Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
'Elkartasun Saskia' berriz martxan

'Elkartasun Saskia' berriz martxan

Datorren astetik aurrera, elikagaiak banatuko dituzte premia handiena duten familia legazpiarren artean; lehenengo sei hilabeteetan, 3.844 kilo banatu zituzten
 
Dagoeneko konpondu diren arazo batzuk direla tarteko udako geldialdia ohikoa baino luzeagoa egin ostean, datorren astean berriro jarriko da martxan “ELKARTASUN SASKIA: Zure ahalegintxoa laguntza handia izan daiteke” ekimena. Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak bideratutako ekimena da, Nagusilan eta Garagune elkarteetako kideen lankidetzarekin. Kide horiek, hain zuzen, udalerriko lau supermerkatu handienetan (Kale Nagusiko Eroski, Laubideko Eroski, BM eta Todo‐Todo) utzitako elikagaiak bildu eta herrian premian dauden familien artean banatzeaz arduratzen dira.
 
Gogotsu ekin diote berriro ekimenari; izan ere, urteko lehen sei hilabeteetako datuak oso onak dira: orotara, 3.844 kilo janari banatu zaizkie udalerriko 36 familiari. Batik bat, esnea da gehien banatu dena (1.300 litro); beraz, elikagai hori zein bestelakoak (lekaleak, olioa, arroza, kontserbak, pasta, azukrea...) aipatutako lau saltokietako orgetan uzteko deia egin dute.
 
Diru dohaintzak ere egin daitezke
Era berean, diru dohaintzak egiteko aukera ere izango da; hain zuzen, Laboral Kutxako 3035 0024 38 0241096396 kontu zenbakiaren bitartez. Hor bildutako dirua ere Saskia osatzeko beharrezko elikagaiak erosteko erabiliko da. Horixe da premian dagoenari laguntzeko beste modu bat.
 
Bi helburu nagusi ditu ekimen honek: legazpiarren artean elkartasuna sustatzea, batetik; eta premian dauden familiei laguntza ematea, bestetik. Horrenbestez, beharrean dauden eta elikagaiak jaso nahi dituzten familiek Gizarte Zerbitzuen Sailean eman beharko dute izena. Lasai ibil daitezke, erabateko isilpekotasunez jardungo baita.
 
Kanpainaren antolatzaile eta sustatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete nola emaileei, hala boluntarioei, proiektu honetan eskaintzen duten laguntza baliagarriagatik.
 
  • Visto: 159
Plastikozko poltsen erabilera murriztu

Plastikozko poltsen erabilera murriztu

Merkatariekin landuko den kanpainak azaroan garatuko da
 
Hondakinen prebentziorako nazioarteko astearekin bat eginez Legazpiko Udalak herritarrek hondakin gutxiago sortzeko kanpaina ezberdinak jarriko ditu martxan Sasieta eta Kutxa-Ekogunearekin batera. Alde batetik, plastikozko poltsen erabilera murrizteko kanpaina egingo du udalak azaroa bitartean. Horrez gain, eskualde mailan egingo den iturriko ura gehiago kontsumitzeko kontzientziazio kanpainan ere parte hartuko du.
 
Plastikozko poltsen erabilera murrizteko kanpainan, merkatarien laguntzarekin zozketa berezi bat prestatu du Udalak. Hori dela eta, azaroaren 3tik 22ra poltsa edo jakiontzi berrerabilgarriekin erosketa egiten duten herritarrei, erosketak egiteko 10 orgen zozketan parte hartzeko zenbakiak oparituko zaizkie. Zozketa azaroaren 24ean izango da. Kanpaina astelehenean abiatuko da eta orain arte 60 dendarik eman dute izena. Kanpaina honen bitartez, eguneroko erosketetan gero eta plastikozko poltsa gutxiago erabiltzea, eta beraz, hondakin gutxiago sortzea lortu nahi du Legazpiko Udalak. Lortutako emaitzak denda bakoitzeko erakusleihoan jarriko dira 24tik aurrera.
 
Udalak eskuratu dituen datuen arabera, plastikozko poltsa batek bataz beste 12 minutuz erabiltzen dugula gogora ekarri nahi du. Horrez gain, plastikozko poltsek mendeak behar dituzte deskonposatzeko. Guzti hori kontuan hartuta, udalak herritarrak kanpaina honetan parte hartzera animatu nahi ditu, Legazpin ahalegin txiki bat eginda gauza asko lor daitezkeelako.
 
Plastikozko poltsen erabilera gutxitzeaz gainera, orain arte arraindegian egin bezala, herritarrak harategietan ere jakiontzi berrerabilgarriak erabiltzera animatu nahi ditu. Horretarako, harategietan erabiltzeko jakiontzi urdinak, 0,5 euroren truke eskuragarri izango dira Albe burdindegian astelehenetik aurrera. Familia bakoitzak jakiontzi bat eros dezake.
  • Visto: 195
Legazpi Conama 2014 sarietarako izendatua

Legazpi Conama 2014 sarietarako izendatua

Legazpi Conama 2014 sarietarako izendatu dute Agenda 21eko beste lau udalerrirekin batera
 
Legazpik saria eskuratzeko internet bidez bozkatu daiteke
 
Udalsarea 21 partaide diren Durango, Legazpi, Trapagaran eta Elburgo herriek Conama 2014 saria eskuratzeko beraien proiektuak aurkeztu dituzte. Astelehenera bitartean, Internet bidez bozka emateko aukera egongo da ondorengo web gunean: http://www.premioconama.org/premios14/premios/proyectos.php Legazpik konpostaren inguruko ordenantza aurkeztu du aipatutako lehiaketara.
  • Visto: 210
Larunbatean Junetorri zerbitzu berezia

Larunbatean Junetorri zerbitzu berezia

Santu guztien eguna dela eta, Junetorri zerbitzua indartu egingo du Legazpiko Udalak eta larunbatean ere autobusa izango da. Autobusak ohiko ibilbidea egingo du:
 
Goizean: 10:30etatik 15:15etara
Arratsaldean: 17:00etatik 21:17etara

Informazio gehiago

  • Visto: 168
Benito Lertxundiren kontzertuko sarrerak

Benito Lertxundiren kontzertuko sarrerak

Udaleko Merkataritza Batzordeak 15 sarrera bikoitz zozketatu ditu Ilintiko dendetan erosketak egiten dituzten pertsonen artean. Kale Zaharreko festan izan zen zozketa eta gaur banatu dituzte sariak udaleko Batzar aretoan. Hona hemen saridunen zerrenda:
 
1. Jose Cruz Zubeldia (Itziar Belardenda)
2. Maria Jesus Otaegi (Sustrai)
3. Juan Carlos (Sustrai)
4. Amparo (Okela)
5. Elvira Olabide M&N
6. Uxue Isasa (Sustrai)
7. Loren Andueza (Mari Carden frutategia)
8. Miren Aran Azpeitia (Sustrai)
9. Juan Jose Zubillaga (Sustrai)
10. Maria Ignazia Galarza (Sustrai)
11. Luis Errasti (Algar)
12. Maria Jesus Urkia (Sustrai)
13. Isabel Lasagabaster (Algar)
14. Coral Burcio (Sustrai)
15. Jaione (Sustrai)
  • Visto: 139