Ilintik kanpaina berri bat jarri du martxan, jada ezaguna den Porra! aurten berrikuntza batzuekin. Oraingo honetan, abanikoen kopuru zehatza aurkitu beharko da. Ekainaren 9tik 24ra bitartean Ilintiko dendetan Porra!-n parte hartzeko txartelak banatuko dira.
Zer egin behar da?
Maparen laguntzaz, kanpainan parte hartu duten Ilintiko 6 saltokiak lokalizatzea, hainbat kaletan banatuta, eta erakusleihoetan guztira zenbat abaniko dauden asmatzea. Kontuan izan seiak batu behar dituzula! Kopuru zehatzera gehien hurbiltzen den pertsonak, pasatu gabe, 300 €-ko erosketa txartela irabaziko du Ilintiko saltokietan trukatzeko. Berdinketa gertatuz gero, zozketa egingo da.
Animatu eta parte hartu!
Visto: 117
Escrito por Legazpiko Udala el . Publicado en Albisteak.
Korpus Zortzigarrenean urtero egiten den ekitaldi hau, aurtengoan ekainaren 26an egingo da, dagokion egunean, 19:00etan Euskal Herria plazan eta bertan, 12 urtetik gorako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute.
Aurten, deialdi berezia egin dute udaletik, urtetik urtera parte-hartzeak behera egin izan duelako, mende luzeetako tradizioak jarraituko badu, ezinbestekoa delako jendeak parte hartzea.
Parte hartu nahi dutenek hitzordura azaldu besterik ez dute egin beharko, eta txandaka-txandaka jokoan parte hartzeko aukera izango dute.
Joko hau dugu, hain zuzen, garai bateko Korpus Zortzigarreneko jai giro eta egitarautik oraindik ere egiten den bakarra. Jokoaren nondik norakoa ilun samarra dugu. Batzuek diotenez, “antzara jokoa” bezalaxe, gure hau ere Europatik ekarri eta gure herrietan XVIII. mendean zabaldu zen. Beste batzuek, aldiz, joko hauek aurretik ere izan zirela baieztatzen dute. Dena den, XVIII. eta XIX. mendeetan hain hedatua zen oilar jokoa dagoeneko desagertu da herriko plazetatik, eta Legazpi dugu ohitura hori oraindik mantentzen duen herri bakarretakoa.
20 euro irabazlearentzat
Garai batean, oilarraren parera iristea lortzen zuen parte-hartzaileak ezpatarekin lepoa moztu behar zion animaliari, eta oilarra bera eramango zuen etxera, sari gisa. Gaur egun, ordea, ez da horrelakorik egiten. Oilarraren parera iritsi eta ezpatarekin oilarra barruan izango duen biribil bat egin behar du. Hori egiteko gai denak 20 € eramango du saritzat. Alabaina, bada aspaldiko garaietatik eutsi zaion ezaugarri bat: txistulariek "Tranka-tranka" doinua jo izan dute beti, baita gaur egun ere. Joko honetan baino ez dute jotzen txistulariek doinu hori.
Irailaren 7an ospatuko da aurten Artzain Eguna Legazpin eta bertan postuak jartzeko izen-ematea zabalik egongo da, ekainaren 29ra arte.
Inguruko artisau, zein saltzaileek beren produktuak erakusten dituzte artzain egunean. Egun honetan postu bat jarri ahal izateko, aurretik izena eman behar da. Izena emateko azken eguna: 2025ko ekainaren 29a.
Eskaera guztiak jaso ondoren, eta jasotzen diren eskaeren kopuruaren eta produktu motaren arabera, proposamenak aztertuko dira, azokarekin lotutako produktuen barietatea bermatzeko.
Garrantzitsua izango da artzain munduarekin erlazionatutako postuak izatea.
Uztailaren hasieran jasoko duzue zuen eskaeraren erantzuna.
Visto: 91
Escrito por Legazpiko Udala el . Publicado en Albisteak.
Legazpiko Hezkuntza Mahaia 2024 urte hasieran sortu zen, herriko hezkuntza formal eta ez-formaleko eragileak modu eraginkorrean koordinatzeko eta herriko hezkuntza errealitateari dagozkion erronkak modu partekatuan lantzeko espazio gisa.
Mahaiak 2024-2025 ikasturteko plangintzan identifikatutako lan-ildoetako bat izan da Legazpiko haur, nerabe eta gazteen ongizate emozionala kaltetzen duten problematiken inguruan hausnarketa egitea. Eta horrekin batera, ondoezei erantzun eta egoera hobetu ahal izateko, esku-hartze lerroak identifikatzea.
Ildo horretatik, ongizate emozionalaren gaian haur eta nerabeen ahotsa erdigunean jarri asmoz, lanketa bat egin da Legazpiko LH6ko eta DBH3ko ikasleekin.
Zehazki, herriko ikasgelak espazio zainduak eta seguruak izan daitezen, ongizate emozionalaren gaia landu da, begirada berdinen arteko harreman eta portaeretan eta horiek haur eta nerabeen ongizate emozionalean duten eraginean jarrita.
Ekainaren 12an, lanketan parte hartu duten 160 ikasle inguru elkartuko dira Azokan, eta hitzordu hori baliatuko da herriari eta udal gobernuko ordezkariei egindako lana aurkezteko, ikasleen arteko harremanetan eragiteko eta ikastetxeetan egindako lanketetatik abiatuta, guztion artean herri mailarako dekalogo bateratu bat sortzeko.
Visto: 104
Escrito por Legazpiko Udala el . Publicado en Albisteak.
Ekintza ugari aurrera eraman ziren aurreko asteburuan Hegialdeko jaietan zehar eta hauen artean larunbatean izandako Alaitasuna Errondailaren erronda eta herri bazkariaren argazkiak dituzue hemen ikusgai.