Olentzero eta Mari Domingi Mirandaolan zure zain!

Azaroaren 8tik abenduaren 23ra, Mirandaolako parkea Gabonetako magia familian bizitzeko lekurik onena bihurtuko da. Eta abenduaren 19an eta 20an, Legazpirentzat bakarrik.
Badakizu zergatik jaisten den Olentzero menditik opariz beteta? Edo zer gertatu zitzaion Napoleon astotxoari? Erantzunak Legazpin aurkituko dituzu udazken honetan. Lenbur Fundazioak berriro antolatu du «Olentzero eta Mari Domingi Mirandaolan», denboraldiko familia-plan berezienetako bat.
Abentura Euskal Burdinaren Museoan hasiko da. Han, ipuin-kontalari batek Olentzeroren abestia kantatuz ekingo dio saioari, eta abestiari tiraka, txikiekin batera argituko du zer den ikatza, nork egiten duen eta zertarako balio duen. Mari Domingi ere ezagutuko dugu: emakume jakintsua, basoaren sekretu guztiak dakizkiena, eta loreekin eta landareekin ukendu magiko bat prestatzen duena bere lagun Burdintxoren erredura sendatzeko.
Eta istorioa unerik zirraragarrienean dagoenean… Burdintxo bera agertuko da! Olagizon txikiak haurren laguntza beharko du Olentzero eta Mari Domingi aurkitzeko. Denok batera abiatuko gara haien bila, Mirandaola Burdinolara iritsi arte, garai bateko benetako burdinola batera. Han iritsiko da, azkenean, une handia: Olentzero eta Mari Domingirekin egotea, argazkiak ateratzea eta gutuna ematea. Eta berotzeko, Burdintxok gaztainak erreta izango ditu burdinolako labean.
Abenduaren 19a eta 20a: Legazpirentzat gordetako egunak
Ez dugu nahi Legazpin inor geratzea esperientzia hau bizi gabe. Horregatik, abenduaren 19a eta 20a herritarrentzat gordeta daude, oraingoz. Bi egun horietako sarrerak telefonoz erosi behar dira.
Hartu oharra
- Non: Euskal Burdinaren Museoa eta Mirandaola Burdinola, Mirandaolako parkea (Legazpi)
- Noiz:
- Azaroa: 8, 14, 15, 21, 22, 28 eta 29
- Abendua: 5, 6, 7, 8, 12, 13, 19, 20 eta 23
- Txandak: 10:00, 11:00, 12:00, 13:00, 15:00, 16:00, 17:00, 18:00 eta 19:00. 18:00etako edo 19:00etako txandan bazatoz, ez ahaztu linterna
- Hizkuntza: euskara. Gaztelaniazko saioak: azaroaren 21ean (12:00 eta 13:00), abenduaren 6an (10:00) eta abenduaren 23an (10:00)
- Prezioa: 9 € pertsonako (2 urtetik aurrera)
- Sarrerak: online bakarrik, www.e-lenbur.com webgunean (abenduaren 19an eta 20an izan ezik, telefonoz). Sarrerak bisita egunean bertan jaso behar dira, faktura aurkeztuta.
Ikastetxearekin, guraso elkartearekin edo beste elkarte batekin zatoz?
Lanegunak ikastetxeentzat daude pentsatuta. Guraso elkarteek txanda oso bat erreserba dezakete, eta elkarteek Lenbur Fundazioarekin harremanetan jar daitezke, erreserba egin aurretik, aukerak kontsultatzeko. Eskaria handia bada, astegunetan txanda berriak ireki litezke: eman izena Lenburren webgunean abisua jasotzeko.
Eguna borobildu nahi? Lenburrek bisita hau beste batekin uztartzea proposatzen du: Legazpiko 50. Hamarkadako Eskolarekin edo Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoarekin.
Informazio gehiago
- Lenbur Fundazioa: 943 73 18 95 ·
This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. - Mirandaolako Turismo Bulegoa: 943 73 04 28 ·
This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. - Sarrerak erosteko: www.e-lenbur.com
- Informazio osoa