Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
“Miserableak” Musikala Musika eta Arte Eszenikoak DVDan zikloan

“Miserableak” Musikala Musika eta Arte Eszenikoak DVDan zikloan

“Miserableak” erabat abestiez osatutako musikala da. Obra Victor Hugo idazleak idatzi zuen izen bereko eleberrian oinarritzen da. Musikaren egilea Claude-Michel Schönberg da; frantsesezko letra orijinalak Alain Boublilenak eta Jean-Marc Natelenak dira eta Herbert Kretzmer ingelesarena izan da egokitze-lanaren ardura.

Frantzian kokatzen da gertakizuna, XIX. mende hasieran. Bertan Jean Valjean preso ohiaren historia kontatzen da. Indar handiko gizona, erredentzioa bilatzen du ogi biribil bat lapurtzeagatik hemeretzi urte kartzelan igaro ondoren. Bere iraganaren erruz, lana aurkitu ezinik, Valjean bere bidea aurkitzen du apezpiku on bati esker. Apezpikuak identitate faltsua hartzera gonbidatzen du, modu horretan Jabert inspektorearen atzaparretatik behingoz ihes egin dezan. Bidean, Valjean eta beste pertsonaia batzuk iraultza baten erdian aurkituko dira, non ikasle gazte talde bat euren idealen alde borrokatzen ari den Pariseko kaleetan.

Eskainiko den lanaren nondik norakoak biltzen dituen esku-orria paperean nahi duenak, emanaldiaren sarreran eskatu eta emango zaio.

Bizi dugun egoeraren ondorioz, Areto Nagusiak edukiera mugatua duenez, aurrez izen-ematea egitea gomendatzen da, Kultur Etxeko Harrerara gerturatuz edo 943737202 telefonora deituz.

  • Visto: 112
Gizarte-zentroko taberna-jantoki zerbitzua berriro martxan

Gizarte-zentroko taberna-jantoki zerbitzua berriro martxan

Gizarte-zentroko taberna eta jantokiaren zerbitzua esleitu ondoren, berriz irekiko da, astelehenetik ostiralera, honako ordutegiarekin:

• Goizez, 08:30etik 14:00etara.

• Arratsaldez, 16:00etatik 20:30era.

Esleipenduna izan da lizitaziora aurkeztu den bakarra.

Taberna zerbitzua eskaintzeaz eta eguneko zentroko erabiltzaileentzako otorduak prestatzeaz gain, edonorentzako eguneko menuak ere eskainiko ditu.

Kontratuaren edo gauzatze-epearen iraupena 2 urtekoa izango da, eta beste 2 urtez luzatu ahal izango da.

Gizarte-zentroko taberna alarma-egoera deklaratu baino bi egun lehenago itxi zen, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko Estatuko Presidentetzaren Ministerioaren 463/2020 Errege-dekretua aplikatuta; zehazki, 2020ko martxoaren 12an itxi zen taberna.

Ondoren Kontingentzia-plan bat egin da, COVID-19a transmititzeko arriskua saihesteko hartu behar diren segurtasun-neurri guztiak aurreikusten dituena.

Ia urtebete itxita egon ondoren, Udalak instalazio horiez eta konpainia onaz urteetan gozatu duten pertsona guztiak animatu nahi ditu Gizarte-zentroko tabernara joateko ohitura berreskuratzera.

Era berean, zerbitzu hori ezagutzen ez dutenei ere bertara joan eta aisialdiaz gozatzeko gonbita egiten diegu.

  • Visto: 118
Otsaileko egutegiaren asmakizunaren erantzuna: Lotsa

Otsaileko egutegiaren asmakizunaren erantzuna: Lotsa

Hauxe  zen asmakizuna: Zer dela eta zer dela, ez daukanak daukanari ematen diona?.

Eduki ez, eta daukanari eman? Ez da erraza hori ulertzea!

‘Arrazoia’ pentsatu du baten batek. Arrazoia norberak izan ez eta badaukanari ematen omen zaio. Beharko bai! Baina ez gara oso emanak arrazoia inori ematen.

Gure lehiaketan, Inauterietako irudiak badu zerikusirik erantzunarekin. Beraz, beste aukera baten bila jo dugu: ‘LOTSA’. Hori bai!

Inauterietan lotsarik ez daukanak gozatu egiten du majo! Lotsa daukanari lotsa sentiarazteraino askotan.

Beraz, LOTSAk euskararekin duen lotura izango dugu hizpide oraingoan.

Euskara edota edozein hizkuntza ikasten ari den edonork lotsa sentitzea ohikoa da, bere burua barregarri sumatzea eta baita zer esan ez dakiela geratzea ere. Horregatik, aholku batzuk eman dizkigute euskaltegiko irakasleek, lotsa eta beldurrari aurre egiteko, hizkuntzak ikasi eta jendaurrean lasai hitz egiteko.

  • Lotsa sentitzen duzula onartu lasai. Beldurra eta lotsa bezalako sentsazioak dituzula konturatzea ona da. Askeago sentituko zara eta ausartago jokatuko duzu.
  • Saia zaitez, ahal den neurrian,  zeri buruz hitz egingo duzun aurreikusten, eta horri lotutako esaldiak eta hitzak aurretik presta itzazu.
  • Galdetu. Ez geratu duda barruan duzula. Ez izan beldurrik inori galdetzeko eta ingurukoek ere segur aski gustura lagunduko dizute. Galdera txar bakarra egiten ez dena da.
  • Ez jokatu zorrotz zure buruarekin. Hizkuntza bat ikasten ari zara. Akatsak egitea normala da, ikasketa prozesuaren parte da eta ez da ezer txarrik gertatzen. Gainera, akatsek eta zailtasunek zer hobetu erakutsiko dizute.
  • Mintzalaguna bezalako egitasmoetan parte har ezazu. Hemen Legazpin urteak dira euskara ikasten ari direnak eta euskal hiztunak elkartzen direla, eta emaitza ederrak eman ditu elkarlan horrek. Anima zaitez!
  • Aukeratu solaskideak eta egoerak. Aukera itzazu egokiak iruditzen zaizkizun egoerak, pertsonak eta momentuak. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan. Legazpin baduzu aukera!
  • Ikasi. Zenbat eta gehiago ezagutu hizkuntza, orduan eta baliabide gehiago izango dituzu komunikatzeko eta erosoago arituko zara.
  • Erabili. Lotsarik gabe. Bizikletaz ibiltzen ikasi genuenean bezalaxe, ez baitago ikasterik ibili gabe. Hizkuntzarekin berdin, ez dago ikasterik erabili gabe.

Kontuan izatekoak dira, bai, aholku hauek. Ez dira aholku txarrak! Animatuko gara eta lotsarik gabe eragingo diogu mingainari.

  • Visto: 104
KZgunearen zuzeneko hitzaldiak martxoan

KZgunearen zuzeneko hitzaldiak martxoan

Aurrez aurreko zerbitzuez gain, KZguneak martxorako ere  Youtube KZguneaTIC bidez zuzeneko hitzaldi berriak antolatu ditu.

Gure zuzeneko hitzaldietara joateko, interesa duten pertsonek Interneterako konexioa baino ez dute behar, YouTubeko ekitaldirako sarrera librea izango baita (ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea). Gogora dezagun, gainera, hitzaldi guztiak YouTubeko gure kanalean grabatuta geratuko direla, geroratuta ikusteko.

Martxoko urruneko hitzaldien plangintza honako hau da:

1. astea: Bideokonferentziak egiteko aplikazioak
- Martxoak 2, 19:00 - 19:30 / Euskaraz. Hitzaldirako esteka hemen.

- Martxoak 4, 19:00 - 19:30 / Gaztelaniaz. Hitzaldirako esteka hemen.

2. astea: Windows Linuxen aurrean
- Martxoak 9, 19:00 - 19:30 / Euskaraz. Hitzaldirako esteka hemen.

- Martxoak 11, 19:00 - 19:30 / Gaztelaniaz. Hitzaldirako esteka hemen.

3. astea: Mugikorraren erabilera kontrolatzeko aplikazioak
- Martxoak 16, 19:00 - 19:30 / Euskaraz. Hitzaldirako esteka hemen.

- Martxoak 18, 19:00 - 19:30 / Gaztelaniaz. Hitzaldirako esteka hemen.

4. astea: Cookie-ak, zalantza orokorrak
- Martxoak 23, 19:00 - 19:30 / Euskaraz. Hitzaldirako esteka hemen.

- Martxoak 25, 19:00 - 19:30 / Gaztelaniaz. Hitzaldirako esteka hemen.

Zuzeneko urrutiko hitzaldien zerbitzuari buruzko informazio guztia eskuragarri duzu hemen.

  • Visto: 99
BERDINTZEN 2021 beka-deialdia

BERDINTZEN 2021 beka-deialdia

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak BERDINTZEN 2021 beka-deialdia argitaratu du, euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko. Guztira lau beka izango dira, bakoitza 7.500 eurokoa (programak 30.000 euroko aurrekontua du).

Eskabideak aurkezteko epea 2021eko martxoaren 22ra arte egongo zabalik.

Beken ikerketa-gaiak honako hauek dira:

1. beka: Euskararen biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edo-eta metodologiko demolinguistikoak.

2. beka: Generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren euskararen biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatua.

3. beka: Generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edo-eta diskurtso azterketak eremu ezberdinetan (hezkuntza, lan mundua, familia, aisialdia eta kirola…).

4. beka: Euskararen biziberritzean emakumeek izan duten paperari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edo-eta ikerketa bibliografikoak eginez).

Esleipendunek bederatzi hilabete izango dituzte ikerketa osatzeko.

Informazio gehiago:

BERDINTZEN 2021 - Agindua

  • Visto: 86