Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
Legazpiko Udala, Landaola Sarietarako hautagai, Arrobiko erabilera tradizionalak ondare naturalaren kontserbazioarekin uztartzeagatik

Legazpiko Udala, Landaola Sarietarako hautagai, Arrobiko erabilera tradizionalak ondare naturalaren kontserbazioarekin uztartzeagatik

Orain urte batzuk, Legazpiko udalak Arrobiko lur sailen berreskurapenari ekin zion, hainbat eragilerekin elkar lanean, besteak beste, Arrobiko ganaduzale Elkartea, Foru Aldundia eta Etorlur.  Egun, gainera, eragile horiek Naturtzaindia elkartea eta Paisaia Fundazioarekin batera intereseko habitaten kontserbazio egoera hobetzeko lanak egiten ari dira.

Arrobiko erabilera tradizionalak ondare naturalaren kontserbazioarekin uztartzeagatik izan da Legazpiko Udala Landaola Sarietarako hautatua. Landaola sariak, Federazioa osatzen duten 6 elkarteen eskutik emandako urteroko sariak dira, sari hauek landa garapeneko proiektuei errekonozimendua egin asmoz sortu zirelarik.

Arrobiko proiektua

Eremu honen erabiltzaileekin (ganaduzaleekin) eta ondare naturalaren kontserbazioan lan egiten duten erakundeekin (Naturzaindia) batera garatutako plangintza baten garapenaren inguruan ari gara oraingoan. Eremuaren kontserbazioa eta abeltzaintza beharrak bateratzea dira kudeaketa honen giltzarria. Aizkorri-Aratz Parke Natural eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren periferiako eremuan dagoela kontutan izanda, honek dituen ezaugarriak eta balio naturalak kontserbatu eta hobetzea da helburua, betiere adostasunez garatuz.

Aurrez aipatu bezala, helburua habitatak babestea eta abeltzaintza tradizionalarekin uztartzea da, naturaren eta landa-jardueren arteko oreka bilatuz. Horretarako, ameztien azalera handitzea, larreak eta basoak hobetzea, espezie mehatxatuak babestea eta zohizkategiak berreskuratzea dira lan-ildo nagusiak. Ekimenak adostasuna eta elkarlana ditu oinarri, abeltzaintza eta ingurumenaren zaintza uztartu eta etorkizuneko babesguneetarako eredu izan nahi du.

Bukatzeko, Arrobi ganaduzale elkartearen auzolandegia, eta eremuaren zaintza ere aipatzekoak dira, gizarte onurari erantzunez, partikularki egiten dieten ekarpenekin, eta batik bat usadioz zenbait erabilera baztertzea adostuaz, hala nola, suaren erabilera, eta ganadu karga une eta garai jakinetan. Laburbilduz, Arrobin ganaduzaleen presentzia ere funtsezkoa da ingurumena eta kultura-tradizioak zaintzeko.

Sari banaketa martxoaren 14an egingo da Zumarragako azokan.

  • Visto: 112
Santikutz Txirrindulari probaren historia urtez-urte 90. urteurrenean (1929-2024) erakusketa martxoaren 15etik 28ra Kultur Etxean

Santikutz Txirrindulari probaren historia urtez-urte 90. urteurrenean (1929-2024) erakusketa martxoaren 15etik 28ra Kultur Etxean

Erakusketa berri bat hartuko dut Kultur Etxeak martxoaren 15tik 28ra. Sebastian Santesteban Zabaletaren eskutik datorkigu oraingoan eta 90 urte bete dituen Santikutz Txirrindulari probaren historia azalduko digu urtez-urte.

Erakusketan 500 bat argazki ikusi ahal izango dira 100 koadrotan banatuta, Legazpin ospatutako 90 edizio edo proba guztienak (1929-2024) urtez-urte bakoitzaren datu

edo argibide eta xehetasun guztiekin.

Irekiera ekitaldia martxoaren 15ean, larunbata, egingo da eguerdiko 12:00etan Legazpiko Kultur Etxeaneta proba hauetan irabazle izandako hainbat txirrindulari bertan izango dira.

Ondoren, martxoaren 17tik 28ra, ikusgai egongo da Kultur Etxeko Erakusketa Aretoan, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara.

AURKEZPEN TESTUA

  • Visto: 131
Eusko Jaurlaritzak eta Legazpiko Udalak Azoka hobetzeko eta lehen sektoreari laguntzeko estrategiak aztertu dituzte

Eusko Jaurlaritzak eta Legazpiko Udalak Azoka hobetzeko eta lehen sektoreari laguntzeko estrategiak aztertu dituzte

Ostiral honetan, Raúl Pérez Iratxeta Eusko Jaurlaritzako Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordea, Joseba Terreros Eusko Jaurlaritzako Landa Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria, Eric Gálvez alkatea, Edurne Matias landa-garapeneko zinegotzia eta Larraitz Olaizola landa-garapeneko teknikaria bildu ziren lankidetza estrategiak aztertu, eta Azokako espazioa hobetzea eta lehen sektoreari laguntza handiagoa ematea ahalbidetuko duten alternatibak aztertzeko. 


Topaketan, parte-hartzaileek hainbat ekimen eztabaidatu zituzten azokan tokiko ekoizleen presentzia indartzeko, haien ikusgarritasuna hobetzeko, tokiko produktuen merkaturatzea sustatzeko eta gune horretan hobekuntzak proposatzeko, saltzaileentzat zein kontsumitzaileentzat ingurune erosoagoa eta egokiagoa eskaintzeko. Era berean, azpiegitura optimizatzeko eta erakargarriagoa eta funtzionalagoa izateko hainbat proposamen aztertu ziren. Gainera, erakundeen eta sektoreko eragileen arteko lankidetzarako mekanismo posibleak ere jorratu ziren, eredu iraunkorra bermatzeko.   


Guztiak bat etorri ziren elkartrukerako gune horiek sustatzen jarraitzeko premian eta tokiko ekonomia indartuko duten sinergiak sortzearen garrantzian. Datozen hilabeteetan bilera honetan planteatutako proposamen batzuk zehaztea espero da, azokari eta lehen sektoreari bultzada berri bat emateko.

  • Visto: 102
Latxartegi parkearen ingurua biziberritzeko parte-hartze prozesuaren emaitza legazpiarrei azaltzeko momentua iritsi da

Latxartegi parkearen ingurua biziberritzeko parte-hartze prozesuaren emaitza legazpiarrei azaltzeko momentua iritsi da

Iazko udazkenetik Legazpiko Udala Juntura Kooperatibarekin elkarlanean Latxartegi parkearen etorkizuna irudikatzeko prozesu partekatua aurrera eramaten aritu da buru belarri.

Herriaren erdigunean dagoen eremu zabal horrek indargune ugari zituela jakinekoa zen arren, prozesu honek ingurua biziberritzea izan du helburu, legazpiarren beharrei erantzunez, guztiek erabil dezaten.

Diseinu-prozesuak hainbat fase izan ditu, guztiak ere Juntura Kooperatibako kideek gidatu dituztenak. Lehenengo fasean arlo ugaritako udal teknikariak bildu ziren parkeari buruz sentsibilitate anitzetatik hausnartzeko, kontuan izanda gune horretan herriko hainbat ekipamendu biltzen direla eta Legazpi osoko mugikortasunean, izan oinezko, bizikleta edo motordun ibilgailuenean, eragin handia duela.

Bigarren fase batean talde espezifiko ugarirekin egin ziren saioak: emakumeak, nagusiak, eremuko ekipamenduetako arduradunak, nerabeak, emakume migratuak eta auzotarrak. Saio horietan, besteak beste, plazaren izaerari buruz hitz egin zen, zein erabilera jaso behar zituen definitzeari ekin zitzaion eta lehen proposamenaren gainean ekarpenak ere jaso ziren.

Ostean, 2025eko urtarrilean, batzar irekia antolatu zen legazpiar guztientzako, non aurreko faseetako ondorioetatik eratorritako proposamena kontrastatu zen eta hau aberasteko ekarpenak jaso ziren.

Jada prozesu partekatuaren amaierara iritsi gara eta martxoaren 11n, asteartean, arratsaldeko 18.00tan, Kultur Etxeko areto nagusian azken saioa egingo da ibilbide aberasgarri horren emaitza legazpiarrei erakusteko.

Hala ere, etorkizuneko Latxartegi parkea errealitate bihurtzeko pausuak ematen jarraituko du Udalak: 2025 urtean zehar urbanizazio-proiektua idatziko da, prozesuaren emaitza oinarri gisa hartuta. Bestalde, obrak fasetan banatuko dira udal ogasunerako jasangarriak izan daitezen eta lehenengo zatia 2026 urtean gauzatzea aurreikusten da.

Horrenbestez, Udalak Latxartegi parkearen inguruaren etorkizuneko diseinua ezagutzera gonbidatzen ditu legazpiarrak.

  • Visto: 89