Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
TREBA Nerabeak: Bizitzarako trebetasunak

TREBA Nerabeak: Bizitzarako trebetasunak

Datorren maiatzaren 28an eta 29an Eukene Gontan Arano Ekintzailetzan eta Psikologian adituak bi ikastaro eskainiko ditu TREBA Nerabeak programaren barruan, bizitzarako trebetasunak lantzeko asmoz.

Ikastaro horien helburua da 12 eta 16 urte bitarteko nerabeei bizitzarako eta etorkizunerako beharrezkoak diren tresna praktikoak ematea. Hainbat gai landuko dira: autoezagutza, eguneroko erronkak eta erantzukizunak, denboraren kudeaketa, plangintza, ohiturak sortzea, etab.

Hala, maiatzaren 28an erabakiak hartzearekin lotutako oinarrizko ezagutzak landuko dira, eta dinamika parte-hartzaileekin konbinatuko dira, nerabeen motibazioa sustatzeko.

Maiatzaren 29an bokazioa eta etorkizunerako erabakiak hartzeko saio bat egingo da. Hausnarketa, esperimentazioa eta parte-hartzea banakako eta taldeko dinamikekin konbinatuko dira.

Saio horietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, maiatzaren 22ko 14.00ak baino lehen.

Maiatzaren 28an, asteazkenean (17.30-19.30), Gazte-txokoan

Izena emateko lotura: https://www.legazpi.eus/treba-nerabeak-oinarrizko-ikastaroa

 

Maiatzaren 29an, ostegunean (17.30-19.30), Kultur etxeko areto nagusian

Izena emateko lotura: https://www.legazpi.eus/treba-nerabeak-bokazioa-erabakiak

 

Ikastaro horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak bultzatu ditu, Legazpiko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuarekin lankidetzan. Saio guztiak euskaraz izango dira.

  • Visto: 42
Bertso Olariak Bertso Eskolaren 25. urteurren ospakizuna maiatzaren 24an

Bertso Olariak Bertso Eskolaren 25. urteurren ospakizuna maiatzaren 24an

Mende laurdena beteko du aurten Legazpiko Bertso Olariak (LBO) bertso eskolak. Hori dela-eta hamaikatxo ekintza prestatu dituzte eskolako kideek. Maiatzaren 24an egingo duten bazkaria izango da bereziena, bertso eskolaren bueltako pertsona guztiak giro ederrean biltzea baita asmoa. Aitxurin izango da otordua, 14:30ean, eta oraindik bada izena emateko modua: https://labur.eus/sqvpoxmg helbideko galdetegia beteta ala zuzenean Aitxuri jatetxera joanda. Hilaren 19ra arte eman ahal izango da izena. Bazkalostean, bertso jarriak, bat-batekoak, musika eta mikro irekia izango dira, nahi duen ororentzat, eta Euskaraldiarekin bat egiteko aukera ere izango da.

Hala ere, ez da bertso eskolakoek antolatu duten ekintza bakarra. Otsailean, bertso afari arrakastatsua egin zuten Laubide jatetxean Nerea Elustondo eta Andoni Rekondo bertsolariek. Apirilaren 30ean, Santikutz jaietako pregoia eta sua botatzeko aukera izan zuten bertso eskolako kideek, eta 24ko bazkariaren ondotik, etorriko dira bestelako ekintzak ere.

Ekainaren 1ean, esaterako, Maialen Lujanbioren ‘RR_6 eRRe(AH)ala’ ikuskizuna izango da, Chillida Lantokian, 18:00etan. Uztailaren 3an, Katxalin egunean parte hartuko dute bertso eskolako kideek. Uztailaren 10ean, 19:00etan, bertso poteoa izango da, Uztakale egitarauaren barnean, Ane Beloki, Maialen Akizu eta Haira Aizpurua bertsolariekin. Eta Agorreko Santikutzetan ere ohiko saioa izango da kale zaharrean: Amaia Iturriotz eta Ane Zuazubiskar bertsolariek kantatuko dute, irailaren 12an, 20:00etan.

Udazkena ere oparo

Urriaren 19rako, igandea, ezohiko ekitaldia antolatu dute. Legazpiko Banda eta Maialen eta Amets Arzallus anai-arreba bertsolariak elkartuko dituzte Latxartegi aretoan. Bertsolariek bat-batean kantatuko dute bandaren erritmoan. Elustondo anai-arreba trikitilariek ere parte hartuko dute emanaldian. Doako ekitaldia izango da, baina sarrerak aurrez banatuko dira kultur etxean.

Azaroko Latxartegiko ohiko emanaldiak ere ez du hutsik egingo. Ordukoan, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Alaia Martin eta Maialen Lujanbioren errimak entzuteko aukera izango da. Azaroaren 14an izango da hitzordua.

  • Visto: 102
“Musikoterapia haurtzaroan” hitzaldia, datorren ostegunean, Leire Ugarte Musika eskolako irakaslearen eskutik

“Musikoterapia haurtzaroan” hitzaldia, datorren ostegunean, Leire Ugarte Musika eskolako irakaslearen eskutik

Datorren ostegunean, maiatzak 22, 18:30ean, Kultur Etxeko areto nagusian, Leire Ugarte Doinua Musika Eskolako irakasleak honako hitzaldia emango du:Musikoterapia: hitzik gabeko komunikazioa haurtzaroan.

Musikoterapiak musika erabiltzen du baliabide gisa. Diziplina honek soinuaren, erritmoaren, melodiaren eta harmoniaren moduko elementuak erabiltzen ditu haurren osasun fisikoa, ongizate emozionala eta mentala sustatzeko eta hobetzeko. Terapeuta espezializatu baten laguntzarekin, hainbat alderdi lantzen dira, hala nola adierazpen emozionala hobetzea, estresa murriztea, antsietatea kudeatzea eta gizarte-gaitasunak garatzea.

Hitzaldia euskaraz izango da eta Haur Hezkuntzako ikasleen familiei zuzendua da.Udal Hezkuntza zerbitzuak antolatu du, Izpien txokoa ekimenaren barruan.

Gerturatu zaitezte! Aukera paregabea da gai horri buruz elkarrekin hausnartzeko.

  • Visto: 91
Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna eta Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko dira

Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna eta Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko dira

Museoen Nazioarteko Eguna eta Gipuzkoako Erroten Eguna direla eta, bisita berezi batzuk antolatu dira Legazpiko ondarea balioan jarri eta jendeari ezagutarazteko. Animatu eta hurbildu zaitez Legazpiko museoetara!

CHILLIDA LANTOKIN ARTE TAILERRA. ESPAZIOAREKIN JOLASEAN: ASKO ESATEN DUTEN HUTSUNEAK (Doako sarrera. Aurretik erreserbatu behar da: 943 730 428)

Tailer hau Chillidaren Grabitazioetan oinarritutako lan bat egitean datza, artearen beste ikuspegi bat ezagutzeko tailer bat baita. Material sinpleak eta forma oinarrizkoak erabiliz, betetasunarekin, hutsunearekin eta mugimenduarekin jolasten duten konposizioak sortzen ditugu. Helburua da ulertzea Chillidak espazioa nola ikusten zuen, ikusteko zerbait bezala ez ezik, sentitzeko zerbait bezala ere bai. Gainera, artistaren bitxikeria eta mania dibertigarri batzuk ezagutuko ditugu, haren lan egiteko modua hobeto ulertzeko.

Pertsona bakoitzak bere bertsioa egingo du, oreka eta arintasunaren bila.

Informazio gehiago. Espazioarekin jolasean: Asko esaten duten hutsuneak

IGARALDE ERROTA MARTXAN (Aurretik erreserbatu behar da: 943 730 428)

Igaralde baserria, Ogiaren Txokoa, Legazpiko Brinkola landa-auzo ederrean dago. Tibur Agirrek, Igaralde Goikoa baserriko jabeak, ogia egiteko prozesu tradizionaletik gidatuko gaitu: hazia erein, uzta bildu, erabilitako tresnak, irina lortu, orea egin eta laberatu. Aldi berean, euskal baserrien bizimodu tradizionalak ezagutuko ditugu eta XVI. mendeko errota zaharra martxan ipiniko dugu.

Informazio gehiago. Igaralde Errota martxan

EUSKAL BURDINAREN MUSEOA(Maiatzaren 18an doako sarrera. Ez da erreserbarik egin behar)

Museoen Egunean Euskal Burdinaren Museoa doan ikusteko aukera egongo da 10:00-14:00 bitartean.

Informazio gehiago. Euskal Burdinaren Museoa

“FABRIKA BAT, IKASTETXE BAT” ERAKUSKETA (Doako sarrera. Ez da erreserbarik egin behar)

Azkenik, gogorarazten dizuegu ostiral, larunbat eta igandeetan, ekainaren 1era arte, “Fabrika bat, Ikastetxe bat” erakusketa bisitatu ahal izango dela, Garai bateko “Buen Pastor” Ikastetxeko kaperan, gaur egungo Haztegi Ikastolan.

Informazio gehiago. Fabrika bat, Ikastetxe bat

  • Visto: 96