Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
Aurrerantzean ezingo da Laubideko behin-behineko aparkalekua erabili

Aurrerantzean ezingo da Laubideko behin-behineko aparkalekua erabili

Lurraren jabeek eremu hori erabiltzeko jarri duten gehiegizko prezioak akordioa galarazi du

Paper-fabrikako aparkalekua martxan jarri aurretik, Gobernu taldeak Laubide auzoko aparkalekua alokatzeko baldintzak ezagutu nahi izan zituen eta lur haien jabeekin 2009an sinatu zen akordioa 2011ko abendura arte luzatu zela ikusi zuen; data horretatik aurrera, aldiz, ez da lurzoru horren erabilera publikoa bermatzen duen akordiorik egon.

Egoera horren aurrean, 2016an alkatea lurzoru horren jabeekin jarri zen harremanetan, irtenbide bat aurkitu nahian, eta lurzorua alokatzeko aukera planteatu zien jabeei, ustez aukera bidezkoena eta egokiena delakoan.

Baina jabeek gehiegizko prezio bat ezarri zioten alokairuari eta Udalari ezinezkoa zaio prezio hori onartzea, Udal Zerbitzu Teknikoen iritziz prezioa ez datorrelako Legazpiko merkatuko prezioekin bat eta, beraz, ezinezkoa izan da akordio bat lortzea.

Udalak, hortaz, laguntza eskatu nahi die herritarrei eta aurrerantzean lurzoru pribatu horretan euren ibilgailuak aparka ez ditzatela eskatzen die.

Gobernu taldea lanean ari da eta zonaldean ibilgailuen aparkaleku gisa egokitu daitezkeen eremuen bila hasi da; beraz, berandu baino lehen, Laubide auzoan aparkatzeko dagoen arazoari irtenbidea ematea espero du.

  • Visto: 77
Nerabe eta Gurasoen parte-hartze handia Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuan

Nerabe eta Gurasoen parte-hartze handia Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuan

Nerabeentzako Zerbitzuko hezitzaile-taldeak aukera anitzeko udako balantzea egin du.

“Zerbitzuaren ibilbidean etorrera gehien izandako uda dugu aurtengoa”. Horrela aipatu dute aurtengo uda bertako hezitzaileek. Eta ez da gutxirako, programatutako 10 ekintzetatik 9 ekintzak gauzatu dira, parte-hartze handiarekin.

Nerabeentzako Zerbitzuak (NZ) aukera anitzak eskaintzen ditu, bai opor garaietan antolatzen diren ekintza bereziekin bai ohiko dinamikarekin ere, non nerabeak Zerbitzuaren arretaz arduratzen diren hezitzaileen bide-laguntzaren bila joaten diren.

Beste urtetan bezala, herriko bi ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako 6. maila egin duten erabiltzaile berriei harrera egin die Zerbitzuak. Harrera hori ekintza gidatua da eta bertan Legazpiko Udalak eskaintzen dien aukera giza-hezitzailea ezagutzera ematen zaie.
Eskola-ordutan datoz irakasleekin, horrela Udalak ziur daki  Legazpiko nerabe guztiek behin behintzat Gazte-txokoan izan direla. Aurten zehazki, ekainaren 14an 70 gazte izan ziren, beraien zalantza guztiak argitzen.

Horrela ere, ekainaren 22ra aurreratu zen erabiltzaile berrien gurasoentzat antolatutako Zerbitzuaren aurkezpena, hau da, Ate Irekien Eguna. Guztira 44 pertsona gerturatu ziren.

Bestaldetik, urte guztietan lehenengo aldiz, NZk ekintza bat antolatu zuen hezitzaile taldea ezagutzeko eta gazteen eta hezitzaileen arteko harremana errazteko eta sortzeko. Horrela ekainaren 29an 48 lagunek, erabiltzaile berriak denak, ekipamenduan, hau da Gazte-txokoan antolatutako gaubela batean hartu zuten parte.

Bestelako ekintzak

Udako beste ekintza erakargarrienetako bat izan da uztailaren 11tik 13ra bitartean 33 nerabeek Madrilera egin zuten irteera.  Jolas-parkean primeran ibili ziren eta hiriburuko bisita turistiko bat ere egin zuten.

Irteera horren xehetasunak finkatzeko bilera ezberdinak egin ziren, bai bertaratuko zirenekin baita haien gurasoekin ere. Lehenengo bilerara 18 gazte gerturatu ziren, bigarrenera berriz,  25 guraso.

Joan den ekainaren 17an 15-18 proiektuan parte hartzen ari diren 9 pertsonako talde batek berezko Merkatu Txikia antolatu zuen, Nerabeentzako Zerbitzuaren ibilbidearen amaieran egingo duten irteera finantzatu ahal izateko.

Bestaldetik, PS4-Play Station 4arekin jolasteko antolatu zen FIFA txapelketan 70 lagun elkartu ziren. Uztailaren 21ean agur-bazkaria egingo dute, oraindik Legazpitik dabiltzan gazteekin eta ekintzan parte hartzeko interesa agertu dutenekin.

Horrela aurten programatutako ekintzetatik, bakar batean soilik ez da erantzunik jaso. Hori Donostiara antolatutako txangoa izan da, aurretik nerabe batzuk proposatu zutena eta eguna hondartzan emateko helburu zuena.

Ekainaren azken astetik aurrera, Zerbitzua goizez eskaintzen da, 11.00etatik 13.30era. Ohiko dinamika eskaini den egunetan ere nobedadeak txertatu dituzte. Ekainaren 28an eta uztailaren 4an eta 6an, gosari osasuntsuak egin ziren, gazteak gosaltzeko garrantziaz ohartzeko eta eguna indarberrituta hasteko elikagaiak zeintzuk diren ezagutzera emateko. Hiru egun horietan zehar bereziki, Gazte-txokoan bataz beste 50 nerabe elkartu dira.

Udal zerbitzua

Gaur egungo Nerabeentzako Zerbitzuak 2004. urtean jarri zen martxan eta etekin handia ateratzen ari zaio zerbitzuari. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiak gidatutako hobekuntza-prozesu batean murgilduta dago. «Udalak 12 eta 18 urte bitarteko nerabeei eskainitako zerbitzua da, horren bitartez beraien aisialdiaz gozatzeko aukera dute, ekimen ezberdinetan parte hartuz, herriko ohiturak bultzatuz, bizipenak partekatuz, ...», gogorarazten dute udal Gazteria eta Hezkuntza zerbitzutik. «12 eta 16 urte bitarteko nerabeek Gazte-txokoan erreferentzia-lekua bilatzen dute, beraien lagunekin, beraien adinekoekin eta baita herriko beste nerabeekin egoteko eta elkartzeko ere», aipatzen dute. «15 eta 18 urte bitarteko nerabeekin berriz, Gazte-txokotik hareago doan beste proiektu batekin aritzen gara lanean», adierazten dute.

Zerbitzuaren eguneroko dinamikaren ardura duten pertsonek Gizarte Hezkuntza graduatuak dira. Gizarte hezitzaile hauek dira nerabezaroko etapa honetan beraien bide-laguntza eta akonpainamendua eskaintzen dutenak, bai ekipamenduan, hau da, Gazte-txokoan bertan, baina baita kalean eta Gizarte sareetan ere.

Udako azken txanpan, merezitako oporrak hartu aurretik, ostiralean uztailaren 21ean Zerbitzuan agur eguna izango da eta aipatutako agur-bazkaria izango dute. Pilak kargatuta, datorren irailaren 5ean, asteartean, lan taldeak berriko ekingo dio lanari.

MADRILERA BISITA

  • Visto: 78
Euskal Encounter bileraren sorrerak lotura du Legazpirekin

Euskal Encounter bileraren sorrerak lotura du Legazpirekin

Urretxun ospatu zen lehen aldiz orain dela 25 urte eta hurrengo urtean Legazpin ospatu zen.

Datorren uztailaren 22an Euskal Encounter bileraren 25. edizioa inauguratuko da. Bilerak lotura zuzena du Legazpirekin, hemen ospatu baitzen orduan Euskal Amiga Party izena zuen 2. edizioa.

Orain dela 25 urte Gipuzkoako gazte talde batek, Sabino San Vicente urretxuarraren gidaritzapean, informatika zaleen topaketa antolatu zuen Urretxun.

Urte haietan informatika festa horrek Euskal Amiga Party zuen izena, Amiga ordenagailuekin antolatu zelako. Urte hartan 36 pertsona elkartu ziren Urretxun.

Jasotako erantzun ona ikusita, hurrengo urtean Legazpin ospatu zen bigarren edizioa eta 200 pertsona elkartu ziren Bikuña kiroldegian. Deialdiaren arrakasta ikusita, hurrengo urtean informatika jaialdia Tolosara eramatea erabaki zen, ondoren Anoetako belodromora eta hura ere txiki geratu zenean Bilbora eraman zen topaketa, lehenbizi San Mameseko Erakustazokara eta gero gaur egun topaketa ospatzen den Barakaldoko BECera.

Euskal Encounter topaketak argi utzi du herri mailako ekitaldia globala izatera iritsi daitekeela. Horretarako hiru dira nahitaez behar diren oinarrizko osagaiak: herritarren ekimena, ilusioa eta borondatezko lanordu asko.

Sabino San Vicente urretxuarra udaletxera hurbildu da eta aurtengo 25. edizio honetan oroigarri bat oparitu dio Udalari hasierako urte haietan jaso zuten laguntza eskertuz. Alkateak, halaber, elizako fatxadan dagoen triglifoaren erreplika oparitu dio; elizako leku horretan elkartzen ziren gure arbasoak udalerriko auzi zibilak eztabaidatu eta erabakitzeko, Udala erakunde gisa sortu zen arte.

LEGAZPI EUSKAL ENCAUNTER 

  • Visto: 98
Eskolako Agenda 21

Eskolako Agenda 21

Klima Aldaketari buruz ikasleek egindako proposamenei udalaren erantzuna.

                                          

Urtero bezala Legazpiko hiru ikastetxeetako ikasleek gai bat landu dute Eskolako Agenda 21eko ekimenaren barruan.

2016-2017ko ikasturtean gaia Klima Aldaketa izan da.

Udalari lana aurkeztu diote eta eskaerak egin dizkiote.

Aldi berean konpromisoak hartu dituzte ere.

Udalaren erantzuna ezagutu! 

  • Visto: 116
Legaztipi – Tapa

Legaztipi – Tapa

Uztailaren 20a izango da opor aurreko Legaztipi Taparen azken eguna.

Udako oporraldien aurreko azken irteeera, uztailaren 20an, ostegunean, izango da.

Modu berezian ospatuko dugu.

Herriko plazan goizeko hamar t’erditan elkartuko gara.

Ondoren,  plazan bertan soinketa ariketa batzuk egingo ditugu eta baita abestu ere.

Eta bukatzeko, hamaiketakoa izango dugu. 

Berriro ere,  irailaren 14an emango diogu hasiera kurtsoari, eta hementxe izango gaituzue zuen guztion zai.

LEGAZTIPI-TAPA EGUTEGIA

  • Visto: 102