pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Sarean, baina erabat berrituta
10
Urr
2014

Sarean, baina erabat berrituta

Webgune berri, dinamiko eta intuitiboa

Legazpiko Udalak webgune berria dauka martxan, uztailaren 1az gero. ACV Multimedia enpresak gauzatu du programazio lana, eta Udaleko Karmele Arruebarrena informatikaria eta praktiketan aritu den Irati Perez arduratu dira edukia landu eta kudeatzeaz. “Webgunearen helburu nagusia Udaleko albisteak lehen eskutik bideratzeko tresna izatea da. Komunikazio tresna garrantzitsua da gaur egun; horrenbestez, ezinbestekoa da argia, dinamikoa eta azkarra izatea”, azaldu digute Komunikazio Sailetik. Helburu hori lortze bidean, atari intuitiboagoa egiten ahalegindu dira; alegia, edukiak erabiltzailearen ikuspegitik antolatuta izango dituen webgunea. Era berean, lehen baino askoz ere dinamikoagoa da, eta hizkuntza aldetik ere samurragoa, gaur egunekoagoa. “Hurbileko hizkuntza erabili dugu, ez hain ofizial eta serioa”, adierazi dute.

 

Bestalde, webgunea gailu mugikorretara egokitutakoa da; hartara, sakelakoetatik eta parekoetatik sartu ahal izango da bertara, atariaren itxura gailura egokituta. Azken batean, ahalik eta baliabide gehien txertatu dituzte, herritarren parte-hartzea bultzatzeko asmoz. Hurrengo pausoa sare sozialetara jauzi egiteaizango da, “guztion artean informazioak partekatu ahal izateko”.

 

Itxura garbia dauka webgune berriak, eta informazio guztia lau atal nagusitan dago banatuta: Bizi, Ezagutu, Zure Zerbitzura eta Udala. Hasierako orriko goiko atal mugikorrean, Udalak berak nabarmendu nahi dituen edo erabiltzaile gehien dituzten atalak daude. Orri horretan, bada lehengo webgunetik asko aldatu den beste ezaugarri bat ere: “Lehen, apenas zegoen argazkirik. Orain, berriz, argazkiak izango dira nagusi. Albiste bakoitzak bere argazkia dakar, eta nola albisteak hala dagozkien argazkiak etengabe eguneratzen joango dira”. Hala, informazioa modu grafikoan helaraziko duten argazkiz lagundutako albisteak izango dira orrialde nagusiko protagonistak.

 

Parte-hartzea sustatzeko asmoz

Kexek eta iradokizunek era badute tarterik: Idatzi Udalari atala. “Herritarrek euren iritzia emateko aukera izango dute, eta Udaletik erantzuna jasoko dute. Informazioa bi norabidekoa izatea bilatu da, parte-hartzea sustatzea, eta nolabait erakustea Udalak baduela prestutasuna herritarrei entzuteko eta haiekin harremanetan egoteko”, azaldu dute.

 

Webguneak hainbat berrikuntza izango ditu edukietan. Agenda 21eko Foroaren txokoan, esaterako, on-line foroa gehitu da. Bertan, hurrengo foroan landuko duten gaiaren inguruko galdera bat egingo da, norberak bere ekarpenak egin ahal izateko. Foroan bertan, ekarpen horiek landuko dituzte. Eta aplikazioaren erabilera egokia bermatzeko, disqus sistema baliatu dute.

 

Agenda ere berrituta ageri da. Ekintza guztiak motaren arabera koloreka sailkatuta daude, eta ekintza bakoitzaren argazkiak txertatuko dira. Agenda bera egutegi bidez ikusteko aukera ere izango da. Eta aurrenekoz, argazki galeria sortu dute. Hala, ekitaldi publikoetako irudi galeria jarri du Udalak herritarren eskura. “Argazkiak ikustera jende asko sartzen dela ohartu gara”, nabarmendu dute.

 

Aldaketak aldaketa, betiko helbideari eutsi dio: www.legazpiko-udala.info. Dena den, Udalak dagoeneko egin du .eus domeinua erabiltzeko eskaera, eta ahal bezain pronto egingo du aldaketa.

Albiste guztiak