Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
Ekainaren 25ean, 'Bizitzeko Herria' kale ekintza egingo da

Ekainaren 25ean, 'Bizitzeko Herria' kale ekintza egingo da

'Bizitzeko Herria' ekimena eskualdeko lau udalek martxan jarritakoa da, Uggasaren laguntzarekin. Ekimen honek lotura dauka, gainera, 2014-2015 ikasturteko Eskola Agenda 21ean eskualdeko ikasleek landu duten gaiarekin.

Legazpin, ekainaren 25ean, osteguna, egingo da 'Bizitzeko Herria' kale ekintza, 18:00etatik 20:30era, Euskal Herria plazan. Egun horretarako, familia osoak parte hartzeko moduko ekintzak antolatu dituzte.

Batetik, herria garai batean nolakoa zen gogoraraziko diguten argazki zaharren erakusketa jarriko dute. Bestetik, eskualdeko ikasleek egindako maketa ezagutzeko aukera izango da; bertan, hobetzeko herriko zenbait gune agertzen dira. Jolasak ere izango dira, adin guztietako pertsonentzat, 'Har ditzagun kaleak!' lelopean. Irudimenak ere izango du bere tartea, eta parte-hartzaileek jostailuak sortu beharko dituzte berrerabilitako gauzekin. Azkenik, guztion ekarpenak jaso, eta kartelak margotuko dituzte.

Gustura sentiarazten gaituzten lekuak

Argi dago herri guztiak ezberdinak direla; nahiz eta denetan dauden kaleak, ikastetxeak, etxeak, dendak eta pareko elementuak. Halere, badago gure herria definitzen duen beste zerbait: gustura sentiarazten gaituen lekua da, disfrutatu nahi dugun lekua eta bertan bizi garenontzat eta bisitan etortzen zaizkigunentzat abegitsua izatea nahi duguna.

Legazpiko Udalak, kale ekintza honen bidez, pauso txiki bat eman nahi izan du zentzu horretan, eta aditzera eman kaleak eta plazak bertatik ibiltzeko tokiak baino zerbait gehiago ere izan daitezkeela.

  • Visto: 106
Legazpiko merkatariek iragarkiak jarri ahal izango dituzte Artzain Eguneko liburuxkan

Legazpiko merkatariek iragarkiak jarri ahal izango dituzte Artzain Eguneko liburuxkan

Iragarkietarako dauden espazioak bete arte adostu ahal izango da liburuxkako publizitatea
 
Ohikoa den moduan, Legazpiko merkatariek aukera izango dute Artzain Eguneko liburuxkan iragarkiak jartzeko. Udaleko komertziala ekainaren 8tik dabil dendaz dena, eskaintzaren berri emanez. Iragarkietarako dauden espazioak bete arte adostu ahal izango da liburuxkako publizitatea.
 
Zeinahi arrazoi dela medio merkatariren batek ezin izan badu komertzialarekin harremanetan jarri, edo hura pasa aurretik eskaintzaren berri jakin nahi badu, zuzenean jar daiteke harekin harremanetan: Ander Zudaire (688638418, Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.). 
 
Era honetan, Legazpiko Udalak bermatu nahi du inor ez dela geratuko eskaintzari buruzko informazioa jaso gabe eta iragarkiak jartzeko aukerarik gabe.
 
  • Visto: 105
Sustraiak Dantza Taldeak 40 Urte

Sustraiak Dantza Taldeak 40 Urte

Sustraiak Dantza Taldeak aurten 40 urte betetzen dituenez aurtengo jaialdiaren gaia oso garbi genuen. “Sustraiak Dantza Taldeak 40 Urte” ikuskizunean urte hauetan taldeak dantzatu izan dituen dantzarik ohizkoenen aukeraketa bat eskainiko dugu.

Aurten jaialdia lau zatitan banatu dugu, bakoitzean hamarkada bat azalduko dugularik.

Jaialdiaren foiletoa

  • Visto: 130
Gobernu Talde berriak udaletxeko balkoiko pankartak kendu ditu

Gobernu Talde berriak udaletxeko balkoiko pankartak kendu ditu

EAEko Auzitegi Nagusiaren epai batek "Presoak Etxera" aldarrikapena egiten duen pankarta kentzeko agindu zuen. Epai hori betetzeko, balkoitik pankarta kendu berri dute. 2012tik datorren auzia da hau; izan ere, urte horretan, Estatuko Administrazio Orokorrak Legazpiko Udalaren aurkako salaketa jarri zuen, udaletxeko balkoian 'Presoak Etxera' pankarta jarrita izateagatik. 2014an, EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu zuen Estatuko Administrazio Orokorraren errekurtsoa, eta Legazpiko Udalari eskatu zion bakoitik pankarta kentzeko.
 
Era berean, “Euskaraz bizi nahi dugu” dioen oihala tokiz aldatzea erabaki dute, eta udaletxearen sarreran jartzea.
 
  • Visto: 108
Ekainaren 23an eta 24an ospatuko dira Telleriarteko San Juan jaiak

Ekainaren 23an eta 24an ospatuko dira Telleriarteko San Juan jaiak

Datorren astearte eta asteazkenean, ekainak 23 eta 24, San Juan jaiak ospatuko dituzte Telleriarte auzoan, Arrizabala Auzo Elkarteak antolatuta. Asteartean, 18:00etan hasiko dira jaiak, loren bedeinkazioarekin; 21:00etan, auzo afaria; eta 23:00etan, San Juan sua, trikiti doinuen erritmopean.
 
Eta asteazkenean, 10:30ean, txistularien Goiz Eresia; 11:00etan, Meza Nagusia; 12:00etan, lunch herrikoia, bertso saioa eta trikiti saioa; eta 14:00etan, erretiratuen bazkaria, bertsoz eta trikitiz lagunduta. Arratsaldean, berriz, 18:00etan, haurren jolasak, eta 18:30ean auzoko bola eta toka jardunak eta trikiti dantzaldia, Xapre eta Zarrarekin.
 
Hilaren 24an, Junetorrik zerbitzu berezia eskainiko du. Eguerdian ordutegia luzatu egingo da, eta autobusak bi buelta gehiago egingo ditu; alegia, 13:30ean eta 14:15ean ere Telleriartetik pasako da. Egun horretan ere, ohiko ibilbidea egingo du autobusak.
 

Jaietako egitaraua ikusteko, sakatu hemen.

  • Visto: 237