Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
Uztaileko egutegiaren asmakizunaren erantzuna: Guraizeak

Uztaileko egutegiaren asmakizunaren erantzuna: Guraizeak

Zer ote, eta zer ote? Puntan bi punta eta atzean bi zulo dituena? Eta hileko orrialdean ume mordoa ageri da lurrean etzanda mural baten inguruan, eta gehixeago erreparatuz gero, irudiaren erdi parean guraize arrosak.

Eta horixe zen, hain zuzen ere, asmakizunaren erantzuna: GURAIZEAK edota artaziak. Puntan bi punta ditu, hobe zorrotzak, eta atzeko heldulekuan bi zulo. Eskoletan, udalekuetan, lorategietan, kirofanoetan, arraindegietan, ileapaindegietan… nonahi ditugu guraizeak, beti prest, batzuetan zorrotzago, kamutsago beste batzuetan, ebakitzeko pronto beti.

Umeek guraizeekin bezala, hizkuntzak hitzekin jolasten du askotan. “Pipitaki, papataki” jakin aditzarekin jolasten duten hitzekin hasi ditugu asmakizunak, hitz jostariak. Eta beste hitz jostari polit batzuk bilatzen ibili gara:

  • Tipili-topolo esaten dugu umetxoak edo adineko pertsonak trakes samar dabiltzala adierazi nahi dugunean.
  • Ikusi-makusi hitz jokoa erabiltzen dugu zer asma jokorako.

Bistan denez, bokalak eta kontsonanteak aldatuta eraldatzen dugu hitza jolas puntua emateko:

  • Binbili-bonbolo, zizka-mizka, esamesa, duda-muda, xiri-miri, firin-faran, tipi-tapa…

Hizkuntza bezain zaharra da hizkuntzarekin jolasteko ohitura eta gizakiaren alderdi ludikoa erakusten du, alderdi magikoa.

Batzuetan, goxotasuna adierazi nahi izaten dugu aukeratutako soinuen bidez: mara-mara; loa loa txuntxurrun berde…

Beste batzuetan, zakarkeria: burrunda; durundia; karraka; trumoia…

Magia ere bai: ikimilikiliklik; artxila murtxila; baga, biga, higa…

Naturaren soinuak eta onomatopeiak ugariak dira:

Zaunka egiten du txakurrak; bor-bor eltzeak; plisti-plasta egiten dugu uretan; xapi! esaten diogu katuari alde egin dezan; trakatan-trakatan doa zaldia; korrok egiten du gizonak sabela ondo bete eta gero, eta zanga-zanga gogotik edaten dugunean; txutxumutxuka ibiltzen da jendea kalean; eta ixo! esaten diegu isilarazteko; kosk egiten diogu ogiari; zintz mukiak kentzeko; xirrist egiten dugu platano azala zapalduta, eta punba lurrera erortzen garenean; txin-txin egiten du diruak; dilin-dalan kanpaiak, din-dan erlojuak, txirrin txirrinak eta danba! ateak, zakar ixten dugunean.

Ume hizkeran ere horrelako asko ditugu, umeak zuzen hitz egiten hasi aurretik ikasten dituenak komunikatu ahal izateko: 

Pa ematen diogu umeari; apapa joaten gara eskutik hartuta; apatxin esertzen dugu magalean; lo-lo egiten du haurrak; txitxia jan eta mama goxoa edaten du; fu egiten diogu zopa beroari; tilin-talan ibiltzen da batera eta bestera gure besoetan… Bistan denez, txiki-txikitatik jolasten dugu hizkuntzarekin.

Eta horietako asko abestietan ere azaltzen zaizkigu. Zuek ere entzungo zenituzten:

  • Txintxin-txintxin diruaren hotsa…
  • Mahatsaren orpotik dator mama goxoa…
  • Tilin-talan-tolon, din-dan boleran…
  • Binbili-bonbolo zein da lo…
  • Trakatan-trakatan hiru errege…
  • Ikusi-makusi zer ikusi…
  • Baga, biga, higa, laga, boga, sega (…) xirristi-mirristi gerrena plat, olio zopa, kikili salda, urrup edan edo klik, ikimilikiliklik…

Eta datorren hilabetean zer ote, eta zer ote? Pipitaki papataki nik badakit!

  • Visto: 102
UZTAKALE 2021

UZTAKALE 2021

Aurtengoan ere egitarau oparoa izan dugu. 
Indarren dauden arauei jarraituz, 
emanaldi gehienak espazio finkoetan egin behar izan baditugu ere, 
edukiera mugak zaindu ahal izateko,
bikaina izan da kalean zuekin topo egitea kulturaz gozatzen. 
 
Irailean elkar ikusiko dugu berriz ere.
 

Argazkiak irudi galerian

  • Visto: 77
Legazpiko Udalaren adierazpena, Rosario Zabaleta Cortaberria Legazpiko Udaleko zinegotzi ohiaren heriotza dela eta

Legazpiko Udalaren adierazpena, Rosario Zabaleta Cortaberria Legazpiko Udaleko zinegotzi ohiaren heriotza dela eta

Legazpiko Udaleko Bozeramaileak bere samina adierazi nahi du 1979-1983 urteetan Legazpiko Udaleko zinegotzia izan zen Rosario Zabaleta Cortaberria anderearen heriotza dela eta. Horretaz gain, bere dolumina adierazi nahi die familiari, lagunei eta senitartekoei.
 
Legazpiko Udalak eskertu egin nahi du 1979-1983 urteetan Rosario Zabaleta Cortaberria andereak Legazpiko herriaren alde egin zuen lana eta ardura horri eskaini zion dedikazioa.
 
Legazpin, 2021ko abuztuaren 2an
  • Visto: 79
Zerbait galtzen edo aurkitzen badut… zer egin behar dut?

Zerbait galtzen edo aurkitzen badut… zer egin behar dut?

Galdu duzuna aurkitu edo aurkitu duzuna entregatu ahal izateko, Udalak galdutako objektuen zerbitzua eskaintzen du Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ).

Zerbitzu horretan, aurkitu duzun eta norena den ez dakizun objektua entregatu dezakezu, edo galdu duzun eta zurea den objektua berreskuratu dezakegu.

Zerbait galdu badut, zer egin behar dut?

Udalaren 010 doako telefonora edo 943 737030 telefonora deitu eta galdu duzun objektua agertu den galdetu dezakezu. Edo zuzenean HAZera joan zaitezke, astelehenetik ostiralera, 7:30etik 15:00etara, eta bertan galdetu ea galdutako objektua jaso den.

Objektuaren jabetza frogatuko duen informazioa eman ondoren, udal-langileek objektua emango dizute.

Telefonoz:

Udalerritik bertatik, HAZ: 010 

Kanpotik, HAZ: 943 73 70 30

Aurrez aurre:

HAZ bulegoa

Euskalerria plaza, 1

Astelehenetik ostiralera

7:30 - 15:00

 

Zerrenda honetan, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan jasotako objektu galduak ikus daitezke

Ikusi objetuen zerrenda

  • Visto: 31
40.000 euro 3k bonuetan

40.000 euro 3k bonuetan

Joan den uztailaren 28an, Legazpiko Udaleko Osoko Bilkurak 3K Bonuen programa abian jartzea onartu zuen. Horretarako 40.000 euroko aurrekontua jarri du.

COVID-19 pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren aurrean Legazpiko merkataritzari eta mikroenpresei laguntzeko neurriak dira bonu horiek.

8.000 bonu jarriko dira zirkulazioan, merkataritzarentzat eta 10 enplegu arteko enpresentzat. Helburua erosketak Legazpin egitea da.

Bezeroek ere onurak izango dituzte, merkeago erosiko baitute.

Atxikitako establezimenduetan 20 € edo gehiago gastatzen duen edonork 5 €-ko beherapena izango du. Udalak zuzenean ordainduko dio zenbateko hori dendari.

Bezeroek ez dute ezer berezirik egin behar. Bakarrik NAN-zenbakia eman behar diote dendariari.

Faktura bakoitzeko gehienez 10 bonu aplikatu ahal izango dira..

Programa honekin bat egin nahi duten saltokiek eta mikroenpresek udaletxean eman beharko dute izena,  deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, ziurrenik irailaren hasieran. Udalak data zehatzen berri emango du.

Iaz Legazpiko Udalak lehen aldiz jarri zuen martxan 3K Bonuen programa eta balorazio ona egin zuen.

68 jarduerak parte hartu zuten, 7.584 bonu erabili ziren (75.840 €) eta programak 672.785 euroko erosketak sortu zituen.

Denda, mikroenpresa eta legazpiarrak animatu nahi ditu Udalak kanpaina honetan parte hartzera!

  • Visto: 72