455 ikasleei iritzia eskatu zaie.

Pagoa landatzeko 4 gune zeuden: Mirandaola parkea, Juanastegi 2 helbida duen etxearen atzeko zelaia, Santa Cruz egoitzako lorategia eta Juanastegi 20 helbidearen inguruko belardia. Ikasleek lau aukera horietatik bat aukeratu behar izan dute.

Aukeraketan 400 ikaslek hartu dute parteeta hona hemen emaitzak:

  1. Mirandaola parkea, 136 boto.
  2. Juanastegi 2 etxearen atzeko zelaia, 40 boto.
  3. Santa Cruz egoitzako lorategia, 145 boto
  4. Juanastegi 20aren inguruko belardia, 79 boto.

Beraz, pagoa Santa Cruz egoitzako lorategian landatuko da.

Iritzia eman duten neska-mutilen artean, udalak zozketa egin du eta irabazle suertatu diren 4 ikasleak honakoak izan dira: HH3ko Ekain Benitez eta LH3ko Lola Conforti, Urko Rebollar eta Alias Adriel Gonzalez.

Hori dela eta, ostiralean aipatutako ikasleek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen “Ez gara jaitsiko” ipuina eta diskoa jasoko dute eta pagoa landatuko dute, Domingo Agirre eskola, Haztegi ikastolako, Santa Cruz egoitzako eta Legazpiko udaleko ordezkariekin batera.

Gaurtik aurrera, legazpiarrok Santa Cruz egoitzako lorategian leku bat dugu. Batetik, pagoa ikusteko eta haurrei natura eta pertsonen zaintzatik “ez jaisteko” gogorarazteko; eta bestetik, 2021ean landatu zen intxaurrondoa ikusteko eta joan zaizkigun lagun txiki eta handiak oroitzeko, eta haiekin izandako bizipenak irribarre batekin gogoratzeko.

 

  • Visto: 78
Motorrak berriro orroka Legazpin

Motorrak berriro orroka Legazpin

Bosteko Eskuderia Gabiria-Legazpi XXVI. Rallysprint-a antolatuko du datorren larunbatean, martxoak 2. 71 taldek hartuko dute parte espezialitateko Euskadiko eta Gipuzkoako Txapelketarako lehenengo proban. Aitzol Apalantza, Alberto Marcos, Gorka Eizmendi eta Mattin Villares, garaipena lortzeko faboritoen tartean.

Datorren larunbatean, martxoak 2, hasiko da euskal automobilismo denboraldia Gabiria-Legazpi Rallysprintarekin. Bosteko, talde sortu berria arduratuko da proba ondo eramateaz. Ostiral arratsaldean, 18:00etatik 21:00etara, aukerako administrazio eta egiaztapen teknikoak egingo dira Aitxuri Jatetxean eta Legazpiko industrialdean, Transportes Etxalekuko instalazioen aurrean, hurrenez hurren. Larunbat goizean, 8:00etatik aurrera, egiaztapen administratibo eta teknikoak egingo dira Udalaren bulegoetan eta Legazpiko plazan. Ondoren, 11:15ean, ibilgailuak plazatik aterako dira Ezkioko Anduaga industrialdeko asistentzia-gunerantz. Bertan, parte hartzen duten taldeek azken doikuntzak egingo dizkiete autoei, eta gurpil egokiak aukeratuko dituzte. Erlojupeko lehenengo tramoa 12:00etan hasiko da eta lehenengo ibilgailua Gabiriatik abiatuko da Legazpirako noranzkoan, 6,65 km egiteko. Aurten bi txanda egingo dira noranzko bakoitzean. Goizean Gabiria-Legazpiko noranzkoan eta arratsaldean beste bi Legazpi-Gabiriako noranzkoan. Bigarren txanda 13:45 aldera hastea espero da. Arratsaldeko saioak, hurrenez hurren, 16:00ak eta 17:45ak inguruan izatea espero dira.

Ondoren, ibilgailuek Legazpiko Kale Nagusian amaituko dute proba eta bertan sari eta garaikurren sarrera egingo da, 20:00ak inguruan.

INSKRIPZIO EDERRA:

Urtero bezala, Gabiria-Legazpi Rallysprintak ikusmin handia sortzen du talde eta ikusleen artean, denboraldia hasteko irrika baitaude. 71 taldek eman dute izena, eta horien artean Aitzol Apalantza joan dan urteko Euskadiko Rallysprint txapelduna nabarmentzen da, Olatz San Miguelekin taldea osatuz eta Hyundai i20 R5 moderno batekin lehiatuz. Alberto Marcosek eta Maialen Guridik BMW M3 batekin bigarren bukatu zuten iazko edizioan eta aurten txapela lortzen saiatuko dira. Gorka Eizmendi eta Esti Armendariz Citroën C3 N5 batekin lehiatuko dira, eta garaipena lortzeko lehian ere arituko dira. Mattin Villares eta Alain Agirre Renault Clio Maxi ikusgarriarekin ere txapelaren bila lehiatuko dira. Zerrendan, auto txikiak lehen postuetan ikusteak harritzen du baina denboraldiko lehen proban lehentasuna dutenez, aurreko urteko rallysprint txapelketako lehen 6 sailkatuek duten eskubidea da. Apalantza eta Marcosez gain, Xabier Mujika-Miriam Iztuetak (Citroën Saxo VTS), Iraitz Olariaga-Josu Odriozolak (Honda Civic) eta Ander Odriozola-Jon Albizurik (BMW 325i) irabazi dute eskubide hori eta ezin dugu baztertu ohorezko postuengatik borrokan aritzea.

Gorka Idigoras-Nerea Campos (Renault Clio ondo finduta), Iker Santesteban-Eneko Martinez (Navarro egungo txapelduna) eta Iker Etxeberria-Aitor Antoñana (BMW M3) dira emaitza on bat lortzeko aukerak dituzten pilotuak ere. Gurutz Agirretxe-Mikel Labakak, BMW 1Mrekin, euren ibilgailuen fidagarritasun arazoak gainditu dituzte eta orain erritmoa handitzeko prest daude. Miguel Otegui eta Giovanni Breda beteranoek Porsche 996 GT3 batekin parte hartzen dute, Rally Historikoen denboraldirako prestaketa gisa. Azken finean, auto eta pilotu on asko bilduko dira larunbat honetan Legazpin.

SEGURTASUNA:

Beste behin ere, zaleei leku seguruetan jartzeko eskatu behar diegu, inoiz ez aurreko egunetan antolatzaileek jartzen dituzten zinta gorrien edo kartelen bidez arriskutsu gisa markatutako lekuetan. Leku arriskutsu horiek kurben irteera, balaztatzeak eta hartxintxarrak ateratzen diren lekuak izan ohi dira. Eta oso garrantzitsua da, inoiz ez ibilbidera irtetea. Tramo hori ezin hobeto ikus daiteke zuhurtziazko distantzia batetik, norberarengana edo parte-hartzaileengana arriskuan jarri gabe. Aurten, gainera, kontuan izan behar da noranzko batean ondo kokatuta dagoen publikoa ezin dela bestean egon. Beraz, mesedez, kasu egin segurtasun-autoari, lehen ibilgailua irten baino 30 minutu lehenago igarotzen baita ibilbidetik. Kasu egin behar zaie komisarioen jarraibideei, probaren garapena arina izan dadin. Gogoan izan debekatuta dagoela sua egitea, eta bertaratzen direnei eskatzen zaie eraman ditzatela ekartzen dituzten hondakinak, mendia ez dela zabortegia.

Denborak zuzenean jarraitu ahal izango dira

www.fotomotor.es

Ikusi izena eman dutenen zerrenda

  • Visto: 89
Udalak Plan Orokorra auzoekin lantzeko saio bereziak antolatu ditu

Udalak Plan Orokorra auzoekin lantzeko saio bereziak antolatu ditu

Otsailean zehar Legazpiko Herria Antolatzeko Plan Orokorraren Aurrerapena ezagutarazi eta lantzeko hainbat saio egin dira herritarrekin. Parte-hartze prozesua aberasgarria izan da izan diren eztabaida eraikitzaileengatik eta jendeak erakutsitako interesagatik. Saio horietan herritarren kezka gehienak auzo hauetakoak direla detektatu da: Zaldu, Telleriarte eta Brinkola.

Plan Orokorraren Aurrerapena zirriborro baten antzekoa da, eztabaidarako oinarri gisa mahairatzen dena ondorengo pausuen oinarriak finkatzeko. Proposamen hori findu eta legazpiarren beharretara egokitzeko, Udalak uste du oso garrantzitsua dela aipatutako hiru auzoetako herritarrek hurrengo saioetan parte-hartzea, zeinetan berariaz auzo bakoitzeko arazo eta beharrak landuko diren.

Saio guztiak Udaletxean izango dira, hurrengo asteazkenean, martxoaren 6an. Ordutegia:

  • Zaldu, 12.00tan.
  • Brinkola, 13.00tan.
  • Telleriarte, 14.00tan.

Bertaratzea baieztatzea eskertuko da:

  • Telefono bidez: 943737165
  • Mezu elektroniko bidez: Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.

Gogoratu, hainbatetan aipatu den bezala, martxoaren 29ra arte herritar orok izango duela Plan Orokorraren Aurrerapenaren inguruaniradokizun eta ekarpenak egiteko aukera.

Iradokizun horiek idatziz udal-erregistro bidez aurkeztu beharko dira eta udalaren erantzuna jasoko dute.

Planari buruzko informazio gehiago 

  • Visto: 75