Irailaren 15etik aurrera Kultur Etxean erosi ahal izango dira Irailaren 27an, larunbata, gaueko 22:00etan Latxartegi Aretoan Txalo Konpainiak eskainiko duen antzerki emanaldi honetarako sarrerak 10€ren truke. Egunean bertan ere egongo da aukera Aretoko leihatilan erosi ahal izateko 12€ren truke.
Visto: 149
Escrito por Karmele Arruebarrena el . Publicado en Albisteak.
Irailaren 3an, Kultur Etxeko KZguneko ordenagailu guztiak, 17 alegia, aldatu zituzten, eta berriak jarri. Miriam Orozco KZguneko dinamizatzaileak adierazi digunez, "lehen adina" daude, "bi gunetan bereizita: "8 ordenagailu prestakuntza zonaldean, eta 9, nabigazio gunean".
Ordenagailu berriekin, aldaketak izango dira sisteman: "Lehen, Windows XP erabiltzen genuen ordenagailu guztietan. Orain, berriz, Software askea erabiltzeari ekingo diogu. Sistema eragile propioa dugu, KZnux izena duena, baina azken batean Linuxen oinarritzen dena", azaldu digu Orozcok. "Beraz, nabigazio zonaldean, Firefox eta Libre Office paketea daude instalatuta. Hartara, erabiltzaileek eskura izango dituzte testu lanketarako, kalkulu orriak egiteko eta lanetarako programak".
Aurrerantzean, bestalde, erabiltzaileek euren kontura eta nahi dutenean erabili ahal izango dituzte USB memoriak, "birusen arriskua desagertu delako", zehaztu du, "lehen ni nengoenean soilik egin zezaketen".
Bestalde, "nahi duenak sinadura elektronikoa erabili edo dena delako izapideak egin ahal izango ditu". Eskanerra ez dute aldatu; bai, haatik, inprimagailua, "aurrekoarekin alderatuta, kalitate handiagoarekin inprimatzen du oraingoak".
Doako zerbitzuak, 16 urtetik gorakoentzat
KZgunean teknologia berriei buruzko doako zerbitzuak eskaintzen zaizkie 16 urtetik gorako herritarrei. Eskura dituzte nabigatzeko ekipoak, eta dinamizatzaileak behar duten guztietan lagunduko die. "Inprimagailua erabiltzeko aukera izango dute. Egunean 5 orri, doan; eta eskanerra ere eskura dute", begiralearen hitzetan.
Bestalde, gai ugariri buruzko ikastaroak antolatzen dituzte hilero: Interneten hasteko oinarriak, sare sozialak, irudi digitalekin nola aritu… "Ordenagailu aurrean sekula jarri gabeko pertsonari zein ezagutzaren bat daukanari, denei eskaintzen dizkiegu ikastaroak".
Trebakuntza, sarean
Azkenaldian, dena den, on-line bidezko trebakuntza sustatzen hasi dira. "Erabiltzaileek etxetik ikasi ahal dute, konexio baten laguntzaz. Ikastaro aukera zabala dago, eta oso arrakastatsuak izaten ari dira", Orozcoren hitzetan. "Bide beretik, IT Txartela ziurtagiriak lortzeko behar diren azterketak bertan egiten ditugu, hilean behin. Eta herriko edozein elkarte edo talderi doako web orria sortzeko aukera ematen diogu: orria sortzeko behar den plataforma eman eta edukiak nola sartzen diren erakutsi. Azkenik, sinadura elektroniko aurreratua behar izanez gero, tramitea bertan egiten dugu", azaldu digu.
KZgunea, astelehenetik ostiralera, egun osoan zehar zabalik izaten da, baina arreta zerbitzua aldatuz doa hilero; hau da, hilabete bat goizez (09:00-13:00) eta bestea arratsaldez (16:00-20:00). Zerbitzuari buruzko informazio guztia eskuragarri dago webgunean (www.kzgunea.net), blogean (http://kzgunea.blog.euskadi.net/) eta sare sozialetan (Twitter eta Facebook).
Orozco dinamizatzaileak herritar guztiak gonbidatu ditu doako zerbitzu honi etekina ateratzera.
Visto: 168
Escrito por Karmele Arruebarrena el . Publicado en Albisteak.
Irailaren 20an, larunbata, 20:00etan eta Latxartegi Aretoan hasiko da Alaitasuna Errondailak, bere 50. urteurrena dela eta antolatu duen kontzertua. Errondailak berak ere parte hartuko du kontzertuan.
Visto: 157
Escrito por Karmele Arruebarrena el . Publicado en Albisteak.
Irailak 18, osteguna, 18:30ean, Legazpiko Agenda 21eko foroan izango da Udaletxeko Batzar Areto Nagusian. Egun horretarako, eta Foroko partaideen interesari erantzun eman asmoz, Legazpiko eta eskualdeko airearen kalitateari buruzko saio monografikoa prestatu dute. Besteak beste Legazpin arnasten den airearen kalitatea nolakoa den eta azken urteetan izan duen bilakaeraren inguruan hitz egingo dute iraileko foroan.
Urtero bezalaxe, Legazpiko Udala Mugikortasun Iraunkorraren Asteari atxiki zaio, "Gure kaleak hobetzea: horra gure aukera" lelopean. Hilaren 16tik 22ra bitarte izango da, eta aste horren baitan, hainbat ekintza antolatu dira.
Irailaren 16an, esaterako, 18:30ean, Bizikleta Martxa egingo da, Korosti Txango‐txirrindularien Elkartearekin eta Telleriarteko Txirrindulari Elkartearekin lankidetzan. Laubidetik irten, eta Euskal Herria plazara arteko ibilbidea egingo dute parte‐hartzaileek. Nork bere bizikleta eta kaskoa eraman beharko ditu, eta amaieran, ogitartekoak eta fruta banatuko dituzte. Haurrek zein helduek parte hartu ahal izango dute. Haurrek, gainera, Txorronea parean sartu, eta plazara iristeko aukera izango dute. Martxa honen helburua, hain zuzen, gure eguneroko joan‐etorrietarako bizikletaren erabilera aldarrikatzea da.
Saria bizikletarentzat eta Junetorri doan
Irailaren 16tik 20ra bitarte, halaber, "ESKERRIK ASKO BIZIbiltzeagatik” kanpaina izango da martxan. Eguneroko joan‐etorrietan (erosketak egiteko, lanera edo ikastera joateko…) bizikleta erabiltzen duten pertsonak saritzea izango da helburu nagusia. Aldi berean, bizikletaren onuren berri emango diete herritarrei: osasuna hobetzen du, praktikoa da, ez dago aparkatu beharrik, azkarra da... Kanpaina hau Urola Garaiko beste udaletxeekin eta Uggasarekin batera antolatu eta finantzatu da.
Bestalde, aipatzekoa da ilaren 16tik 22ra, Junetorri autobusa doan izango dela. Herri barneko joan‐etorrietarako autoa erabiltzen duten herritarrei deia egin nahi zaie autoa aparkatuta uzteko eta udalerrian oinez ibiltzeko.
Dena den, aste hori ospatzea ez da Udalak mugikortasun iraunkorraren alde egiteko proposatzen duen bide bakarra. Besteak beste, espaloiak zabaltzea, Junetorri autobusa jartzea, oinezkoentzako bideak egitea, Juanastegira doan igogailua eraikitzea, Udalaren webguneko "autoa partekatu" zerbitzua eskaintzea eta hainbat sentiberatze ekintza egitea (esaterako, ingurumenari lagunduz gidatzeko ikastaroak, bizikleta eta auto elektrikoak probatzeko aukera, bizikleta martxa...) dira helburu hori betetzeko gauzatutako beste hainbat adibide.
Horregatik guztiagatik, Udaletik zein Legazpiko Agenda 21etik legazpiarrei deia egin diete Mugikortasun Astean, behintzat, herri barneko ohiko joan‐etorriak (lanera zein ikastera, erosketak egitera...) oinez, bizikletaz, patinetez zein Junetorriz egiteko. "Autoa mugitu gabe uzteko astea izango da. Saia gaitezen", adierazi dute.