pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Orain dela 50 urteko euskara eskolak, Legazpin

Santa Cruz Akademian helduei euskara eskolak eman zitzaizkien orain dela 50 urte

Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, euskalgintzan eta pertsonen euskalduntzean Legazpiko aitzindarietako batzuk gogoratu nahi ditugu. Izan ere, duela 50 urte, orduko guraso elkarteak helduentzako euskara eskolak antolatu zituen Santa Cruz akademian. Iluntzeetan ematen ziren eskola horiek. 
 
Santa Cruz akademia 1962an jarri zen abian eta euskara eskolak 1964-65 ikasturtean eman ziren lehenengo aldiz. Eskolak lanak bukatu eta iluntzeetan izaten ziren eta alfabetatze eta euskalduntze taldeak sortu ziren: bata euskaldun zaharrek euskaraz idazteko trebetasuna lortzeko helburuarekin eta bestea, berriz, euskaraz hitz egiten ez zekitenek ikas zezaten.
(Argazki-oina: Euskara eskolengatik 125 pezetako 1966ko otsaileko ordainagiria)
 
Gaintzako Jose Aierbe ibili zen irakasle lanetan eta bi ikasturtetan eman zituen ikastaroak, 1964-1965 eta 1965-1966 ikasturteetan.
 
(Argazki-oina: Victoriano Arizti Jose Aierbe irakasleari oroigarria ematen ikasleen izenean, Gernikako Zimela jatetxean)
 
Kontuan hartzekoa da euskara batua arautu gabe zegoela oraindik eta ikasmaterial egokirik ere ia ez zeukatela.  Besteak beste,  Jose Zabala Aranak (Nabarniz, 1894 - San Vicente de la Barquera inguruan, Kantabria, 1936) 1930ean argitaratutako Gramatica Vasca erabili zuten.
 
 
Aditz-taula ugari ere sortu zituzten. Hemen, esaterako, aditz iragangaitzaren subjuntiboa. 
 
 
Eta testu ugari idatzi ere bai. Hona hemen Jose Aierbe irakasleak zuzendutako ariketa bat:
 
Esan bezala, material askorik ez zegoen eta garaiko euskarazko argitalpenetatik ere ikasten zuten. Azpian, esaterako, Zeruko Argian argitaratutako komikia: Mortadelo eta Filemon euskaraz.
 
 
Taldeak irteerak ere antolatu zituen. Argazki hauetan bi urtetan antolatutako irteeretara joandako kideak ikus ditzakegu. 1964-1965ean Gernikara egin zuten irteeran zenbait ikaslek eta irakasleak eta Juntetxean atera zuten argazkia:
Zutik ezkerretik eskuinera: Maria Cristina Lasa, Medrano, José Joaquín Andueza, Rosarito Alustiza, Medrano, Juan Makibar, José María Lopez, María Jesús Etxeberria, Isabel Aztiria, Paquita Insausti,  Jone Juanena, José María Altolagirre, Mari Cruz Alzelai, José Miguel Leunda, Feli Mantxola, José Luis Garmendia, Mari Cruz Sudupe, Javier Azpiroz eta Begoña Irizar
 
Makurtuta ezkerretik eskuinera: Ana Belen Alustiza, Arantxa Alustiza, izen ezezaguna (Jose Aierberen emaztea), Raquel Etxeberria, José Luis Zabaleta, José Aierbe (irakaslea), Juan Aiastui, Ambrosio Iturbe, José Manuel Larrañaga, Jose Luis Insausti eta Primitivo Murgiondo
 
Hona hemen autobusean egindako bidaia:
 
1965-1966 ikasturtean, berriz, Bermeora joan zen honako taldea:
Zutik ezkerretik eskuinera: J. Manuel Larrañaga, Marivi Zabaleta, Marivi Lasa, Mari Tere Leunda, Begoña Irizar, Inmaculada Furundarena (?), Miguel Soraluze, Rosarito Garmendia, Juan Azpeitia eta José Ramón Iriondo.
 
Makurtuta ezkerretik eskuinera: Juan Egaña. Carlos Otxoa, Ambrosio Iturbe, Jose Mª López, Bixente Zumarraga, José Julián Larrea, Raquel Etxeberria
 
Euskara eskola horiek ondoren etorriko zen mugimenduaren hazi izan ziren. Handik gutxira, 1967an, ikastola sortuko zuten Legazpin. Hasieran, gaur egun euskaltegia den etxea eskatu zioten Tomas Telleria pediatrari, baina, hark umeentzat hezeegia zela erantzun omen zien. 
 
Jose Inazio Elortzak lagunduta, Nekane Arin lehenengo Kimu Berri ikastolako andereñoa Elvira Zipitria andereño historikoarengana joan zen Donostiara eta, handik gutxira, Don Antonio parrokoarekin hitz egin eta elizaren lokaletan hasi zen lanean Kimu Berri ikastola. Ondoren, helduen gau eskola etorriko zen.
 
(Argazki-oina: Jose Inazio Elortza eta Primi Murgiondo orduko garaiak gogoratzen)
 
Datorren urtean, gure herrian, euskararekin zerikusia duten urteurrenek bat egingo dute. Udalaren helburua da urteurren horiek eta orduko balioak ezagutaraztea eta gizarteratzea. Horretarako, euskalgintzarekin lotura duten eragileen lantaldea jarriko da martxan.
 
 
 

Albiste guztiak