Maite Ugarte eta Agurtzane Arrondo izan dira irabazleak, eta 50 euroko sari bana eramango dute, herriko dendaren batean edo tabernaren batean gastatzeko
Udalak 2014rako ateratako egutegian, herritarrek parte hartzeko moduko joko bat proposatzen da. Legazpiko jaiak dira ardatz nagusi. Hilabete bakoitzean, sasoi horri dagokion jai baten argazkia dugu, eta
horrekin lotutako galdera bat. Herritarrek erantzun zuzena eman behar dute, www.legazpiko‐udala.info web orriko "Egutegia 2014" izeneko txokoan sartuta edo Herritarrentzako Arreta Bulegora joanda.
Dagoeneko egin dituzte urteko zazpigarren eta zortzigarren galderei dagozkien zozketak; alegia, uztailari eta abuztuari dagozkionak. Hauexek ziren galderak: Auzoak hizpide hartuta, zein bi auzotako jaiak ditugu uztailean? eta Zein da San Agustin jaietako egitarauan urtero ageri den ekitaldi berezia? Erantzun zuzenak, hain justu, Aztiri eta San Ignazio eta Txerri harrapaketa dira. Ondo erantzundakoen artean zotz egin, eta Maite Ugarte izan da uztaileko irabazlea. 50 euroko bale bat jasoko du, herriko dendaren batean erosketak egiteko. Abuztukoa, berriz, Agurtzane Arrondo, eta horrek ere 50 euroko balea jasoko du, herriko tabernaren batean otordua egiteko.
Merkataritza eta ostalaritza sustatzea
Saria bale moduan banatzen du Udalak, eta ez eskudirutan; izan ere, herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzea du helburu. Hala, irabazleak 50 euroko balea jasoko du, eta berau xahutzen duen saltokiko
merkatariak, ondoren, udaletxean aurkeztu beharko ditu nola bale hori, hala faktura, eta hantxe ordainduko dizkiote 50 euroak.
Visto: 170
Escrito por Karmele Arruebarrena el . Publicado en Albisteak.
Eguzkiak eta giro onak lagunduta egin da aurtengo Gipuzkoako Artzain Eguna Legazpin. Artzainen, legazpiarren eta bisitarien topagune bihurtu da beste behin ere Euskal Herria plaza, eta goiz osoan
zehar izan da zer dastatu eta zer gozatu Legazpin. 26 gazta aurkeztu dira guztira Gipuzkoako Artzai Gazta‐ren 30. Lehiaketara, eta Zeraingo Javier Muñoaren gazta izan da garaile.
Gazta Dastatze Herrikoian, berriz, herritarrek egin dituzte epaile lanak eta Goienetxe E.Z‐rentzat izan da lehen saria. Eguerdian Legazpiko hainbat elkarteren eskutik, berriz, Ardi Okela Gertatze Gipuzkoako 23. Lehiaketa antolatu da eta herriko plazara hurbildu denak ardi okelazko pintxoak dastatu ahal izan ditu. Garaipena Kattagorri elkarteak lortu du.
Goizean zehar artisau erakusketez, gaztagintzaren lehenaz eta orainaz edo Euskal Herriko Ardi Latxaren arrazako ardi eta aharien erakusketaz gozatzeko aukera izan da, baita ardi mozte erakusketaz eta gaztetxoen gazta lehiaketaz ere. Etxeko txikienek gazta egiten ikasi dute. Arratsaldean Gipuzkoako 46. Artzain Txakurren Txapelketa egin da Urtatzako zelaian. Gipuzkoako 7 txakurrek hartu dute parte norgehiagokan, eta Juan Jose Arrizabalagaren‐en Azkar txakurra izan da garaile.
Omendutako artzainak
Atzoko egunean Legazpiko Udalak aipamen berezia egin nahi izan zuen aurtengo artzain omenduei: Maria Angeles Barrena Ugarte, Nicolas Segurola Etxaniz, Felix Onaindia eta Ignacio Ajuria. Bakoitzak
bere etxaldetik, Euskal Herrian edota atzerrian, artzantza ogibide hartuta sektoreari egindako ekarpenagatik. Horrez gain, Tibur Agirre ere omendu zuten, urteetan Gipuzkoako Artzain Eguna antolatzen egindako lanagatik.
Visto: 204
Escrito por Karmele Arruebarrena el . Publicado en Albisteak.
Aurreko larunbatean, irailak 6, Legazpiko Udalak ofizialki inauguratu zuen Agirre‐Etxeberri parkea. Lorategiak jendez bete ziren, bertan egindako lehen ekintzaz gozatzeko. 18:30ean bildu ziren guztiak, eta lehenik eta behin, Kepa Urzelai alkateak eta Rakel Puente kultura zinegotziak esandako aurkezpen hitzak entzun zituzten.
Biek ala biek parkearen ezaugarriak izan zituzten hizpide: "Urteetan geldi eta ukiezin egon den gune hau legazpiar guztion bilgune, ekintzak gauzatzeko eremu, ariketa egiteko toki eta gazte zein helduen plaza izatea bilatu dugu", adierazi zuten. Eta Musika Eskola bertako eraikinean ezartzeko lan egin dutela, eta egingo, azaldu zuten: "Orain, eraikina egokitu eta Musika Eskola bertan jartzea izango da eman beharreko hurrengo pausoa. Parkeari ez ezik, eraikin hotsandikoari ere merezia duen erabilera emateko. Eta Udalak, orain artean bezalaxe, ahalegin guztiak egingo ditu hala izan dadin".
'Musika Parkean', naturarekin bat
Inaugurazio hitzen ostean, Musika Parkean egitasmoko bigarren kontzertua izan zen; Agirre‐Etxeberrin egindako lehena, alegia. Laurobataldeak jo zuen, inolako eszenatokirik gabe, jendearekin bat eginda. Giro paregabea lortu zuten, eta legazpiarrek musika ederraz gozatzeko aukera izan zuten, paraje ezin hobean.
Uztailean izan zen musika eta natura uztartzea helburu duen egitasmo honetako lehen kontzertua. Ordukoan, Mac Jeara's Band talde legazpiarrak Urtatzazarreko parkean jo zuen.
Larunbatekoa Agirre‐Etxeberrin egindako lehen ekintza izan zen, atzetik etorriko diren guztien abiaburu. Aho zapore gozoarekin geratu ziren bertan izan ziren guztiak; nola herritarrak, hala musikariak eurak. Herritarrak belarretan eserita zein zutik egon ziren, musikaz gozatzen. Laurobako kideek, bestalde, adierazi zuten sekula horrelakorik egin gabeak zirela. Jendearekiko hurbiltasuna nabarmendu zuten ororen gainetik, eta benetan kontzertu berezia izan zela esanda alde egin zuten. Udalak ere oso balorazio positiboa egin du.
Visto: 31
Escrito por Karmele Arruebarrena el . Publicado en Albisteak.
Gero eta hurbilago daude Agorreko Santikutzak jaiak. Aurten galiziar kutsuarekin eta musika eta kirol egitarau oparoarekin datoz jaiak. Gehiago jakin nahi baduzu hona hemen egitaraua ikusgai.
Banatu da herriko postontzietan Agorreko Santikutz jaien egitaraua. Hala ere hainbat ataritan ezin izan da banaketa egin, inork ez duelako aterik ireki. Hori dela eta Legazpiko Udalak jakinarazi nahi du, udaletxeko Arreta bulegoan edo Kultur Etxean izango direla egitarauak eskuragarri, nahi duenak bertatik jaso ditzan.