Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
Mirandaolako ingurunea hobetzeko eta bizitasun handiagoa emateko bilera irekia urriaren 7an

Mirandaolako ingurunea hobetzeko eta bizitasun handiagoa emateko bilera irekia urriaren 7an

Legazpiko Udala Mirandaolako parkea hobetzeko plan bat lantzen hasi da, batez ere legazpiarrek gehiago biziko duten espazioa izan dadin.

Datorren urriaren 7an, 17:30etatik 19:30etara Kultur Etxean herritarren saio irekiaegingo da, lanak gidatzen ari den talde teknikoak lagunduta.

Mirandaola gertu dugunon, ezagutzen dugunon eta norantz egin dezakeen imajina dezakegunon arteko elkarrizketa bat bultzatzea da asmoa, galdera haueninguruan:

  • Zer da Mirandaola gaur egun niretzat?
  • Eremu horri bizia emateko helburua partekatzen badugu, zerk funtzionatzen du jada, eta zer bestek lagunduko luke?


Begirada eta ñabardura guztiak baliagarriak izango dira lanean aurrera egiteko. Animatu eta parte hartu!

  • Visto: 167
ZINE-KLUB saioa Latxartegi aretoan: “Sirat”. Urriak 10, 19:00etan. Denboraldiko lehen saioa izango da

ZINE-KLUB saioa Latxartegi aretoan: “Sirat”. Urriak 10, 19:00etan. Denboraldiko lehen saioa izango da

Legazpi Zine-Klub elkarteak “Sirat, trance en el desierto” filmarekin estreinatuko du Zine-Klub saioen denboraldi berria.  

Sinopsia:

Gizon bat (Sergi López) eta bere semea (Bruno Núñez) Marokon galdutako rave batera iritsiko dira. Mar bere alaba eta arrebaren bila dabiltza. Duela hilabete batzuk desagertu zen, egunsentirik gabeko jai horietako batean. Behin eta berriz banatzen dute argazkia, musika elektronikoz eta ezagutzen ez duten askatasun mota batez inguratuta. Ravero talde bat ezagutzen dute eta basamortuan ospatuko den azken festa batean jarraitzea erabakitzen dute, desagertutako neska aurkitzea espero baitute.


Espainiak Nazioarteko Film Onenaren Oscar sarirako hautagai hautatu du.

Fitxa Teknikoa:

Zuzendaritza: Oliver Laxe.

Gidoia: Jacques Oliver Laxe, Santiago Fillol.

Aktoreak: Sergi López. Bruno Núñez, Jade Oukid, Stefannia Gadda,…

Musika: Kangding Ray

Argazkia: Mauro Herce

Generoa: Drama. Intriga. Thriller/Desagertzeak. Musika. Aitatasuna. Road movie

Iraupena: 114m minutu

Urtea: 2025

IKUSI TRAILER OFIZIALA HEMEN:

  • Visto: 40
Sustraiak dantza taldeak ‘Mende erdia herria dantzan jarriz’ emanaldia eskainiko du urriaren 11n

Sustraiak dantza taldeak ‘Mende erdia herria dantzan jarriz’ emanaldia eskainiko du urriaren 11n

Urtea hasi zenetik makina bat jarduera antolatu dira taldearen 50. urteurrena dela eta. Bada, datorren urriaren 11n, urteurreneko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat eramango da aurrera. ‘Mende erdia herria dantzan jarriz’ emanaldia eskainiko da Urbeltz pilotalekuan, 12:00etan. Jaialdiaren aurkezpena urriaren 6n izango da, 12:00etan, kultur etxean.

Dantza ikuskizun berezia izango da, urte hauetan guztietan taldearen parte izan diren eta diren kideetako askok eta askok hartuko baitute parte. Guztira 200 dantzarik baino gehiagok hartuko dute parte, baita hainbat musikarik ere. “Sustraiaken ibilbidean hain garrantzitsuak diren dantzariei eman nahi izan diegu protagonismoa. Hori dela eta adin desberdinetako dantzariak elkartu ditugu, aspaldi dantza egin gabekoak, ikastaroetan parte hartutakoak, eta egun taldearen parte direnak. Dantzari helduez gain, gaur gaurkoz taldean aritzen diren haurren taldeetako batzuek ere parte hartuko dute”, diote Sustraiakeko kideek.

“Taldearen errepertorioan garrantzia handia izan duten dantzak taularatuko ditugu ekitaldian; guztiak dantza mistoak izango dira. Urtez urte Sustraiakek landu dituen ildoak erakusten dituzte dantza horiek: Gipuzkoako dantzen berreskuratzea, genero berdintasuna, dantza txapelketei emandako bultzada, ikastaroei eskainitako denbora… Belaunaldi desberdinetako herritarrak elkarrekin dantzan ikusteko aukera paregabea izango da, taldearen ibilbidea omentzeko balioko duena”, azaltzen dute.

Ospakizunekin jarraitzeko, emanaldiaren ondoren bazkari erraldoi bat ere antolatu da, azokan. Jaialdian dantza egin duten dantzariak, zein taldearekin lotura izan duten bestelako kideak elkartuko dira bertan. 

Emanaldirako sarrerak urriaren 8tik 10era egongo dira eskuragarri, kultur etxean bertan. Ordutegia: 10:00-13:00 eta 15:30-20:00.

Sarrerak sobratzen badira jaialdiaren egunean bertan, urriaren 11n, 11:15ean eskuragarri izango dira Urbeltz Pilotalekuan.

Hona eguneko egitaraua:

  • 10:00: Dantzariak eta musikariak Sustraiak Dantza Taldearen lokalean elkartu
  • 11:30: Kalejira hirigunean
  • 12:00: “Mende erdi herria dantzan jarriz” Jaialdia Urbeltz frontoian
  • 14:30: Bazkaria Azokan
  • Ondoren: Musika Maikiño Dj-rekin, Azokan

  • Visto: 174
Urola Garaiko mugikortasunari buruzko inkesta

Urola Garaiko mugikortasunari buruzko inkesta

Uggasak, Urola Garaiko 4 udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuarekin elkarlanean,abian jarri du herritarrei mugikortasunari buruz duten iritzia ezagutzeko kontsulta-prozesu bat. Horrela, herritarrek modu anonimoan erantzun ahal izango diete mugikortasunaren ezaugarri, gabezia eta  erronka nagusiei buruzko galderei.

Helburua eskualdearen errealitatea eta herritarrak kezkatzen dituzten arazoak ezagutzea da; horregatik, inkesta hau ahalik eta irekiena eta parte-hartzaileena izatea bilatzen du. Horretarako, garrantzitsua da aha denik eta jende gehienak parte hartzea, esperientzia bakoitza bakarra baita. Bildutako informazio guztiarekin mugikortasun-diagnostiko bat egingo da, eta azaroan amaituko da.

Inkesta hurrengo egunetan egongo da eskuragarri, formatu fisikoan, kiroldegian, Kultur Etxean, Gizarte Zentroan eta Udaletxean.

Formatu digitalean, esteka honen bidez datorren urriaren 16ra arte.

INKESTA

Eskerrik asko laguntzagatik!

  • Visto: 40