Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
Sorgintxulorekin Lakiolara

Sorgintxulorekin Lakiolara

Sorgintxulo aisialdi taldeak abenduan DBH-1 eta DBH-2. mailako ikasleekin Lakiolako aterpetxera egin izan ohi duen irteera antolatu du aurten ere.

Abenduaren 5ean, ostegunean, igoko dira Lakiolara eta, bertan, hainbat ekintza egin eta gaua igaro ondoren, abenduaren 6an, ostiralean, itzuliko dira, etxean bazkaltzeko.

Irteera honek helburu bikoitza du: batetik gaztetxoekin euskaraz ongi pasatzea eta, bestetik, uztaileko kanpaldira joateko aukera duten gaztetxoekin harremanetan jarri eta elkar ezagutzea.

Nahi izanez gero Sorgintxulo taldearen berriak jaso ditzakezue taldearen Instagram (@sorgintxulo_legazpi) eta Facebook (sorgintxulo.aisialditaldea) bidez.

 

Izen ematea:

Izen-ematea azaroaren 27an, asteazkenean, egin beharko da, 17:00etatik 19:00etara, Sorgintxulo taldearen lokalean (Itxaropen 5, behea). Horretarako, eskolen bidez banatutako gurasoen baimen-orria eraman beharko dute gazteek, gurasoek sinatuta, eta dirua (8 €).

30 plaza daude eta horiek baino gehiagok ematen badute izena, Sorgintxulo taldeak zozketa egingo du azaroaren 29an, 19:00etan, lokalean bertan.

Sorgintxuloko begiraleek posta elektroniko bidez jarriko dira harremanetan Lakiolara joateko izena eman duten gaztetxoen gurasoekin, irteerari buruzko informazio guztia bidaltzeko.

Sorgintxulo taldeak burutuko duen ekintza hau Haur eta gaztetxoen aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko programaren barruan kokatzen da, Udaleko Gazteria, Euskara eta Hezkuntza zerbitzuek antolatzen dutena.

Eskuratu gurasoen baimen-orria

  • Visto: 37
Ostirala iritsi da! Katxiporretako pailazoen ikuskizun berria Legazpin

Ostirala iritsi da! Katxiporretako pailazoen ikuskizun berria Legazpin

Udazkenero, Katxiporretako pailazoak Legazpira hurbiltzen dira, eskola-orduetan herriko bi ikastetxeetako ikasle txikienei beren azken lana aurkezteko, Udaleko Hezkuntza zerbitzutik aurrera eramaten den ekimenari esker.

Horrela, joan den asteazkenean, hilak 20, Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean, pailazoek OSTIRALA IRITSI DA! ikuskizun berriaren bi emanaldi eskaini zituzten Latxartegi aretoan. Bata, 10.00etan, HH-3. mailatik LH-1. mailara bitarteko ikasleentzat; eta bestea, 14.30ean, LH-2. mailatik LH-4. mailara bitartekoentzat. Bi saioen artean, 473 ikasle eta irakasle elkartu ziren.

Ikuskizuna 2023ko azaroan argitaratutako “Txapasen kaxa magikoa” ipuin eta disko ilustratuan oinarritzen da. Abestien artean “Ostirala iritsi da” da Txapasek sortutako kanturik ezagunena, ostiralero ikastetxe askotako jolastokietan entzun genezakeena.

Lan honekin Josu Txapartegi Aramendi, Txapas ezizenez ezaguna den euskal soinujole, idazle, abesbatzako zuzendari, organo-jole eta sortzaile oparoari egiten zaio aitortza, eta, bera bezala, egunerokotasunean haien balioak eta bizipenak maitasunez eta ilusioz partekatzen dituzten hezitzaile guztiei.

Ikuskizunean, presentzia berezia dute abestiek, baita jolasek, naturak eta bestelako ezustekoek ere.

Horrela, goizeko saioaren amaieran, Domingo Agirre eskolako Olatz Orozcok eta Haztegi ikastolako Maialen Mugicak, eta arratsaldeko saioan, Aloña Guerrerok eta Joana Alvarezek Katxiporretako pailazoen eskutik opari xume eta sinboliko, baina esanahiaz betea, jaso zuten: ezti-poto bat, euskara bultzatzeko bidea goxatzeko eta indarra hartzeko, eta erle-argizariz egindako kandela bat bide hori argitzeko.

Legazpiko bi ikastetxeek euskararen alde egindako lana eskertzeko keinu bat izan da, bai eta 2025eko Euskaraldian izango den bultzada kolektiboarekin bat egitera animatzeko ere. Bi ikastetxeetako ordezkariek eskerrak eman zizkieten pailazoei, eta euskara irakatsi eta zabaltzeko konpromiso irmoari eutsiko diotela adierazi zuten.

Ikusi ikuskizunaren argazkiak

  • Visto: 88
Ikusleek goiko sarrera erabili beharko dute Bikuña Kiroldegiko partiduak ikusteko

Ikusleek goiko sarrera erabili beharko dute Bikuña Kiroldegiko partiduak ikusteko

Bikuña kiroldegian partidu ugari aurrera eramaten dira asteburuetan eta kiroldegiko sarrera nagusian sarbide arazoak sortzen dira jende pilaketak direla eta. Arazo hauek saihesteko asmoz, ikusleek kiroldegiko goiko sarrera erabiliko dute hemendik aurrera. Hau da, partiduak ikustera joaten direnak, Kiroldegia eta futbol zelaia artean dagoen bidetik joan eta bertan dagoen atetik sartuko dira. Kirolariak ate nagusitik sartzen jarraituko dute.

Aldaketa honekin eta herritarren segurtasuna bermatzeko, Kiroldegia eta futbol zelaiaren artean dagoen bidea oinezkoentzat soilik izango da asteburuetan. Hau horrela izanda, eta autoen eta oinezkoen elkarbizitza segurua bermatzearren, asteburuetan ezingo da ez bide honetan aparkatu ezta ibilgailuarekin sartu ere; salbuespen bakarra Damata etxeko bizilagunak dira.

Astean zehar normaltasunez erabili ahalko da.

  • Visto: 121
Aurten ere, UPV/EHUri buruzko lehen informazio-saioa Legazpin

Aurten ere, UPV/EHUri buruzko lehen informazio-saioa Legazpin

Saio horren helburua da UPV/EHUren eta etorkizuneko unibertsitate-ikasleekin eta haien familiekin lehen harremana izatea. Era berean, unibertsitate horri buruzko informazio orokorra emango da eta ikasleek gogoko dituzten unibertsitate-ikasketei buruzko erabakiak hartzeko unean-uneko zalantzak argitzeko aukera izango dute. Eskaintza akademikoaz gain, ikasleei zuzendutako zerbitzuei buruzko informazioa emango dute, baita ikasketa-planen egitura edo unibertsitatean sartzeko egin behar diren tramiteen gaineko informazioa ere.

Saioa elebiduna izango da eta, ez da aldez aurretik izena eman behar. Aretoaren edukiera bete arte sartu ahal izango da.

Beste eskualdeetan ere izango dira horrelako aurrez aurreko aurkezpen saioak. Zehazki, azaroaren 27an Beasainen eta abenduaren 10ean Eibarren izango dira.

Donostian, UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroan ere beste bi saio eskainiko dira eta on-line jarraitzeko aukera egongo da. Abenduaren 2an euskaraz (https://tinyurl.com/vnkucpf5) eta abenduaren 4ean gaztelaniaz (https://tinyurl.com/mryuedmk). Saio horietan parte hartzeko ez da aldez aurretik izena eman behar, eta nahikoa da zuzenean estekan klik egitea.

UPV/EHUko 2024ko informazio-jardunaldiak Gipuzkoan

  • Visto: 96
Abenduko kultur egitaraua eta KZguneko eskaintza

Abenduko kultur egitaraua eta KZguneko eskaintza

Abenduko kultur agenda prest dago eta ikusgai dago dagoeneko zehaztu dugun loturan.

Bertan hilabeteko ikuspegiaz gain, egunez eguneko ekitaldien jarraipena ere egin dezakezu.

KZguneari dagokionez lotura horretan aurkituko duzue ikastaro plangintza. Abenduan Legazpiko KZguneko begiralea goizez egongo da 9:00-13:00etara.

Abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra itxita egongo da.

Abenduko KULTUR EGITARAUA

  • Visto: 27