pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Errondailen Topaketa urriak 11an

Lizarra, Ordizia, Altsasu eta Legazpiko errondailak
Lizarra, Ordizia, Altsasu eta Legazpiko errondailak bilduko dira, Alaitasuna Errondailaren 50. urteurrenaren karietara
 
Datorren larunbatean, urriak 11, Errondailen Topaketa egingo da Legazpin, herriko Alaitasuna Errondailaren 50. urteurrena dela‐eta antolatutako ekitaldi ugarien artean.
 
Larunbateko hitzorduan, hain justu, Lizarra, Ordizia, Altsasu eta Legazpiko errondailak bilduko dira, goizeko 10:30ean, eta mokadutxoa emango diete, egun osoko jardunerako indarrak biltzeko.
 
Ondoren, 11:30ean, udalerri osoko kale eta auzoetan banatuko dira: Lizarrako Guilaudban errondaila Bikuña aldera joango da; Ordiziako Laguntasuna, Egialdera; Altsasuko Trasteando errondaila erdigunean ibiliko da; eta Legazpikoa San Ignazio auzora igoko da.
 
13:00ak aldera, talde guztiak bilduko dira Euskal Herria plazan, eta Rakel Puente Kultura zinegotziak harrera ofiziala egingo die kanpotik etorritako hiru errondailei. Ondoren, plazan bertan, kanta batzuk eskainiko dituzte elkarrekin. 14:30ean bazkaria izango dute.
 
Ekitaldi nagusia, Latxartegin
Arratsaldean, berriz, ekitaldi bateratua eskainiko dute Latxartegi Aretoan, 18:30etik aurrera. Doako sarrera izango da, harik eta eserleku guztiak bete arte. Hortik aurrera, sarrera itxiko da.
 
Egun osoko ibilerek 20:30ean izango dute amaiera, eta bertan agurtuko dira parte‐hartzaile guztiak.
 
Ez dute lehen aldia gure artean
Nabarmentzeko da parte hartuko duten kanpoko hiru taldeak ezagunak direla Legazpin, lehenago ere izanak baitira gurean, Alaitasuna Errondailak ekarrita. Haatik, denek elkarrekin joko duten lehen aldia da.
 
Altsasuko Trasteando taldeak, esaterako, kontzertua eskaini zuen, Latxartegi Aretoan, 2013ko maiatzeko Santikutz jaietan. Ordiziako Laguntasuna taldea, berriz, 2013ko Agorreko Santikutzetan izan genuen Legazpin. Azkenik, legazpiarrok 2014ko maiatzeko Santikutzetan izan genuen Lizarrako Guilauband entzuteko aukera, Euskal Herria plazan.
 
Ekitaldi ugari, urteurrena ospatzeko
Bestalde, urteurrenaren aitzakian, taldeak CD bat eta bere historiaren berri jasotzen duen liburu bat kaleratzeko asmoa ere badauka. Eta nola ez, urtea amaitu bitartean egingo dituzten ekitaldietan ere toki berezia izango du urteurren ospakizunak.
 
Legazpiko Udalak ohikoa baino laguntza ekonomiko handiagoa eman dio aurten Alaitasuna Errondailari, 50. urteurreneko ekintza bereziak antolatu ahal izateko.

Albiste guztiak