Horrez gain pitxar bat irabazteko lehiaketa ere jarri dute martxan etxeko ura ekimeneko partaideek. Hori dela eta, ondorengo galderari erantzunda, 60 pitxerren zozketan parte hartuko duzu:
Zein da etxeko uraren kanpainaren ikurra?
Erantzun egokia aukeratu eta Legazpiko Udaletxean dagoen postontzian sartu behar da zozketan parte hartzeko.
Visto: 139
Escrito por Karmele Arruebarrena el . Publicado en Albisteak.
Ikastaroak baliagarriak dira EGA edo 3. mailako azterketak prestatzeko
Legazpiko Udal Euskaltegiak, besteak beste, EGA eta 3. mailako azterketak prestatzeko ikastaroak eskainiko ditu urtarriletik ekainera bitarte. Horietan izena emateko epea abenduaren 17an, asteazkena, amaituko da.
Izena emateko 3 aukera daude: euskaltegiko telefono zenbakira deituta (943731167), Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. helbidera idatzita edo euskaltegira bertara joanda (Nafarroa kalean, 09:00etatik 13:00etara).
Ikastaroak astean 3 egunetan emango dira, arratsaldez, egunean 2 ordu.
Interesdunek lehenbailehen jo beharko dute aipatutako bideetara, plaza guztiak bete aurretik.
Visto: 272
Escrito por Karmele Arruebarrena el . Publicado en Albisteak.
Urtatza eta Plazaolako hainbat garajetan sartu dira, eta aparkatuta zeuden kamioi batzuetatik gasolina hartu dute
Aurreko astean hasi eta oraingoan ere lapurretan ibili dira Legazpin. Aurreko astean, esaterako, Urtatza eta Plazaolako hainbat garajetan indarrez sartu ziren, eta beste batzuetan sartzen ahalegindu ziren, ateetan zuloak eginda. Garaje jabeek eurek jo zuten udaltzainetara, gertatutakoaren berri ematera.
Bestalde, bart gauean, aparkatuta zeuden hainbat kamioitatik gasolina lapurtu dute. Era bateko zein besteko lapurretak gauez egin dituzte.
Udaltzainek dei egin dute mugimendu arraroren bat sumatuz gero, lehenbailehen eurengana edo ertzainengana jotzeko. Azkenaldian, txikizioak eta lapurretak eguneroko kontu bihurtu baitira udalerrian. Horregatik, aipatu dute komenigarria dela tentuz ibiltzea eta lapurretak saihesteko neurriak hartzea.
Visto: 237
Escrito por Karmele Arruebarrena el . Publicado en Albisteak.
Urte osoan zehar hamaika inbertsio egin ditu, energia eta kostua aurrezteko helburuarekin
2014. urtean zehar, Legazpiko Udalak hainbat hobekuntza egin ditu kale argiterian: koadro zaharkituak kendu eta berriak jarri dira, eraginkortasuna bermatzearren; hainbat koadro elektrikotan fluxu erregulatzaileak ezarri dira; presio handiko sodio eta merkurio lurrunezko argien tokian LED argiak jarri dira; instalazioak hobetu dira; eta energia kontratu berriak sinatu dira, kostuak merkatzeko xedez.
Bikuña-Motxorro ingurunean, esaterako, 2 koadro kendu dira: lehen 3 zeuden eta bakarra geratu da. Bestalde, orain arteko 59 kaleargien tokian 40 jarri dira, eta horiei boltajea murriztu zaie. Gainera, instalatuta izango dute pertsonen presentziaren arabera erregulatzeko gailua. Legazpiko Urrateberri enpresak azaroan zehar gauzatu eta abendu hasieran amaitutako inbertsio honek 46.000 €-ko guztizko kostua izan du; eta Udalak jarri du materiala. Gipuzkoako Foru Aldundiak 6.600 € inguruko diru laguntza eman du eta oraindik Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) erantzunaren zain daude, hortik ere laguntzaren bat jasotzea espero baitute.
Aldaketa honi esker, % 75 inguru murriztuko da energia kontsumoa eta gastu ekonomikoa. Ingurune honetarako proposatutako irtenbidearekin, energia aurrezteaz gainera, oraingo argi maila hobetzea lortu da, baita instalazioak kalifikazio hobea izatea ere.
Gauzatutako lan hau lehenengo faseari dagokio. 2015eko lehenengo hiruhilekoan, bigarren fase bat egikaritzea baitago aurreikusita, eta era horretan, bide osoan zehar argi berrituak ezartzea.
Plazaola, bigarren fasean
Bestalde, Plazaola kaleari dagokionez, uztailean aurreneko inbertsioa egin zen 1. ataritik 11.era. Orain, berriz, urte amaieran, bigarren faseari (Plazaola 12-28) heldu diote, kale osoa berrituta gera dadin.
Bigarren inbertsio honetan 23 kaleargi oso-osorik eta beste 64 argi edo buru aldatuko dituzte. Inbertsio hau Legazpiko Sasilek enpresa ari da gauzatzen, 43.000 € inguruko kostuarekin. Aipagarria da Gipuzkoako Foru Aldundiak 30.431 €-ko diru laguntza eman duela bi faseetarako.
Eremu honetarako aurreikusten diren energia eta kostu aurrezteak % 40 ingurukoak dira.
Azkenik, San Inazio auzoko 4-17 zenbakietan ere egin du Udalak inbertsioa, atari horietan ez baitzuten inolako argi punturik. Lehentasunezkotzat jotako jardun honetan Legazpiko Zubitxo enpresak 6 LED kaleargi jarri ditu, 11.000 € inguruko inbertsioa gauzatuta. Eremu honetan ere bigarren fase bat egitea dago aurreikusita, eta berau gauzatu ahal izateko ezinbestekoa izango da diru laguntzaren bat jasotzea.
Visto: 147
Escrito por Karmele Arruebarrena el . Publicado en Albisteak.
Legazpiko Udalak herriko merkatariekin osatutako 2015eko egutegia aurkeztu du. Egutegi berriak herriko merkatariei omenaldi txiki bat egin nahi izan die eta beraiek bihurtu ditu hilabetez hilabete protagonista. Gaurko aurkezpenean egutegiko protagoniestek parte hartu dute.
Aurreko egutegietan bezala, egutegi berriak ere hilabetero galdera berriak dakartzan lehiaketari barnebiltzen du.