Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
Legazpi auzoetatik. Aizkorri-Bikuña eremua

Legazpi auzoetatik. Aizkorri-Bikuña eremua

Otsailean hasitako prozesuaren baitan beste auzo bat bisitatuko du Udalak

Auzoetako beharren inguruko Udalaren lanketa iraunkorrarekin jarraituz, “Legazpi auzoetatik” auzo biraren bigarren geltokia Aizkorri-Bikuña eremua izango da.

Joan den otsailean, Itxaropen auzoan ekimenari hasiera eman zitzaion eta esperientzia oso aberasgarria izan zela ondorioztatu zuten parte hartzaileek.

Gogoratu beharra dago, lanketa honen helburua, Legazpiko auzoetako beharrak herritarren ahotik zuzenean jasotzea, horiei erantzuteko ekintza plan bat burutzea eta interbentzio ezberdinak aurrera eramatea da.

Horretarako, ostegunean, martxoaren 27an, arratsaldeko 18:00etan Aizkorri-Bikuña eremua bisitatuko du Udalak. Bikuña Jauregitik hasita, inguruan ibilaldia egingo dugu elkarrekin eta hau amaitzen denean Jauregian bertan elkartuko gara auzoko gaien inguruan jardun eta mokadutxoa hartzeko.

Aukera paregabea da herritarrek behar eta ezinegonak Udalarekin partekatzeko eta horrenbestez, parte hartzera animatzen ditugu.

  • Visto: 117
Liburuaren Eguna ospatuko dugu Legazpin martxoaren 27tik apirilaren 30era Udal Liburutegiaren ekimenez

Liburuaren Eguna ospatuko dugu Legazpin martxoaren 27tik apirilaren 30era Udal Liburutegiaren ekimenez

Bi data gogoan izaten ditugu liburutegian apirilean:
apirilak 2an Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko eguna eta apirilak 23an Liburuaren eta Jabego Intelektualaren Nazioarteko Eguna. Aurtengoan ekintza gehienak Aste Santu aurretik burutuko badira ere, apirileko azken egunetan ere izango dira ekitaldiak.

Hona prestatu dugun ekintza egitaraua:

Martxoak 27, osteguna: Mª Luz Esteban IDAZLEAREKIN SOLASALDIA Haragizko erreformak liburuaren inguruan, euskarazko irakurketa klubaren baitan eta Miriam Lukik gidatua. 18:30ean Kultur Etxeko Areto nagusian. Saio irekia,euskaraz.

1, asteartea: IDAZLEAREKIN SOLASALDIA. Idoia Garcés  DBH-ko ikasleekin, Kultur Etxeko Areto Nagusian,”Kukuaren kantua” liburuaren inguruan.

2 eta 9, asteazkenak: IRAKUKETA ERRAZA KLUBA. 11:35ean Udal Liburutegian. Mónica Leivak gidaturik. Landuko den liburua: Cómo cuidar el planeta / Carolina Peralta.

2, asteazkena: IPUIN KONTAKETA Maider Galarzarekin liburutegian. Saio irekia 5 urtetik aurrerako haurrentzat eta arratsaldeko 18:15ean.

3, osteguna: IDAZLEAREKIN SOLASALDIA Goiatz Labandibar  batxilergoko ikasleekin, Kultur Etxeko Areto Nagusian, “Zoo” liburuaaren inguruan.

28, astelehena: BISITA GIDATUAK LIBURUTEGIRA HAURRENTZAT. Goizean zehar.

28, astelehena: Haurren irakurketa klubeko saioak. 16:45ean LH3koak “Xomorropoemak” liburuarekin  eta 17:35ean LH4koak “Barruko hotsak”. Gidaria: Mireia Delgado. 

30, asteazkena: Literatura Kluba gazteleraz. 17:00etan Udal Liburutegian. Gidari: Mónica Leiva. Landuko da: El último encuentro/ Sándor Márai.

Helduak, gazteak eta haurrak liburutegira eta irakurketara erakarri nahi ditugu, liburutegiko ohiko ekintzak mantenduz eta idazleen solasaldi bereziak antolatuz.

  • Visto: 173
Ate irekiak San Juan haurreskolan (martxoak 26) eta Itxaropen haurreskolan (apirilak 3)

Ate irekiak San Juan haurreskolan (martxoak 26) eta Itxaropen haurreskolan (apirilak 3)

Datozen egunetan ate irekiak Legazpiko Haurreskoletan: martxoaren 26an San Juan Haurreskolan eta apirilaren 3an Itxaropen Haurreskolan.

2024an edo 2025ean jaiotako seme-alabak dituztenek, haur-eskoletan plaza bat eska dezakete apirilaren 22tik maiatzaren 9ra arte, datorren 2025eko irailean hasteko. Eskaerak online edo aurrez aurre egin daitezke.

2025eko maiatzaren 6tik 14ra bitartean jaioko diren haurren izen-ematea, maiatzaren 23ra arte egin ahal izango da.

Haur-eskolen helburu nagusia familiei hezkuntza- eta laguntza-zerbitzua ematea da. Haur-eskolek 0 eta 2 urte bitarteko haurren zaintza integrala eta hezkuntza hartzen dituzte kontuan, haurren gaitasun fisikoak, afektiboak, sozialak eta intelektualak behar bezala garatzen laguntzeko.

Legazpin bi haur-eskola daude: San Juan Haurreskola eta Itxaropen Haurreskola. Biak publikoak eta doakoak dira, baina horretarako baldintza batzuk bete beharko dira; baldintza horiek betetzen ez dituztenei, baja emango zaie.

Familia bakoitzak aukeratuko du zein haur-eskolatan matrikulatu haurra. Dena den, hona hemen antolatu dituzten ate irekien berri:

  • San Juan Haurreskola: martxoak 26, asteazkena, 16:30etik 18:00etara
  • Itxaropen Haurreskola: apirilak 3, osteguna, 16:15etik 17:30era

Informazio gehiago www.haurreskolak.eus webgunean, Informazio orokorra / Familiak atalean edo zuzenean haurreskoletan. Azken kasu horretan, aldez aurretik hartu beharko da hitzordua, posta elektronikoz edo telefonoz, 9:00etatik 13:00etara.

San Juan Haurreskola

San Juan auzoa, 17

Tel.: 943 73 04 34

E-posta: Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.

Itxaropen Haurreskola

Itxaropen auzoa, 15-16

Tel.: 943 73 37 78

E-posta: Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.

  • Visto: 118
Udalak liztor asiarraren 20 tranpa jarriko ditu herriko gune ezberdinetan

Udalak liztor asiarraren 20 tranpa jarriko ditu herriko gune ezberdinetan

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Basanimalien eta Landareen Zerbitzuak, liztor asiarraren aurkako tranpak jartzeko 2025eko ekitaldia, martxoaren 3an hasiko zela jakinarazi zuen. Liztor asiarraren garapena saihesteko, habi primarioak sortu ez daitezen, tranpa desberdinak jarri dira udalerrian zehar. Udalak guztira 20 tranpa jarriko ditu Legazpin.

Liztor asiarraren kanpaina

Kanpaina martxoan aktibatu da eta abenduko lehen egunera arte egongo da martxan. Martxoan, habi primarioak sortu ez daitezen tranpak jartzen dira. Ondoren habi primarioak detektatu bezain pronto, kendu egiten dira gure baliabide edo Aldundiaren baliabideen bitartez (suhiltzaileak edo basozaina). Azken fasean udatik abendura arte, habi sekundarioen jarraipena egingo da eta habi primarioekin erabiltzen den prozedura berdina jarraituko da.

Garrantzitsua da azpimarratzea, batzuetan habiak ez direla kentzen, horrek duen konplexutasunagatik, baina horrek ez duela esan nahi tratatu ez direnik.

Astero tranpen jarraipena egingo da.

  • Visto: 99
Emozioak II hitzaldia eskainiko du Marta Madina Garciak martxoaren 24an, astelehena, 18:30ean  Kultur Etxean

Emozioak II hitzaldia eskainiko du Marta Madina Garciak martxoaren 24an, astelehena, 18:30ean Kultur Etxean

Marta Madina legazpiarrak joan den otsailean eskaini zuen saioaren jarraipen hitzaldia eskainiko du datorren martxoaren 24an, astelehena,  18:30ean, berak antolaturik eta bere ezagutzak herritarrekin partekatzen jarraitu asmoz, Kultur Etxeko areto nagusian.

Landuko duen gaia:

Emozioak II: Nola bizi ditut nire emozioak? Sentitzeko baimenik ba al dut?

  • Visto: 88