pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

'Musika Parkean' ekimeneko lehen kontzertua
07
Uzt
2014

'Musika Parkean' ekimeneko lehen kontzertua

Urtatzazarreko parkean joko du Mac Jeara's Band taldeak, datorren ostiralean, hilak 11, 19:30etik aurrera
Datorren ostiralean, hilak 11, Urtatzazarreko parkean, Mac Jeara's Band talde legazpiarrak joko du, 19:30etik aurrera. Legazpiko Udalak sortu berri duen Musika Parkean ekimenaren baitako lehen kontzertua izango da.
 
Musika Parkean ekimena, zehazki, udalerrian aintzat hartzekoak diren bi ardatz uztartuta sortutako ekimena da: batetik, natur baliabideak, parkeak alegia; eta bestetik, herrian berez dagoen musika kultura. Horrenbestez, bi ardatz horiek batuta, bi kontzertu antolatu dituzte uda sasoirako. Ostiralekoa izango da lehena, eta irailaren 6an, Agirre‐Etxeberri parkean egingo da bigarrena. Bertan, Lauroba taldeak joko du.
 
Musikariek inolako eszenatokirik gabe joko dute, eta herritarrek musikaz gozatzeko aukera izango dute, bakarka, familiartean zein adiskideekin. “Ez dago zutik egon beharrik. Belarretan eserita egon daitezke, afari‐merienda eginez edo zerbait edanez. Librea izango da. Ohiko areto itxietako saioetatik ihesi, musika naturara eraman nahi izan dugu. Eszenatokirik ez, musikariak jendearekin nahastuta... dena ahalik eta naturalena izatea da helburua”, azaldu du Rakel Puentek, Legazpiko Udaleko kultura zinegotziak.
 
Kontzertuak aire zabalean izango direnez, ezinbestekoa da eguraldiak laguntzea. “Euria egingo balu, atzeratu egin beharko genituzke kontzertuak, ezin baitira beste inon egin. Helburua da formatu horri eustea: aire zabalean, berdeguneetan eta giro lasai zein atseginean. Finkatutako egunetan egitea ezinezkoa bada, egunez aldatuko dugu; ez ingurunez”, zehaztu du zinegotziak.

Albiste guztiak