Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
Denboraldiko lehen ZINE-KLUB saioa Latxartegi aretoan: "Memory"

Denboraldiko lehen ZINE-KLUB saioa Latxartegi aretoan: "Memory"

Legazpi Zine-Klub elkarteak, denboraldiko lehen  zine-klub saioa eskainiko du Latxartegi Aretoan Urriaren 11n, ostiralean arratsaldeko 19:00etan.

Michel Francoren “Memory” filma eskainiko dute.

Sinopsia:

Sylvia bizitza erraza eta egituratua duen gizarte-langilea da: alaba, lana, Alkoholiko Anonimoen bilerak. Horrek guztiak jauzi egiten du Saulek institutuko bileraren ondoren etxera jarraitzen dionean. Bere ustekabeko topaketak biak hunkituko ditu iraganari atea irekitzean. (FILMAFFINITY)

Fitxa Teknikoa:

Zuzendaritza: Michel Franco

Gidoia: Michel Franco

Aktoreak: Jessica Chastain, Peter Sarsgaard, Merritt Wever, Brooke Timber, Josh Charles,..

Argazkia: Yves Cape

Generoa: Drama

Iraupena: 103 minutu

Sariak:

2023: Festival de Venecia: Copa Volpi – Aktore onena. 2 izendapen.

2023: Indepen. Spirit Awards Sariak: Interprete-protagonista onenerako izendatua.

Pelikulen berri zehatza eta sarrerak erosteko 

  • Visto: 76
Eskerrik asko guztioi!!

Eskerrik asko guztioi!!

Eskerrik asko Legazpik aurtengo Work it Out lehiaketan parte hartzea posible egin duzuen guztioi: dantzariak, Lenbur Fundazioa, Bellota Herramientas,…; eta eskerrik asko zuen botoekin lagundu diguzuen guztioi ere, Legazpiko industria-ondarea Europa osoan ezagutzea ahalbidetu duzuelako.

Legazpiko bideoak jaso dituen 1.912 botoei esker, laugarrenak geratu gara. Hauek izan dira talde irabazleak: Ficinus Worker 's Settlement (Ruda Slaska, Polonia), Mining Museum of S. Pedro da Cova (Portugal) eta PJSC Arcelor Mittal (Kryvyi Rih, Ukraina).

Zorionak beraientzat eta baita jaialdi honetako gainerako parte-hartzaileentzat ere!! Esperientzia handia izan da!!.

Hemen ikus ditzakezue lehiaketa honetara aurkeztutako bideo guztiak

  • Visto: 81
Eskola-materiala eta ekipo informatikoak erosteko laguntzak eskatzeko azken egunak

Eskola-materiala eta ekipo informatikoak erosteko laguntzak eskatzeko azken egunak

Legazpiko familiek urriaren 10era arte eskatu ahal izango dute eskola-materiala eta ekipo informatikoak erosteko laguntza, Udaleko webguneko Egoitza elektronikoaren bidez nahiz aurrez aurre Herritarrentzako Arreta Bulegora joanda (ordutegia: 7.30-15.00).

Honez gero, 54 eskaera jaso dira. Iaz 112 jaso ziren.

Laguntza hauen helburua bikoitza da: familiei laguntzea seme-alabak eskolatzeak dakarren gastuan, eta tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea.

Udal Hezkuntza zerbitzutik gogorarazten dute, 5-6 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoek edo tutoreek eska ditzaketela laguntza horiek, baldin eta Lehen Hezkuntzako 1.mailatik Batxilergora edo Erdi-mailako Lanbide Heziketara bitartean matrikulatuta eta Legazpiko helbide berean erroldatuta dauden. Beste bizileku batean erroldatuta egoteko legezko arrazoiren bat dagoenean, egiaztatu beharko da.

Laguntzak familia-errentaren arabera izango dira. Horrela, eskola-materiala Legazpiko dendetan erosteko laguntzak 70 eta 140 euro bitartekoak izango diraseme edo alaba bakoitzeko. Informatika-ekipoak Gipuzkoako Lurralde Historikoko dendetan erosteko laguntzak berriz, 100 eta 350 euro bitartekoak izango dira familia bakoitzeko.

Ekipo informatikoak erosteko laguntza bi urtekoa izango da. Hau da, aurten ezingo dute ekipamendu informatikoak erosteko laguntzarik jaso aurreko urtean horretarako laguntza eskuratu zutenek. Eskolako materiala erosteko laguntzak urtekoa izaten jarraituko du, eta urtero eskatu ahal izango da.

Familia bakoitzak eskaera BAKARRA aurkeztuko du. Eskabide-ereduarekin batera, fakturak aurkeztu beharko dituzte eta urriaren 10era bitartean egindako erosketen fakturak onartuko dira.

Izapidearen fitxa

  • Visto: 81
Udal egutegiaren lehiaketa. Iraileko galderaren erantzuna: AGORRA

Udal egutegiaren lehiaketa. Iraileko galderaren erantzuna: AGORRA

 
Iraileko argazkiaren inguruan…
 

San Migel ermitaren aurrean eta San Migel egunez ateratako argazkia.

Egun horretan, mezaren ondoren, “sagar inburre” egin ohi zen bertaratzen ziren eskola-haurrentzat. Abadeak saskikada sagarrak botatzen zituen lurrera haurrek har zitzaten. Irudiaren ezkerreko aldean, San Migelgo beataren etxe zaharraren pareta ikus liteke. Izan ere, garai batean beata edo serora izan zuen Legazpiko ermita honek.

 
  • Visto: 84
Bikuña kiroldegiko gimnasioa berritu egingo da

Bikuña kiroldegiko gimnasioa berritu egingo da

Legazpiko kirol instalazioen hobekuntza planarekin jarraituz, Bikuñako kiroldegiko gimnasioa berrituko da, espazio zabal eta abegikorragoa bihurtuz, makina berriekin eta ordutegi malguagoarekin. Udalak datozen bi asteetan bilduko ditu herritarrek egin nahi dituzten ekarpenak.  
"Prozesu hau datozen hilabeteetan lizitatu ahal izatea espero dugu, eta funtsezkotzat jotzen dugu erabiltzaileen ekarpenak jasotzea, zalantzarik gabe gimnasio hobea diseinatzen lagunduko baitute. Berritasun gisa, azpimarratu behar da sarrera independentea izango dela, txartel baten bidez, eta 6: 00etatik 23:00etara bitarteko ordutegia proposatzen dugula zerbitzu honetarako ", azaldu du Eric Galvez alkateak.     

Egin beharreko hobekuntzak   
Proiektu honen helburua da gimnasioa handitzea/berritzea, igerilekura sartzeko komun eta dutxen egungo eremuaren barruan, eta komun egokitu berriak jartzea korridorearen egungo eremuan, igerilekuko dutxak dauden lekuan.         
Gimnasioa kiroldegiko instalaziorik erabilienetako bat da. Ondorioz, erantsitako espazioak egungo komunak dauden eremuarekin zabaltzea eta bateratzea planteatzen da. Eremu hori eskailera baten bidez lotuko da, eta asmoa da bizikleta estatiko motako makinen eremua izatea, beheko espazioa zertxobait askatzeko. Gainera, makineria ere berrituko da, honetarako herritarren ekarpenak garrantzitsuak direlarik.     
Aurreikusitako proposamenen artean, gimnasioko ordutegia zabaltzea ere aurreikusten da. Gimnasioa 6:00etan irekiko da, eta langileak 7:30ak arte lanean hasten ez direnez, ate bat irekiko da kanpotik zuzenean sartzeko, tornu batekin, kiroldegiko instalazio orokorra oraindik itxita dagoenean sartu ahal izateko eta erabiltzaileen pasabidea kontrolatzeko.        
Exekuzio orokorreko aurrekontua 270.000 eurokoa da. Obra zibila 3 hilabetetan egingo da.

Herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte formularioa betez edo kiroldegiko harreran entregatuz, urriaren 20ra arte.       

Egin zure ekarpena

Gimnasioa obra egin ondoren erakusten duten infografiak:

  • Visto: 87