Azaroan Musika. Maite ditut maite gure bazterrak, azaroaren 1ean, 12:30ean Latxartegi Aretoan

Nork ez du maite bere herria, bera bizi deneko ingurua? Bertan, sentipen hala nola bizipenik samurrenak gozatu ditugu, hantxe itxuratuz joan gara gure iruditeria sentimentala. Proiektu honen helburua horixe da: guk horren kutun eta maite dugun herri-grin horixe emanaldira datorren ikusleari helaraztea, batez ere horren samurki gozatzen duguna haiek ere goza dezaten.
Proiektu honetan, bidaide eta eskuhartzaile ezberdinak daude:
- Santikutz Abesbatza
- Josu Altzelai, argazkilaria
- Pello Ramirez, musikaria
- Andoni Salamero, olerkaria
Mentura honetan esku hartzeko, ezinbestekoak diren bi gauza aintzat hartu dira: batetik, Legazpi herriaz jardunez, irudimenaz baliatuz, maite ditugun Legazpiko hainbat txokoren ibilbidea itxuratu dugu. Bestetik, leku horiek kontuan hartuta, toki horiekin zerikusia leukaketen kantuak osatu dituzte.
Irudimenaren bidez, abesbatzaren ahotsez, txeloaz, prosa poetikoz idatzitako gidoiaz, argazki ederrez, zein hitzez giroturiko kontakizunaz baliatuz, Legazpi herrian igarotako une bereziez, jardungo gara-Santa Ageda, Errege Eguna, San Juan, Santa Zezilia, Santakutz Jaiak….- Irudiei gagozkiolarik, Josu Altzelairen lana ezinbestekoa izan da, geuk musikaz eta hitzez irudikatu nahi genuen huraxe argazki eder eta zehatzetan agertzerako orduan. Pello Ramirezen, txelo jolearen, musikak, hala nola, Andoni Salameroren poesiak edertzen eta aberasten dute emanaldia bera haien ekarpen oparoa eginez.
Santikutz Abesbatzaren kasuan, ohartu behar gara, lan itzela egin duela eta egiten diharduela herriko talde bezala, 1958.urtetik hor jardun da, bere sormena, irudimena eta egite ona nonahi agertzen, gozatzen eta gozarazten. Egun, Marian Lasak dihardu zuzendari gisa, eta 30 urte bete ditu abesbatzarekin, benetan, txalotzekoa bere etengabeko ahalegina. Bai Mariarentzat hala nola abesbatzarentzat ere aurtengo zikloa bereziagoa izango da, elkarrekin 30 urtetan aritu baitira.
Herria maitatzeko era asko dauden bezala, ezinbestez, geu garena gure pentsamendu, sentimendu, portaera eta ekitez eraiki dezakegu, eta ARTEA zein SENTIBERATASUNA hori bideratzeko bide egokia dela sinesten dugulako, berori plazaratu nahi genuke azaroaren 1ean, Latxartegi Zineman, eguerdiko 12:30ean. Ekintza horixe erditu eta plazara dezagun elkarrekin, gure herri izana zabalduz.
Sarrera librea tokiak bete arte. Aretoko ateak 12:00etan irekiko dira.