Herramientas de Accesibilidad
Skip to main content
“Aztia” kontzertu dramatizatua, urriaren 3n, Latxartegi Aretoan

“Aztia” kontzertu dramatizatua, urriaren 3n, Latxartegi Aretoan

“Aztia” kontzertu dramatizatua izango da laster Legazpin, Don Inorrez eta Metrokoadroka sormen Laborategiaren eskutik.

Urriaren 3an, ostirala, 20:00etan Latxartegi Aretoan.

Sarreran aurretik salgai daude dagoeneko https://latxartegisarrera.sacatuentrada.es/ loturan.

SINOPSIA:

Aztiak zoriontasunaren inguruko mintegi bat antolatu du, “Zoriontasuna hasiera bat besterik ez da” leloarekin. Bertan “autolaguntzaz” mintzatuko da, zirikatzaile, baina ezkutuan “auzolaguntza” izango du xede. Jendartean deslilura eta desesperantza nagusitzen ari direla dirudien garaiotan, des-deslilura aldarrikatuko du Aztiak, hasiera oro zerbaiten amaiera izan daitekeen itxaropenarekin.

Don Inorrez eta Metrokoadroka taldeek AZTIA proiektua sortu dute. Proiektuaren lehen emaitza izen bereko diskoa izan da, bigarrena zuzeneko emanaldia. Oholtza gainean umorea eta kontzertu giroa izango dira nagusi, musika, antzerki bakarrizketa eta butoh dantza uztartuta.

Taula gainean izango dira: Ainhoa Alberdi, Karlos Arancegui, Oier Guillan, Fernando Neira eta Imanol Ubeda. Zuzendaritza Idoia Beratarbideren esku egon da.

AURKEZPENA:

2023ko urte amaieran Imanol Ubedak eta Karlos Aranceguik osatzen duen Don Inorrez musika taldeak proposamena egin zion Oier Guillani: disko berri baterako hitzak topatzea. Horretarako, letrak osatzeko ez ohiko prozesu bat abiatzea erabaki zuten: antzerkian oinarritzea disko oso bat sortzeko. Hala, Aztia bakarrizketa idatzi zuen berariaz Guillanek, eta hitz horietatik abiatuta disko osoa konposatu zuten Don Inorrezekoek. Hala, Cadizen Paco Locorekin grabatu ostean, 2025eko urtarrilean plazaratuko da lan berria.

Ondoren, material berria lengoaia eszenikora egokitzeko apustua egin dute Metrokoadroka kolektiboarekin. Aztia emanaldia 2025eko otsailaren 8an estreinatu da Donostiako Lugaritz kultur etxean. Emanaldian Imanol Ubedaren ahotsa eta kitarra eta Karlos Aranceguiren perkusioa Fernando Neira baxu jolearekin egin dute bat. Haien alboan Oier Guillanek dramatizatu du antzerki bakarrizketa ahotsez, eta Ainhoa Alberdik pertsonaia gorpuztu du butoh dantzaren bitartez. Idoia Beratarbide izan da proiektuko zuzendari artistikoa eta iruditeria osoaren sortzailea.

FITXA ARTISTIKOA

Musika:Don Inorrez.

Musikariak:Imanol Ubeda, Fernando Neira eta Karlos Arancegui.

Hitzak eta dramaturgia:Oier Guillan.

Aktore-dantzaria:Ainhoa Alberdi.

Zuzendaria:Idoia Beratarbide.

Argiak:Junki Mayo.

Soinua: Peio Gorrotxategi, Aieka.

Ekoizpena:Don Inorrez & Metrokoadroka.

Sarrerak aurrez salgai, https://latxartegisarrera.sacatuentrada.es/ loturan.

Sarrerarik geratzen bada, urriaren 3an bertan, aretoko leihatilan jarriko dira 19:00etan. Sarreren prezioa: 10€takoa izango da.

  • Visto: 213
Joxe Martin Etxeberria Kaleko XXIII. Pintura Lehiaketan Jose Miguel Arranz izan zen irabazle eta  herritarren saria Esteban Orozek eraman zuen

Joxe Martin Etxeberria Kaleko XXIII. Pintura Lehiaketan Jose Miguel Arranz izan zen irabazle eta herritarren saria Esteban Orozek eraman zuen

11 margolarik erantzun zioten Legazpiko udala eta Arkatza Elkarteak joan den irailaren 20erako egin zuten deialdiari.

Eguerdiko 2:00etarako aurkeztu zituzten lanak, eta erakusgai egon ziren arratsaldeko 5:30ak arte Udaletxe aurrean.

Sari banaketa ekitaldia arratsaldeko 6etan egin zen eta hauek izan ziren sarituak:

  1. SARIA:Jose Miguel Arranz- Erandio
  2. SARIA: Ricardo Azkargorta- Bergara
  3. SARIA: Eduardo Alsasua - Gasteiz

Bestalde herritarren botoak zenbatu ondoren, 194 bozka jaso ziren guztira, bozka gehien jaso dituen lana, 5 zenbakiduna  izan zen (95 bozka).

Baina epaimahaiaren 1. saria duenez, saririk izan ez duen lan bozkatuena:

4 zenbakiduna izan zen (45 bozka)

HERRITARREN SARIA: Esteban Oroz - Eibar

ARGAZKI GALERIA

  • Visto: 137
Udal Euskaltegian izena emateko azken egunak

Udal Euskaltegian izena emateko azken egunak

Euskara ikasteko taldeak osatzen ari dira Legazpiko Udal Euskaltegian; A1etik C2 arteko mailetan. Talde batzuk osatuta daude eta bertan sartzeko aukera dago oraindik.

Hauek dira osatutako taldeak:

  • Hasierako A1 mailako taldeak goizez eta arratsaldez.
  • A2 mailako taldea arratsaldez
  • B1 -B2 mailako taldeak goizez eta arratsaldez.
  • C1 mailako taldeak goizez eta arratsaldez

C2 mailako taldea osatu gabe dago oraindik eta dei berezia egiten du euskaltegiak taldea osatu ahal izateko.

Izen ematea, ostiralera arte

Ostiralera arte, irailaren 26ra arte izango da irekita izena emateko epea eta klaseak urriaren hasieran hasiko dira. Informazio gehiago edo izena eman nahi dutenek 843 74 00 90 telefonora deitu dezakete, euskaltegira jo dezakete edo galdetegi hau betez gero, euskaltegia jarriko da interesa dutenekin harremanetan.

  • Visto: 254
Gari Ugarte legazpiarrak Salamancako Itzulia irabazi du

Gari Ugarte legazpiarrak Salamancako Itzulia irabazi du

Legazpiko Udalak zorionik beroenak eman nahi dizkio Gari Ugarteri, Euskadi Fundazioko txirrindulari legazpiarrari, Salamancako Itzulian lortutako garaipen bikainagatik.


Garik sailkapen nagusia irabazi zuen, Salamancako kaleetan zehar azken erlojupekoan erabaki zen lehiaketa zirraragarri baten ondoren. 5 minutu eta 1 segundoko denborarekin, aurkari guztiak gainditu eta podiumeko lehen mailara igo zen hiriko Plaza Nagusian.

Udaletik Gariren ahalegina, dedikazioa eta talentua aitortu nahi ditugu, harro egoteko modukoa baita Legazpiko herritar guztientzat, eta eredugarria txirrindularien belaunaldi berrientzat.

Zorionak Gari!

  • Visto: 165
Irule Elkarteak sustaturiko Puntu eta Telar ikastaroetan izen emateko azken egunak

Irule Elkarteak sustaturiko Puntu eta Telar ikastaroetan izen emateko azken egunak

Egur Tallako ikastarorako izen emate epea amaituta eta Buztingintza ikastarorako plaza guztiak beteta, irailaren 26ra bitartean egin daitezke, oraindik tokia geratzen den eta Irule Elkarteak sustatzen dituen bi ikastaro hauetarako izen emateak, Kultur Etxeko Harreran.

Irailaren 26ra arte: TELAR IKASTAROA. Urritik abendura. Ostegunetan 17:30etatik 19:30etara. Izen ematea Kultur Etxean. 36€ hileko. Irule Elkarteak sustaturiko ikastaroa. Plaza mugatuak: 8

Irailaren 26ra arte: PUNTU IKASTARORAKO IZEN EMATEA.  Ikasturte guztiko ikastaroa. Urrian hasiko da ikastaroa eta asteazkenetan izango da 17:30etatik 19:30etara. Izen ematea Kultur Etxean. 36€ hileko. Irule Elkarteak sustaturiko ikastaroa. Plaza mugatuak: 8

Udalak antolatu edo/eta diruz lagundutako ikasturte guztiko ikastaro eskaintza www.legazpi.eus weborrian Ikastaroak-Kultura atalean aurkituko duzue.

  • Visto: 172