Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
Udalak bi informazio-pantaila jarri ditu udalerrian herritarrak informatuta edukitzeko

Udalak bi informazio-pantaila jarri ditu udalerrian herritarrak informatuta edukitzeko

Gaur goizean bi informazio-pantaila jarri dira udalerrian, herritarrenganako komunikazioa hobetzeko eta legazpiar guztiek udalerriko jarduera eta berrikuntzak ezagutzeko.


Pantailak gaur goizetik daude martxan, eta gune estrategikoetan kokatuta daude, ahalik eta herritar gehienengana iristeko eta, aldi berean, arrakala digitala murrizteko. Pantailetako bat Kale Nagusian dago, eta bestea, berriz, Laubiden, Maiatza tabernaren parean.


Web orria, LegazpiON aplikazioa eta sare sozialak dira udalak udalerriari buruzko albisteak eta jarduerak zabaltzeko erabiltzen dituen baliabide digitalak, eta pantailek bat egiten dute zerrenda horrekin, herritarren egunerokotasunera hurbilduz.
Ekimen honen helburua da udalerriko biztanleei tokiko gertakariei buruzko informazioa ematen jarraitzea, hala nola ekitaldiei, abisu garrantzitsuei edo jarduerei buruzkoa. Ekintza hau Udalak informaziorako sarbidea hobetzeko duen konpromisoaren parte da, eta herritar guztiek, baita Interneterako edo gailu elektronikoetarako sarbide erregularra ez dutenek ere, tokiko albisteen berri berehala eta modu eskuragarrian izan dezaten bermatzea.


"Informazio-pantaila hauekin beste urrats bat ematen dugu udal informazioa herritar guztiei hurbiltzeko. Kale Nagusia eta Laubide aukeratu ditugu, herrian jende gehien ibiltzen den tokietako bi direlako, eta, horri esker, ahalik eta jende gehienarengana irits gaitezke. Legazpiar guztiok gure herrian gertatzen denaren berri izatea nahi dugu, modu erraz eta eskuragarrian, eta guztion artean Legazpi leku biziagoa eta parte-hartzaileagoa egiten jarrai dezagun ", azaldu du Eric Galvez alkateak.
Pantailak 8: 00etatik 21:00etara egongo dira martxan neguan (22:00ak arte asteko azken egunetan), eta 8: 00etatik 23:00etara udan; gainerako denbora itzalita egongo dira. Sei bloketan proiektatuko dute informazioa. Lau bloke estatikoak izango dira: batetik, erlojua datarekin egongo da; bestetik, udalerriko datu meteorologikoak aurkituko ditugu; guardiako farmaziak; eta, azkenik, udal telefono interesgarriak. Beste bi informazio-blokeak dinamikoak izango dira, egunean zehar edo astean zehar aldatuz joango baitira. Alde batetik, gaurkotasuneko udal albisteak izango ditugu, euskaraz eta ondoren gaztelaniaz proiektatuko den irudi eta testu txiki batez osatuak; eta bigarren blokean gertuen dauden ekitaldi eta jarduerekin, data, ordua eta lekua aurkituko ditugu.


Udaletik espero dugu baliabide berri honekin herritarrek udal gaurkotasun osoaren berri izatea eta, horrela, egiten diren jarduerak ezagutu eta horietan parte hartu ahal izatea, Legazpi bizi bat izaten jarrai dezagun.

 
  • Visto: 134
II. Oholtza bete bihotz kontzertua: El noi del Sucre eta John Dealer &The Coconouts, martxoaren 22an, larunbata, 22:30ean Legazpiko Azokan

II. Oholtza bete bihotz kontzertua: El noi del Sucre eta John Dealer &The Coconouts, martxoaren 22an, larunbata, 22:30ean Legazpiko Azokan

Beti Gazte Elkarteak Andoni, Iñurri eta Pau gogoan izateko II. Oholtza bete bihotz omenaldi kontzertua antolatu du datorren martxoaren 22rako.  John Dealer & The Coconouts talde legazpiarrak irekiko du kontzertua, kaleratu berri duten diskoa aurkeztuz eta beraien 10. urteurrena ospatuz. Ondoren etorriko da aurten 35 urte betetzen dituen El Noi del Sucre, Utrerako punk-rock taldea, Amerika eta Espainian egiten ari den bere azken biran Legazpin geldiunea eginez.

Sarrera guztiak saldu dira dagoeneko.

  • Visto: 49
SARRERAK AGORTUTA. "Chillida, Legazpitik Mundura" jaialdia martxoaren 29an

SARRERAK AGORTUTA. "Chillida, Legazpitik Mundura" jaialdia martxoaren 29an

Legazpiko herriak Eduardo Chillida eskultore ezagunaren jaiotzaren 100. urteurrenari amaiera bikaina eman nahi dio.

Artista handi honen omenez ekitaldi bereziz betetako urte baten ondoren, Legazpiko kultur elkarteak oholtza gainean bilduko dira martxoaren 29an musika eta dantza jaialdi paregabe bat eskaintzeko, Chillidak gure herriarekin duen lotura ardatz izango duena.

Jaialdi honetan parte hartuko duten taldeak eta elkarteak honako hauek dira:

ALAITASUNA ERRONDAILA

DOINUA MUSIKA ESKOLA

AGURTZANE ETA ION ELUSTONDO

GOIZ-DEIA TXISTULARI TALDEA, LEGAZPI MUSIKA BANDA

SUTTANTTAKUN TXALAPARTA TALDEA, LEK ERRALDOI KONPARTSA

KOROSTI DANTZA TALDEA, SUSTRAIAK DANTZA TALDEA

SANTIKUTZ ABESBATZA

Jaialdia Bikuña Kiroldegian ospatuko da, martxoaren 29an 19:30etan.

Sarrerak doakoak dira eta martxoak 13tik aurrera Kultur Etxean egongo dira eskuragarri (astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 20:00etara). Bi sarrera mota daude: armailean edo kantxan. Pertsona bakoitzak gehienez 4 sarrera jaso ahal izango ditu.

  • Visto: 96
Sprilurrek Legazpiko garai bateko Sidenorren lantegia berroneratzeko bigarren fasea jarri du abian

Sprilurrek Legazpiko garai bateko Sidenorren lantegia berroneratzeko bigarren fasea jarri du abian

Sprilur, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mendeko eta Spri Taldearen barruan dagoen lurzorua kudeatzeko sozietate publikoak, Sidenorrek Legazpin garai batean zituen instalazioak hartzen dituen eremuko 90.882 m²-ko azaleran integratutako lursailaren urbanizazio osagarriaren proiektuaren bigarren faseari ekin dio.

Legazpiko Udalaren lankidetza erabakigarria izan da proiektua abiarazteko eta aurrera egiteko. Horrela, bigarren fase honetako obrak hasteko unean izan dira Eric Galvez Legazpiko alkatea, Amaia Aizpurua zinegotzia eta Sprilur SAko zuzendari nagusia, eta eremura egindako bisitaren ondoren, proiektuaren balorazioa egin dute.

Alkatearen iritziz, "Legazpirentzat ez ezik eskualde osoarentzat ere estrategikoa izatea nahi dugun eremua berreskuratzera gehiago hurbilduko gaituen mugarri baten aurrean gaude.Oraindik gogoan dut 2009ko udan, oraindik ikaslea nintzela, beste hainbat bizilagunekin batera, kalera nola atera ginen Sidenorren itxieraren (2009) aurka manifestatzera. Legazpiko Udalak, gertakari mingarri hartatik ia 16 urte igaro direnean, baikortasunez eta ilusio handiz hartu du obra hau.Gure esku dagoen guztia egin dugu berreskuratzea aurrera eraman ahal izateko. Eskerrak eman nahi dizkiet Eusko Jaurlaritzari eta Sprilurri Legazpiren aldeko apustua egiteagatik. Hainbat erakunderen arteko lankidetzak eskaintzen dituen emaitzen adibide argia da hau”.

Sprilurren aldetik, Txaber Ouro zuzendari nagusiak adierazi duenez, "degradatutako lurzoruak berreskuratzea eta jarduera ekonomikorako espazioak izateko beharrari irtenbidea ematea da gure lehentasuna. Horrela, Euskadin berroneratutako lurzoru industrial gehiago eta hobea izatea da gure helburua. Sidenorrek Legazpin betetzen zuen eremu hau ingurumenari, ondareari eta garapen ekonomikoari dagokienez lurzorua babesteko dugun konpromisoaren adibide garbia da. Ziur gaude jarduketa hau Legazpin eta Urola Garaian ekonomia eta industria berriaren eragile eta sortzaile bihurtuko dela".

Urola ibaia azaleratzeko eta ingurunea berrurbanizatzea

Fase honetan aurrez ikusitako obren helburu nagusia da egindako azterketa hidraulikoaren ondorioz Urola ibaia azaleratzea. Horretarako, antolamendu osagarria eta Legazpiko Bellota enpresako industria eremua berreskuratzeko berrurbanizazio-lanak egin beharko dira.

Proiektua aurrera eramateko egin beharreko lanei dagokienez, beharrezkoa izango da altzairutegi zaharrari erantsitako eraikinak eta hotzean ijezteko eraikinaren zati bat eraistea. Fase honetan, eraiste-lanaren ondoriozko hobien betelana hondeaketatik bertatik datorren hautatutako eta balorizatutako materialarekin egingo da.

Ondoren, Urola ibaia azaleratzeko lanei ekingo diete, 120 metro inguruko luzeran. Ibaiaren jatorrizko egoera berreskuratzea du helburu, eremuaren behealdeko estaldura kenduz. Prozesu horren ondorioz, Urola ibaiaren bi ertzetan ibaia bideratzeko bi horma handi egingo dira (7 metro inguruko altuerakoak). Bestalde, industrialdean uholde-arriskuak saihesteko, ibaia azaleratu ezin den sarrerako biribilgunearen eremuan, zubi berri bat eraikiko da estalduraren hustubide-ahalmena handitzeko eta aurrez ikusitako azaleratzea errazteko. Gainera, ibaiaren eskuineko ertzean pasealeku bat egitea aurrez ikusi da, Zumarragarako noranzkoan bidegorriarekin lotu arte.

Azkenik, Sprilurrek harguneak, lur-mugimenduak, ur-bilketa, saneamendua eta instalazio elektrikoa berrurbanizatu eta gauzatuko ditu. Euri- eta hondakin-urei dagokienez, bilketa bereiziko sistema duten kolektoreen bidez egingo da. Bestalde, argiztapen-sarea Urola ibaiaren ertz batean zehar instalatuko da, LED argiekin konektatutako lurpeko kanalizazioen bidez, energia-kontsumo jasangarria lortzeko.

Obrak egiteko 13 hilabeteko epea aurrez ikusi da, eta 5 milioi euroko inbertsioa egingo da.

 

Bellota enpresaren eremua, berroneratzeko proiektua

Sprilurrek 2021ean hasi zuen garai batean Sidenor siderurgia-enpresa kokatuta zegoen 90.882 m²-ko Legazpiko AU 35 Bellota eremua berrurbanizatzeko eta berrantolatzeko lehen fasea. Eremu hark hamarkada bat baino gehiago zeraman jarduerarik gabe. Lehen fase hartan, Sprilurrek berrurbanizazio-lana egin eta azalerak eta bideak hainbat lursailetan kotatu zituen. Era berean, ingurua zerbitzu-azpiegituraz hornitu zen, espazio, espaloi, bidegorri eta aparkaleku zabalagoekin. Proiektu honetan, Sprilurrek jasangarritasuneko neurri garrantzitsuak ezarri ditu eta, horien ondorioz, erauzitako hondakinen bolumen handia kudeatu behar izan du (16.581 metro kubiko). Bolumen horren % 85 obra garatzeko eta egokitzeko erabili zituzten.

Eremuak Babes eta Kontserbazio Bereziko Plana ere jasotzen du, Legazpiko ondare historiko industrial gisa, eta horrek eraikin eta egitura batzuen kontserbazioa eskatzen zuen.

2023an, garai bateko fabrikako jatorrizko bi tximinien birgaitze-lana amaitu zen, Legazpiko Industria Ondarea Kontserbatzeko Planaren barruan babes maila gorenenarekin katalogatu baitzeuden.

Erabiltzen ez diren industria eremuak berreskuratzea Sprilur Taldearen jarduera-ildo eta -helburu estrategikoetan sartzen da eta, zehazki, Legazpiko garai bateko Sidenor lantegia lehengoratzeko proiektua izan da orain arte bideratutako jarduketen artean hedadura handienetako bat duena. Lan horietan, gainera, kudeaketa jasangarriko neurri esanguratsuak bideratzen ari da Sprilur.

Sprilurrek Urola ibaia azaleratzeko, berrurbanizatzeko eta hartuneak eraikitzeko lanak egingo ditu Bellota-Legazpin

  • Visto: 97
Haur eta Gazte Danborradan parte hartzeko izen ematea luzatu da, martxoaren 20ra arte

Haur eta Gazte Danborradan parte hartzeko izen ematea luzatu da, martxoaren 20ra arte

Maiatzaren 1ean, Santikutz Jai Nagusietan egingo den Danborradan parte hartzeko izen ematea martxan dago eta izen emateko epea luzatu egin da.

HH5etik DBH4ra arteko haur eta gazteek parte hartzeko aukera izango dute, eta izen ematea online egingo da. Hala ere, online egin ezin duenak ikastetxeetako idazkaritzara gerturatu eta bertan emango zaio inprimakia paperean, hau bete eta idazkaritzan bertan entregatzeko. Izen ematea martxoaren 20an itxiko da.

HH5: https://forms.gle/LGT7Jq3DHdLbeoDB9

LH1, 2 eta 4: https://forms.gle/tEuZkAjy3Z7JobUq9

LH3: https://forms.gle/EYg833CTaNodYej39

LH5, 6 eta DBH: https://forms.gle/N3pYZ4Yhgzmoe2vy5

Haur-Gazte Danborrada taldeak, zehaztu ditu entsegu egunak, eta baita arropak jasotzekoak ere, eskolen bidez zabaldutako oharrean ere horren berri ematen da.

Entsegu egunak: martxoak 31, apirilak 2, 4, 8, 10, 28 arratsaldeko 18:30ean Haztegi Ikastolako atzeko frontoian. Entsegu orokorra: apirilak 29, 20:00etan (entsegu hau Domingo Agirreko frontoian egingo dugu).

  • Visto: 113